Albistea entzun

DONOSTIAKO ASTE NAGUSIA. Xabier Muñoz. Txistularia

«Euskal musikaren kutsua zabaltzen du kontzertuak»

Aste Nagusia hasi berritan, 37. Txistulari Alardea egin dute Konstituzio plazan. Ohi bezala, Gipuzkoako hiriburuko gertakari historikoak oroitu zituzten hainbat doinuren bidez.
JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS

Xabier Meabe Sarriegi -

2014ko abuztuak 10 - Donostia

Donostiako Aste Nagusian dauden ekitaldien artean, Txistularien Alardea izan ohi da nabarmentzen direnetako bat. 37. kontzertua atzo eskaini zuten Konstituzio plazan Donostiako Udaleko txistulariek, Jose Inazio Ansorenaren zuzendaritzapean. Parte hartzaileetako bat izan zen Xabier Muñoz txistularia (Gros, Donostia, 1954). Eskarmentu handikoa izateaz gain, txistua bera bere bizitzaren parte sentitzen du.

37. Txistularien Alardea izan da aurtengoa. Zeintzuk izan dira berezitasunak?

Kontzertu honen bidez, Euskal Herriko musika, musikariak zein pertsona historikoak oroitzen ditugu, bai eta Donostiako historiako gertakari jakinak ere. Aurten, Euskalerriaren Adiskideen Elkartea erakundearen 250. urteurrena oroitu dugu. Pepe Artola musikari donostiarra ere gogoratu dugu, aurten haren jaiotzaren 150. urteurrena delako. Joxe Uruñuela eta Pablo Sorozabal musikariak ere omendu ditugu, eta, Donostiako Musika Hamabostaldiaren 75. urteurrena ere badela kontuan izanda, gurekin parte hartu dute horko ordezkari batzuek. Bestalde, urtero gonbidatu berezi bat izan ohi dugu; aurtengoa, adibidez, Alex Sardui abeslaria izan da.

Nolakoak izan ziren alardearen hasierako garaiak?

60ko hamarkadan, ohikoak ziren txistulari multzo handiekin egindako alardeak; Donostian, adibidez, plazan egiten ziren, eta Isidro Ansorenak zuzentzen zituen. Gaur egun ezagutzen dugun alardea 1978an egin zen lehen aldiz, ordu hartan Gipuzkoako Txistulari Elkarteko ordezkaria zen Jose Inazio Montesen eskutik. Gogoan dut sekulako jendetza etorri zela gu ikustera. Hurrengo urtean, Montes hil egin zenez, geuk hartu behar izan genuen jaialdia egiteko ardura. Urtero berrikuntzak sartzen baditugu ere, Montesen ideia izan zena gorde dugu.

Kontzertua Aste Nagusiko ekitaldirik garrantzitsuenetakoa da. Zer ematen dio kontzertuak Donostiari?

Euskal musikaren kutsua zabaltzen du kontzertuak, hau da, Aste Nagusiaren hasierako giro euskalduna ziurtatzen du. Inguruan ez dago horrelako ekintza askori, eta alardean parte hartzen dugunok nahiko «aparte» gabiltzala esan daiteke. Parte hartzaile denak euskaldunak gara. Urtero berrikuntzak sartzen baditugu ere, ez dugu ezaugarri hori ahazten.

Zer esan nahi du zuretzat alardean parte hartzeak?

Urtean egiten den eginkizun nagusia da. Plazan txistua jotzea, hain zuzen, futbolari batentzat Katedralean futbolean jokatzea bezala da. Arrazoi asko daude:Konstituzio plazan jotzen dugu, Donostiako Musika Banda ere gurekin egon ohi da, eta Euskal Herri osotik ehun bat txistulari etortzen dira. Horrek guztiak sekulako poza ematen du, parte hartzaile gehienak ezagunak eta lagunak garelako. Jende asko bildu arren, ondo moldatzen gara elkarren artean koordinatzeko.

Zure ibilbidean hainbat sari jasoak dituzu, besteak beste, Hiritar Merezimenduaren Domina eta Euskal Herriko Txistularien Elkarteko Zilarrezko Domina. Zer esan nahi dute sari horiek zuretzat?

Oso eskertua nago bi sari horiengatik; biekin hartu nuen ezusteko handia. Bereziki, oso gertukoa eta etxekoa izan zen elkartekoek eman zidaten domina, neure inguruko jendearen esker ona jaso nuelako. Beti gogoan izango dut.

Nola ikusten duzu txistularitza gaur egun?

Ez da lehen zen bezalakoa. Gaur egun, gazte asko teknikoki oso prestatuta daude musika egiteko, eta ez dute txistulariekin bakarrik jotzen, baita gainontzeko musika tresnekin ere. Dena den, txistulari gisa lan egin badaiteke ere, gaur egungo mugikortasunak zaildu egiten ditu jardueren prestaketak (kontzertuen antolakuntza edota entseguak, adibidez). Bestalde, hamar urteren ostean, Hernaniko (Gipuzkoa) talde batek Txistularien Bakarkako Txapelketa antolatu du, eta horrek esan nahi du txistularitza munduan proiektuak badaudela.

Zeintzuk dira etorkizuneko zure proiektuak?

Nahikoa dugu orain arte egindakoari eusten. Urtero horrelako kontzertua antolatzeko adoreari eutsi beharra dago; beraz, alardearen prestaketari meritu asko ikusten dizkiot. Bestalde, txistularitzaren inguruko beste proiektu batzuetan ere banabil, eta horiei eusteko aukera dugun bitartean, pozik egongo naiz.

Parte hartzen al duzu Aste Nagusiko beste ekitaldiren batean?

Egunero Erraldoien eta Buruhandien Konpartsarekin atera ohi naiz, eta oso ondo pasatzen dut. Festa guztietan bezala, norberak bere ekitaldi kuttunak dauzka. Nik uste dut gozatzeko eta ondo pasatzeko ekitaldi asko daudela Aste Nagusian.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©Iñaki Etxeleku, Ipar Euskal Herriko Hitza

«Besta ez-komertziala izanen da; egiazko hartu-eman bat»

Iñaki Etxeleku, Ipar Euskal Herriko Hitza

Urriaren 31n Arimen Gaua lehen aldikoz ospatuko dute Itsasun, ikastolako eta beste bi eskola elebidunetako haurrekin. Trukea, harremana eta euskal kultura landu dituzte haurrekin.

Jendea Arbonako lur okupatuetan, gaur goizean, Lurrama jaialdiaren hasieran. ©Lurrama Elkartea

Lurrama jaialdia ospatu dute Arbonan

Berria

Kontzertuak, hitzaldi bat eta beste egin dituzte, eguraldia lagun. Arbonan kokatu dute aurten, okupazioari sostengua emateko.

EITBren <em>#Ekin_klima</em> kanpainaren irudia. Klima larrialdiaren inguruko makina bat saio emango dituzte. ©EITB

Klima larrialdiaren gaineko kanpaina bat abiarazi du EITBk

Urtzi Urkizu

ETBk dokumentalak, film laburrak eta saio bereziak emango ditu datozen asteetan

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Informazio osagarria