Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Bizigiro «Medikuntzak humanistagoa izan behar du»

Publizitatea

Bizigiro

ATZEKOZ AURRERA. Jordi Montero. Neurologoa

«Medikuntzak humanistagoa izan behar du»

Min kronikoari buruzko liburua idatzi du Montero medikuak. Arrazoi fisikorik ez daukan mina da kronikoa. Defendatu du gaixoek berdin-berdin sentitzen dutenez kexatzen utzi behar zaiela.
Argazkia: JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS

2017-02-15 / Beñat Alberdi

Minari buruzko Permiso para quejarse (Kexatzeko baimena) liburua idatzi du Jordi Montero neurologo eta neurofisiologoak (Bartzelona, 1951). Ikerketa asko egin ditu minaren inguruan, eta gaiari buruzko artikuluak idatzitakoa da. Baina azken liburuarekin beste pauso bat eman nahi izan du: kontu mediko bat edonork ulertzeko gisan azaldu. Mina biziz emozioek nolako eragina daukaten nabarmendu du liburuan.

Izenburua Kexatzeko baimena jarri diozu. Ez al dizute kexatzen uzten?

Min kronikoa dutenengatik jarri diot izenburu hori. Min zorrotza denok dugu; oina zapaltzen digutenean, esaterako. Baina min kronikoa dutenek ez daukate gaitzik, ez dute arrazoi fisikorik mina izateko. Medikuek eta senideek ez diete sinesten askotan. Horregatik jarri diot izenburu hori. Haiek mina sentitzen dute, eta kexatzeko eskubidea dute.

Arrazoirik ez badute mina izateko, nolatan dute mina?

Gure lana hori ulertzea da. Garuna aztertzeko teknika berriekin aztertu ditugu kasuak. Min zorrotza eta min kronikoa sentitzen dutenek garun funtzio berberak dituzte martxan, eta mina sentitzen dute.

Zuk ba al duzu kexurik?

Sarri kexatzen naiz medikuntza ez dela erien paperean jartzen. Medikuntzak humanistagoa izan behar du. Medikuek eria entzun beharko lukete, haren egoera ulertu, eta emozio laguntza bat eskaini.

Liburuan, mina eta mina bera nola bizi dugun lantzen duzu. Gainera, minari buruz daukagun pentsaera aldatu beharko genukeela defendatu duzu. Zergatik?

Min kronikoko kasuak sortzen dira min zorrotz bat jasan ostean. Emozio arazo bat egon baldin bada tartean, min hori oroimenean iltzatuta gelditzen da.

Mina emozioen harira bizi dugu?

Oroitzapen guztiek osagai emozional bat behar dute. Adibidez, hunkitzen ez zaituena ez duzu inoiz ikasiko. Gainera, emozioak oso osagai garrantzitsuak dira saminen oroitzapenetan.

Triste dagoen pertsona batek okerrago jasango al du mina?

Depresioa daukaten pertsonek min handiagoa pairatuko dute.

Eta pozik bizi den batek ez al du minik sentituko?

Emozionalki egonkorra den pertsona batek arrisku txikiagoa dauka min kronikoa izateko.

Nola bizi beharko genuke?

Nire ustez, eriei zer daukaten azaldu behar zaie; ezin zaie esan ez dutela ezer. Emozio zaintza on bat egin behar da eurekin, serioa.

Bada jendea edozein arrazoi dela medio aspirina hartzen duena...

Min zorrotza, gaur egun, erraz bizi dezakegu. Ez daukagu zertan minik jasan. Baina min kronikoa beste arazo bat da.

Nabarmendu duzu norberak aztertu beharko lukeela kulturak nola hezi duen bere gorputza entzuteko. Nola hezten gaitu kulturak?

Kultura kristau monoteistan mina oso gauza konplexua da. Batzuetan, errudun sentitzearekin lotzen da, eta, beste batzuetan, moralarekin. Horrek guztiak eragina dauka gugan.

Plazeboari buruz ere hitz egin duzu; hau da, nola egiten dion aurre gure garunak minari.

Zerbaitekin fedea dugunean gure buruak sortzen duen sendagai bat da plazeboa. Morfinak eragiten duen leku berberetan eragiten du.

Baina plazeboa erabiltzen al duzue zuen tratamenduetan?

Nire biloba lurrera erortzen bada, bai. Belaunean musu ematen diot, eta nire amonak abesten zidan abesti bera abesten. Berehala pasatzen zaio mina.

Hori irakurrita, jendeak ez ote du zalantzan jarriko medikuengan duen konfiantza?

Ez daitezela arduratu; mediku izateko ikasketa maila izugarria behar da Espainian.

Publizitatea

Sortu kontua

Informazio osagarria

Publizitatea