Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Bizigiro «Saguzarrek asko laguntzen diete batzuek besteei; deigarria da»

Publizitatea

Bizigiro

ATZEKOZ AURRERA. Gloriana Chaverri. Biologoa

«Saguzarrek asko laguntzen diete batzuek besteei; deigarria da»

Saguzarrei buruzko nazioarteko biltzar batean parte hartu du Chaverrik, Donostian. Biologoak nabarmendu du saguzarrak «oso kooperatiboak» direla eta elkartasuna dutela beren artean.
Argazkia: JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS

2017-08-11 / Urtzi Urkizu

Familiako abizenak nondik zetozen ikertzen ari zela deskubritu zuen arbaso euskaldunak izan zituela Gloriana Chaverrik (San Jose, Costa Rica, 1972). «Aurreneko Chaverri Costa Rican 1720. urte inguruan topatu dugu». Herrialde horretan Chaverri asko daude egun.

Zeintzuk dira saguzarrek ingurumenari ematen dizkioten onurak?

Europan ezagunena da intsektuen kontrola, izurria ekar dezaketen insektuen kontrola. Hazien zabalkundean ere egiten dute ekarpena. Zona tropikaletan, saguzarrak asko elikatzen dira fruituez, eta, libratzen direnean, haziak eramaten dituzte. Landareak polinizatzen ere egiten dute lana. Saguzar banpiroak zuhaitz handien azpian bizi dira, eta, libratzen direnean, elikagaiak ematen dizkiete zuhaitzei.

Banpiroekin gizaki asko beldurtu egiten dira literaturaren eta zinemaren eraginez, ezta?

Bai, hala da. Ezin da ukatu saguzar banpiroak zenbaitetan baserrietako abereez elikatzen direla. Abere eta banpiro asko dauden tokietan, gerta daiteke banpiroak gizakien odol bila joatea, baina gutxitan gertatzen da hori.

Zer da saguzarrez deskubritu duzun harrigarriena?

Saguzarrak oso kooperatiboak dira. Saguzar banpiroek, adibidez, koloniak osatzen dituzte. Haietako batek ez badu jan, babeslekura iristen denean, besteek jaten ematen diote. Batzuek besteei asko laguntzen diete, oso deigarria da.

Nola komunikatzen dira saguzarrak beren artean?

Modu askotan. Aztertzen ari naizen komunikazioa soinu bidezkoa da. Babeslekuz egunero aldatzen den espezie bat ari naiz ikertzen: bentosen saguzarra. Hosto batzuk hobi gisa erabiltzen dituzte, hobi horietan sartzen dira. Taldeka aldatzen dira tokiz, eta soinu batzuk egiten dituzte elkarrekin hegan egiteko. Gero, saguzarretako batek babesleku berria aurkitzen duenean, besteei dei egiten die, denak han sar daitezen. Costa Ricako ia inguru guztietan daude saguzar horiek.

Zer dugu gizakiok saguzarrez ikasteko?

Elkartasun handiagoa izatea gure artean, kooperatiboagoak izatea. Zentzumen onak dituzte; ez dira itsuak, ikusten dute, entzumen eta usaimen perfektua dute, eta ukimena ere erabiltzen dute.

Costa Rican zer ospe dute saguzarrek herritarren artean?

Kontzientzia hartzeko ahalegin handiak egin dira komunikabideetan. Ozeano Pazifikoaren hego kostaldea landa girokoa da, eta, auzokideei saguzarrei buruz hitz egiten diedanean, ez dute erreakzio onik izaten. Saguzarrak sarri sartzen dira haien etxeetan, eta jendearen kezka nagusia da haiek nola etxetik atera.

Lurraren klima aldaketa zer eragin izaten ari da saguzarrengan?

Egin duena da zona baxuagoetan zeuden saguzarrak altuago dauden eremuetara eramatea. Banpiroak, adibidez, orain arte eremu baxuetan bizi ziren, baina, klimaren eraginez, toki altuagotara igotzen ari dira. Mendietan gatazkak sor daitezke saguzarren espezien artean.

Turismoaren gaia nola dago Costa Rican?

Gaia konplexua da. Costa Ricara iristen ziren turistak parke naturalen maitaleak ziren, eta eremu babestuen sustapen handia egon zen. Gero, erreserba pribatuak sortu ziren turismoarentzat. Orain, ordea, hotel erraldoiak ari dira eraikitzen kostaldean, eta horrek faunari kalte egin diezaioke. Dortoka batzuek jasan dituzte ondorio kaltegarriak jada.

Parke naturalak ondo zaintzen ari al dira?

Oro har, ez. Parkeen zaindari gutxiegi daude, eta, horrela, zaila da.

Beste bizitza batean saguzarra izango al zinateke?

Saguzar espeziea ondo aukeratu beharko nuke, batzuk gutxi bizi baitira. 40 urte baino gehiago bizi direnetako bat hobe, aukeran.

Publizitatea

Sortu kontua
Urtzi Urkizu Urtzi Urkizu

Informazio osagarria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak