Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Bizigiro Baserritar itxura, egun batez

Publizitatea

Bizigiro

ATZEKOZ AURRERA

Baserritar itxura, egun batez

Eguraldia lagun, zumaiarrak kalera atera dira euskal jaiak ospatzera. Usadioari jarraituz, Zumaiako karrikak baserritar jantziriko jendez eta musikaz bete dira goizean goizetik.
Inpernupeko joaldunak Zumaiako kaleetan zehar, atzo, euskal jaian.
Argazkia: IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS
Zumaiako (Gipuzkoa) herritarrek gorriz markaturik dute egutegian abuztuko bigarren ostirala, atzo ospatu baitzituzten euskal jaiak, eta, eguraldia lagun, giro ezin hobea izan zuten. Zumaiarrek bazuten beldurra ea eguraldiak nolako joera izango zuen. Zorionez, eguzkia hodeien artetik indarrez irten, eta giro epela egon zen herriko erdigunean.

Goizean goizetik, zumaiarrak baserritar jantzi ziren usadioari jarraituz, eta kalera irten ziren familian zein lagunartean. Herriko gazte batek, beste askok bezala, kuadrillakoekin ibiltzea erabaki zuen. Euskal jaiaz ez direla inoiz aspertzen zioen Itziar Elsok. «Guretzat, Zumaiako festetako egunik politenetarikoa da; egun osoan ekintza asko daude, bai ikusteko, baita egiteko ere». Bere horretan, arrazoia zuen Elsok. Iñaki Alzibar-aretxuluagak ere ez zuen nahi goiza eskuetatik joatea. «Egunari hasiera emateko, etxafuegoak botatzen dituzte, eta horrek zirrara pizten digu barnean, horrek ematen baitio hasiera egunari». Lagunartean igarotzeko eguna zela esan zuen Alzibarrek, nahiz eta gazte garaia urruti samar izan. Halere, gazteak nahiz helduak batuko zituen herri bazkaria zegoen 14:30ak inguruan, Beheko Plazan. Biek giro paregabea sortuko zela zioten, eta bai sortu ere. Elsok, ordea, lehen ordutik gaueko planak eginak zituen. «Seguruenik, eguna luzatuko dugu, nahiz eta tabernak beste festetan baino lehenago itxiko dituzten. Halere, seguru nago giro polita sortuko dela».

Euskal jaiaren egitarauari dagokionez, 11:00k inguruan, trikiti doinuarekin batera, dultzainak eta Inpernupeko joaldunak ibli ziren Alde Zaharreko karriketan zehar. Marinelen San Telmo kofradiako parean, gazte zein helduak dantzan ibili ziren, turistek harriturik sakelakoarekin grabatzen zituzten bitartean. Horrez gain, gehienek esku batean zuten pintxoa eta beste eskuan sagardoa edota txakolin botila.

Balkoi batetik bestera

12:00ak aldera, bertsolarien txanda iritsi zen; Kofradiako balkoian, Unai Agirre eta Iker Zubeldia bertsotan aritu ziren, eta lehen koplaldia turismoaren inguruan abestu zuten, hitzetik hortzera, nola ez. Masifikazioa arintze aldera, Urolako trena berriz ere martxan jarri behar zela zioten biek, erdi brometan. Game of Thrones telesaila aipatzea ez zitzaien ahaztu. Zubeldiak, hitz joko moduan, musean edota punttuan jokatzea nahiago zuela zioen, barrez. Bertsolariak abesten zeuden bitartean, herritarrek txaloak eskaintzen zizkieten, noizean behin barre algaraka.

Kofradiatik udaletxera egin zuten salto bigarren eta azken saioa eskaintzera. Lehen saioan bezala, udaletxeko balkoitik bota zizkieten bertsoak Foru plazara bildu ziren herritarrei. Bestalde, taloaren eta txorizoaren usainik ez zen falta, eta ilara luzea sortu zuenik ere bazegoen.

Erdiguneko beste kaleetan zehar, baserriko gaiak erosteko aukera izan zuten hara joan ziren herritarrek eta turistek. Artisautzarekin lotutako postu ugari egon ziren, eta haurrentzako zenbait tailer ere bai: besteak beste, kandelena, saskiena eta euskal ikurrena. Umeak postuetako gizon-emakumeei begira egon ziren, haien azalpenen zain, adi-adi.

Herri bazkaria izan zen eguneko protagonista. Ondoren, sagardo dastatzea izan zen, 19:00ak inguruan, Beti Jai fanfarrearen kalejirak alaituta. Eguna amaitzeko, Ezten Giro taldeak erromeria egin zuen, kofradia aurrean. Eta gero gerokoak.

Zumaiarrek datorren urteko ostirala gorriz markatua dute jada etxeko egutegian.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak