Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Bizigiro «Beganismoa ez da moda bat, jarrera politiko bat baizik»

Publizitatea

Bizigiro

ATZEKOZ AURRERA. Nekane Juanes. Askekintzako kidea

«Beganismoa ez da moda bat, jarrera politiko bat baizik»

Donostian janari guztia begetala duten jatetxeen gida aurkeztu du Askekintza elkarteak. Juanesek azaldu du beganismoa hedatzen ari dela pixkanaka, eskaria dela eta.
Argazkia: ASKEKINTZA ELKARTEA

2016-07-01 / Ainhoa Zaragueta Lasa

Beganismoak zabalkunderako pauso txiki bat egin zuen aurreko astean Donostian (Gipuzkoa). Askekintza elkarteak Donostiako jatetxe begetariano eta beganoen gida aurkeztu zuen, eta han egon zen Nekane Juanes (Oiartzun, 1987) elkarteko kidea. Beste kideekin batera, Donostiako tabernetan eta jatetxeetan ibili da Juanes gida hori sortzeko eta eskari beganoari erantzuteko.

Beganismoa berritzat dute askok. Zer-nolako harrera dute horrelako egitasmoek?

Gure elkarteak gida beganoaren aurkezpena egin zuenean, oso arrakastatsua izan zen. Oso harrera beroa jaso dugu, eta jendeak interes handia agertu du. Elkartean egunero jasotzen ditugu mezuak beganismoari buruzko galderekin eta elkartearen ekintzen inguruan.

Beganismoaren inguruko aurreiritzi asko daude?

Gaiaren inguruan ezjakintasun handia dago, eta askotan esan ohi da beganismoa ez dela dieta osasuntsua. Edonola ere, beganismoaren inguruan ulertu behar den kontzeptu oinarrizkoenetako bat da ez dela dieta bat. Beganismoa ez da moda bat, jarrera politiko bat baizik. Animaliak jateko ez diren pentsamendutik abiatzen da; gure maila berean daude animaliak, eta bizi egin nahi dute.

Entsalada soilik jaten duzuela esaten duenik ere bada.

Badirudi animaliak kenduta ez dagoela ezer jateko, eta gezurra da: gauza asko daude jateko, eta, askotan, beganismoak beste jaki batzuk ezagutzeko aukera ematen du. Oinarrizkoena informatzea da.

Ez da lan makala beganismoa jendeari ulertaraztea. Zergatik ez da gizartean gehiago ezagutarazten?

Gure gizarteak eta kulturak animalien gainetik gaudela erakutsi digute beti. Industriaren zati handi bat animaliak erabiltzean oinarritzen da, eta, ondorioz, ez zaio interesatzen horri aurka egitea. Gure elkartekook jendeari hori erakusten saiatzen gara, eta liburuak, dokumentalak, filmak eta abar gomendatzen ditugu.

Zaila da beganoa izaten hastea?

Beganismoa ez da zeure buruari inposatzen diozun jateko modu bat. Norberak sentitzen duelako egiten da; ez zaitu inork behartzen. Kasu batzuetan, elikadura estiloa aldatzeko beharrak egoten dira, eta inposatuak dira. Baliteke hasieran zailtasunak edukitzea, elikadura aldatzeak eta ohitzeak denbora eskatzen duelako. Hala ere, geroz eta eskaintza handiagoa dago, eta errazagoa da beganoa izatea.

Beraz, ez da zaila elikadura hori izatea.

Ez, ez da zaila. Askekintzakoek errezetak jartzen ditugu Facebooken, eta erakusten saiatzen gara elikatzeko modu hau ez dela zaila, ezta garestia ere. Beganoek sukaldaritzaz asko jakin behar duten ustea ere badago. Eguneroko elikadura erraza eta goxoa izan daiteke.

Jatetxeak prest daude menu begetalak eskaintzeko?

Gida hau egiterakoan konturatu ginen jatetxe eta taberna askok, nahiz eta janari begetala izan, ez zutela horren berririk ematen. Ondorioz, menu horretan interesatuta gaudenok ez gara horretaz jabetzen. Gaur egun, irekitzen diren jatetxe berriek menu begetalak eskaintzen dituzte. Geroz eta eskari handiagoa dagoenez, nabaria da sektorean konturatu egin direla.

Zer gomendatuko zenioke begano hasiberri bati?

Informatzea oso garrantzitsua dela eta badirela trikimailuak etxetik kanpo ere osasuntsu eta ondo jateko. Jatetxearekin aldez aurretik harremanetan jartzeak eta menu begetala eskatzeak, esaterako, asko laguntzen du.

Pausoz pauso joan da elkartea. Zein ibilbide egingo du egitasmo honek?

Jasotako harrera ona ikusita, gidaren asmoa da urtero pixkanaka berrituz joatea, eskaintza begetala handituz doan heinean. Gidari esker, espero dugu bai jatetxeek eta bai jendeak guregana jotzea, eskaintza ahal den moduan zabaltzeko. Gure helburua da gizarteari helaraztea beganismoa bizimodu bat dela, elikatzeko modu bat izateaz gain.

Publizitatea

Sortu kontua

Informazio osagarria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak