Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Bizigiro «Ahazten joan dena berreskuratzen dut»

Publizitatea

Bizigiro

ATZEKOZ AURRERA. Maite Ortega. Brodatzaile eta collage egilea

«Ahazten joan dena berreskuratzen dut»

Lorategi berri bat ekarri du Ortegak Bertizko Parkera. Koloretako hariz eta paperezko lorez eta hostoz dago egina. «Aretoaren barruan sartu nahi nuen lorategia, naturan murgildu».
Argazkia: JAGOBA MANTEROLA/ ARGAZKI PRESS

2016-07-26 / Sara Muerza

Oroitzapenak iraganaren arrastoak dira. Norbait edo zerbait orainaldira ekarri nahi denean etortzen da norberarengana. Maite Ortegak (Murtzia, Espainia, 1989) ahanzturatik salbatzen ditu une oro. Ezagutzen dituenak eta erabat ezezagunak zaizkionak. Aspaldiko argazki bat hartu, eta hark ernarazten dizkion gogoetak eta sentsazioak brodatu egiten ditu irudi eta collageetan. Bere obran, lehen begiratuan ikusten ez dena adieraztea bilatzen du, «harago doan zerbait, magikoa». Dorotea Fernandez eta Pedro Ziga XX. mendeko Bertizko Jaurerriko (Nafarroa) jabeen argazkiak brodatu ditu, eta Lorategi bat lorategian erakusketan bildu ditu jauregian bertan. Irailaren 4ra arte egongo da irekita erakusketa.

Oroimena berreraikitzea, ahaztutakoa erreskatatzea... Zein gaik dute pisu gehien zure obran? Zerbait berezirengatik?

Denboraren poderioz ahazten joan den zerbait berreskuratzea gustatzen zait, norbaitentzat garrantzitsua izan zelako. Argazki bateko pertsonak edo objektuak beste bizitza bat izan dezake, orainaldiaren parte izan daiteke.

Sean Mackaoui artista anglo-libanoarraren tailer batean izan zenuen lehenengo kontaktu zuzena collagearekin. Zertan lagundu zizun esperientzia hark?

Tailer hartan paperarekin bakarrik egin nuen lan; lehen aldia zen niretzat; material batean bakarrik ardaztu nintzen lana egiteko. Bide berri bat izan zen niretzat, ohartu nintzelako gogoko nuela argazki zatiak ahalik eta modu samurrenean elkartzea, irudi txiki horiek antzematea.

Obra batean ideia bat baino gehiago sortzea bilatzen duzu, ala zerbait bereziki nabarmentzea?

Argazkia brodatzerakoan, jatorrizko irudiak iradokitzen didanari erreparatzen diot, eta ikusten denaz harago zer esaten didan bilatzen dut. Kolorezko hariekin esku hartzen dudanean, ikusten ez dena nabarmendu nahi dut. Nahiz eta bertan zerbait ez egon, nik ikusgarri egin nahi dut. Collagean, eskura dudan materialaren mamia ateratzen dut, eta zerbait zehatza gailentzera mugatzen naiz.

Aspaldiko argazkiekin eta zuri-beltzeko postalekin lan egiten duzu. Zergatik? Zerk bultzatzen zaitu horiek aukeratzera?

Iraganaren gaiarekin du lotura, ahanzturarekin: iragana eta argazkiko pertsona berreskuratzea; zergatik dagoen hor, familiak zergatik ez duen maite, zergatik galdu den...

Non aurkitzen dituzu laneko materialak? Zoriaren emaitza da horiek aurkitzea?

Gai zehatz bat eskatzen duten serieetan bilaketa jakin bat dago. Batzuetan, jendeak argazkiak oparitzen dizkit, eta, beste batzuetan, ditudan argazkiak begiratzen ditut irudi zehatz bat topatzeko. Prozesua ere alderantziz joan daiteke: argazkiak ditut, batek atentzioa ematen dit, zerbait iradokitzen dit eta horren inguruan lanean hasten naiz.

Animalia babesa seriean, brodatuaren bitartez animaliak babestutako ume ezezagunen argazkiak landu zenituen. Ba al du harremanik Landare babesa-rekin?

Bai, Animalia babesa berrogei pieza ziren; gero, Landare babesa hasi nuen: naturak emakumeak babesten ditu. Brodatuak, oraingoan, zuhaitzak eta loreak dira. Bilaketa emakumeen inguruan ardaztu dut.

Errazagoa zaizu lan egitea argazkiko pertsonak ezagunak dituzunean, ala askeagoa zara ezezagunak zaizkizunean?

Askatasun handiagoa ematen dit ezezagunak izateak. Nire familiako seriean kostatzen zitzaidan aldaketak egitea. Ezezaguna zaidanean argazkiak iradokitzen didanarekin jolasten naiz. Ezaguna denean, berriz, ardura handia da, baita enkarguak jasotzen ditudanean ere; izan ere, ez dut gauza iraingarririk egin nahi, baina baliteke pertsona horri bestelako sentimenduak sorraraztea.

Oroitzapen organikoak seriean, organoak nabarmentzen zenituen irudietan. Zer transmititu nahi izan zenuen?

Bizitzara itzultzea. Organoak bizitza ematen diguten atal fisikoak direnez, haien bitartez pertsonak eta oroitzapenak berreskuratu nahi nituen, haiek berpiztu. Bihotza, burmuina eta sexua ziren bereziki; hau da, ezagutzaren, maitasunaren eta ugalketaren ikurrak.

Bertizko Jaurerriko jabeak naturazaleak ziren, eta hura babestu eta zaintzearen aldeko apustua egin zuten. Zuk ere konexio hori sentitu duzu. Nola islatu duzu haien argazkietan? Parkeko natura erakutsi nahi izan zenuen erakusketan?

Bat egin dut jabeek naturarekiko sentitzen zuten maitasunarekin, eta hori islatu dela uste dut. Erakusketan asko dago parkeko zuhaitzez: haritza, likidanbarra, hagina, ginkgoa... Haritzak esanahi asko du niretzat, baita hemengo inguruarentzat ere; oso zuhaitz magikoa dela uste dut.

Publizitatea

Sortu kontua

Informazio osagarria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak