Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Bizigiro «Maite dut haurren freskura; irekiak dira»

Publizitatea

Bizigiro

ATZEKOZ AURRERA. Amaia Hennebutte. Idazlea, ilustratzailea eta antzerkilaria

«Maite dut haurren freskura; irekiak dira»

Senari jarraituz sortzen ditu obrak Hennebuttek. Haurrak dira haren publikoa, baina uste du helduek ere plazer har dezaketela bere lanekin. Haurrentzako liburu anitz idatzi eta ilustratu ditu.
Argazkia: ISABELLE MIQUELESTORENA
Arteari denbora osoa eskaintzeko, irakaskuntza alde batera utzi zuen Amaia Hennebuttek (Miarritze, Lapurdi, 1972). Haurrentzako liburuen idazle eta ilustratzailea da, baita Kiribil konpainiako kide ere. Donostia 2016k, Donostia Kulturak eta Euskal Kultur Erakundeak antolatutako Kimu programan hautatuetako bat izan zen. Haur eta gazteentzako arte eszenikoetan trebatzeko beka bat da. Larunbatean Senperen eginen duten Liburua Familian jardunaldietara gonbidatu dute.

Zer eskainiko duzu Senperen?

Galdetu dit antolatzaileak, idazle eta ilustratzaile gisa parte hartzeko. Kiribil konpainiak ere ikusgarri bat egingo du. Lodi Kroko, nik eginiko liburua, haurrekin landu dut, arduradunak hala galdetuta, eta erakusketa bat eginen dugu haurren lanekin. Gero, idazle gisa, nahi dute hor egotea egun osoan.

Idazle gisa zer eginen duzu?

Uste dut presentzia dela garrantzitsua. Haurrentzat biziki inportanta da idazle bat ikustea. Ni oroitzen naiz Baionako ama eskolan eta lehen mailan arribatu nintzela, eta neska batek ez zuen sinesten ni nintzela. Inportantea da haurrentzat ikus dezaten idazlea pertsona normal bat dela. Gero, azkenik, programan dugu Lapiñu Maleta, atera dudan azken liburua. Lapiñuk bere abenturak kontatzen ditu. Eta konpainiarekin asmatu dugu gauza sinple bat, kontaketa animatu bat. Gauza interaktibo bat da. Baina ttipi-ttipientzat da, sei hilabetetik goiti, hiru edo lau urte arte.

Zer motatako ikusgarriak sortzen ditu Kiribil konpainiak?

Haur ikusgarriak sortzen ditugu, baina haur ikusgarri bat ez da haurrendako bakarrik. Mezua sortzean, haurrengan pentsatzen dugu. Ez du erran nahi sinplea denik. Heldu batek plazera bildu behar du. Azkena Iz da. Obra abstraktu bat da, zinez. Ez da kondairarik. Aldiz, sekulako arreta galdetzen diegu haurrei. Hastapen guztia biziki minimalista da, eta gauza gutxirekin. Isiltasunean sartzen gara, eta haurrak gauza gehiago jakin nahi du. Poetikoa da. Kiribilek ez ditu sortuko ikusgarriak 300 haurrentzat, musika azkarrarekin. Ez gara, batere, horretan.

Helburu pedagogikoarekin egiten duzue?

Ez da pedagogikoa, baizik eta artistikoa. Sentitzea zerbaiti begira. Begiratu ahal duzu landarea, eta sentipen bat bildu horrekin. Txori bat pausatuko da, belarria luzatu, begiak ireki, eta ohartuko zara jada hor badirela gauza anitz. Gehiago horretan gara, eta haurrak horretan dira. Eurak, berez, biziki presente dira, eta dena hartzen dute.

Eta liburuei dagokienez?

Ez dut batere helburu pedagogikorik. Barnetik ateratzen zaidanarekin funtzionatzen dut. Batzuetan oihal puska batek zerbait sortzen dit eta hortik abiatzen naiz. Beste batzuetan hitz jokoetatik.

Testu antzerkia egiten duzue?

Dependitzen du. Azken sorkuntzan, Iz, kokatu gara izakiaren sorreraren aitzin,eta, beraz, hizkuntza sorreraren aitzin. Unibertsoa nola sortu den kontatzen dugu. Hastapenean maskara bat badut, eta ez dakigu sobera zer naizen. Bilakatzen noa, eta, poliki-poliki, hizkuntzara goaz, harekin elkartu arte. Bukatzen dut olerki bat erranez euskaraz. Pieza horretan hizkuntza gutxi entzuten da.

Irakaskuntza utzi zenuen, liburuez eta antzerkiaz arduratzeko.

Andereño gisa hasi, eta segidan hasi naiz liburuak idazten eta ilustratzen txikientzat. Otso trilogia, adibidez, Chimeres konpainiak antzeztu zuen. Bikaina izan zen. Urtean bi edo hiru aldiz joaten nintzen Parisera edo Bordelera dantza edo clown ikastaroak egitera. Gero, pentsatu nuen konpainia muntatzea. Lanaldi erdian hasi nintzen andereño gisa. Iaz, Kimu deialdia izan zen, eta hautatua izan nintzen. Sekulako urtea pasatu dut bai irakasle gisa, bai ikusgarriak egiten hainbat lekutan, bai formatzen. Aski da batzuek konfiantza pixka bat ematea, bultzadatxo bat. Orduan, osoki nahi izan dut horretan aritu. Orain, Iz sorkuntzak harrera ona du. Hego Lapurdiko hiriguneak eta Biarritz Culturek sustatu dute. Beraz, hautu bat egin behar izan nuen.

Beti haurrentzako edukiak sortzen dituzu?

Maite baitut haurren freskura. Biziki irekiak dira haurrak, eta, adinean jaitsiz, oraindik irekiagoak dira. Helduek ez dituzte oraindik kutsatuak. Prest dira dena errezibitzeko; baina ber momentuan ez badute maite, adieraziko dizute.

Digitalizazioak eraginik ba al du haurren liburuen sorkuntzan?

Bai, baina ohartzen naiz haurrek haien tresnak izan arren, anitz maite dituztela liburu ilustratuak. Beraz, uste dut iraunen dutela, liburuek baino gehiago gainera. Hemen, sentsibilizazio bat dago artearekin. Hegoaldea askoz berantago hasi zen albumak sortzen, 1990eko hamarkadan. Baina, hemen, 1970eko hamarkadan jada egiten ziren liburu ilustratu landuak.

Publizitatea

Sortu kontua

Informazio osagarria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak