ATZEKOZ AURRERA. Fernando Gonzalez. Fisikaria

«Ordenagailu kuantikoa sortzeko hamar urte falta dira»

Lehendabiziko ordenagailu kuantikoa sortzeko lasterketa hasi da. Gonzalezek nabarmendu du mota horretako ordenagailuek «askoz ahalmen» handiagoa daukatela arruntek baino.
JAGOBA MANTEROLA/ ARGAZKI PRESS

Iñaki Berastegi -

2016ko abenduak 28
Hitachi enpresa japoniarrak Londresko Cambridge Unibertsitatean duen laborategian egiten du lan Fernando Gonzalez fisikariak (Iruñea, 1985). Ordenagailu kuantikoen prozesatzaileen nukleoetan dauden bit kuantikoak sortzeaz eta probatzeaz arduratzen den lantaldearen parte da. Benetako «ahalmena» duten bertsioak sortzeko hamar urte falta direla uste du. Gabonetan etxera bueltatu, eta Ordenagailu kuantikoak. Unibertso paraleloekin kalkulatzeko artea izenburuko hitzaldia eman du Iruñeko Planetarioan.

Ordenagailuez ez dakien norbaiti nola azalduko zenioke zer den ordenagailu kuantiko bat?

Lehenik eta behin, esan behar dugu ordenagailu kuantikoak oraindik ez direla existitzen, eta guk erabiltzen ditugun ordenagailuen ezberdinak direla. Izan ere, ordenagailu normalek sistema bitarra erabiltzen dute; bitak 0 edo 1 posizioetan egon daitezke. Ordenagailu kuantikoek, ordea, bit kuantikoak erabiltzen dituzte, eta horiek, 0 eta 1 posizioetan ez ezik, 0 eta 1 posizioen arteko konbinazio guztietan ere egon daitezke. Ordenagailu batek baino askoz ahalmen handiagoa dauka.

Zein da ordenagailu kuantiko baten abantailarik nabarmenena?

Sistema kuantikoak simulatu daitezke. Amoniakoaren molekularen kasuan, adibidez, energia asko xahutzen da molekula hori sortzeko, beharrezkoa den erreakzio kimikoa lortzeko. Ordenagailu kuantiko batean, amoniakoaren molekula birsor genezake, eta, horrela, jakingo genuke nola egin daitekeen erreakzio hori era eraginkorrean.

Zein alorretan ekarriko ditu onurak ordenagailu kuantiko bat sortzeak?

Lau alorretan bereziki: material berriak sortzen lagunduko du; giza genoman arazoak azkarrago aurkitzen; Interneteko segurtasuna areagotzen; eta informazioa azkarrago bilatzen.

Interneten erosketak egiteko segurtasuna hobetu dezakete ordenagailu kuantikoek, adibidez?

Bai, segurtasuna bermatzeko erabiltzen den kode sistema hobetuko duelako. Kontu handiz ibili beharko dugu, dena den, mota horretako lehenengo ordenagailu kuantikoa sortzen duena gai izango baita Interneteko kode guztiak deszifratzeko. Gaixotasuna eta sendagaia izango da aldi berean. Hala ere, ordenagailu kuantiko batek ezin du berak sortutako kode sistema deszifratu. Fisika kuantikoaren magia da hori.

Zenbat falta da lehendabiziko ordenagailu kuantikoa sortzeko?

Hitachi, IBM edo Google enpresen lasterketa hasia da jada. D-Wave enpresak aurkeztu zuen prototipo bat, baina, eragiketa oso sinpleak egiten zituenez, badirudi ez duela benetan fisika kuantikoa erabiltzen. Oraingoz, 14 bit kuantiko jarri dira lanean batera, eta benetako ahalmena duen ordenagailu batek 50 bit kuantiko behar ditu aldi berean lanean. Hortaz, hamar urteko lana dugu oraindik aurrean.

Zein da mota horretako ordenagailu bat sortzeko arazo nagusia?

Bit kuantikoek tenperatura oso baxua behar dute ongi funtzionatzeko: tenperatu hotzetan dar-dar gutxiago egiten dute, hori da gakoa. Ingurutik babestu behar dira haien ezaugarriak mantentzeko. Babestuko ez bagenitu, propietateak galdu, eta bit normal bihurtuko lirateke. Zero absolutuaren tenperaturara hozten dugu bit kuantikoen prozesadorea ongi funtziona dezan.

Beraz, itxura aldetik ez dira edozein lekutan ikusten diren ordenagailuen antzekoak izango?

Oraintxe bertan, ezetz esango nuke. Tenperatura oso baxuetan funtzionatzen dutenez, hozkailu itxura duen makina handi bat behar da zenbait prozesatzailetara konektatuta. Ordenagailuak enpresaren batean egongo dira, eta Internet bidez erabili ahal izango ditugu.

Ordenagailuari galdera egokiak egitea ere erabakigarria da. Zergatik?

Ordenagailu kuantikoek arazo oso konplexuak konpontzeko balioko dute soilik. Ordenagailu normalekin konpon daitezkeen arazoak arruntekin konpontzea komeni da, ordenagailu kuantiko baten prozesatzailea motelagoa baita.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna