Albistea entzun

ATZEKOZ AURRERA. Josu Landa. Idazlea

«Poemen beste irakurketa bat egiteko balio dute kantuek»

Miguel Hernandez poetaren poemak errezitatuz eta abestuz emanaldiak eskaintzen ari da Landa. Musikagile askok musikatu dute Hernandez, eta doinu horiek erabiltzen ditu.
JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS

Ilargi Agirre -

2014ko azaroak 13 - Donostia

Gehien musikatu den poeta espainiarretako bat da Miguel Hernandez, eta horretaz baliatu da Josu Landa idazlea (1960, Altza, Donostia). Ezohiko eran ikusi ahal izango da Landa oholtzan: kantuan. Hernandezen poemak errezitatu eta abesten emanaldi sorta eskaintzen ari da. Soraluzen (Gipuzkoa) egin zuen lehen emanaldia, herenegun, eta hurrengoa ostegunean Durangoko (Bizkaia) Hitz liburu dendan izango da, besteak beste.

Musikari bihurtu al zara orain?

Ez, ez, inondik ere ez. Nik besteek sortutako doinuak erabiltzen ditut. Errezitalean abestiak dira, ia gehienak, eta ahots soilez kantatzen ditut. Bederatzi kantu abestu eta bost musikagileren doinuak erabiltzen ditut: Joan Manuel Serrat, Victor Jara, Paco Ibañez, Adolfo Celdran eta Alberto Cortez. Serratek bi disko egin ditu Hernandezen poemekin. Itzulpenean jatorrizkoaren neurria gordetzen zuten poemak hautatzea izan da gakoa.

Nolatan hasi zara abesten?

Tolosan (Gipuzkoa), iaz, Lasa eta Zabalaren inguruko Kareak Erre ez duena ekitaldian kantatu nuen ordurako itzulita nuen poema bat: Tipularen sehaska kanta. Azkenaldian, Soraluzeko Gaztelupe tabernako Jose Felix Azkarate Xarra-k asko animatu nau. Kantua izan daiteke poemez beste era batera gozatzeko modu bat. Areago, poemen beste interpretazio bat egiteko ere balio dute. Niri askotan gertatu zait, baita Hernandezen kasuan ere. Poema bat itzulita eta hogei aldiz irakurrita izan arren, kantua entzun, eta deskubritzea ordura arte ikusi gabeko ñabardura batzuk. Irakurtzea eta kantatzea osagarriak dira, eta biek egiten dute ekarpen berriren bat.

Asko entseatu al duzu?

Bai, noski! [barrez]. Ordu asko sartu ditut, baina gustura. Errezitalari ez diot kantaldia deitu, jendeari erruki pixka bat emateko. Alegia, ez nazaten epaitu kantari gisa. Bestelako saio bat da.

Zein emanaldi gehiago dauzkazu?

Azaroaren 21ean, Donostiako Garoa liburu dendan izango naiz, eta 25ean, Iruñeko Katakraken.

Munduko poesia kaierak egitasmoaren barruan itzuli dituzu errezitalean erabiltzen dituzun Hernandezen poemak.

Bai. Susa argitaletxean aurten abiatu dugu egitasmoa, eta helburua da urtero sei ale kaleratzea. Saltokietan ere badauden arren, harpidetza sistema bidez funtzionatzen dugu, batez ere. 150 harpidedun inguru ditugu.

Zergatik Miguel Hernandez?

Poeta espainolen artean, iruditeria kolektiboan gehien txertatutako bat izango da. Neure buruari jarri nion erronka; ea gai izango ote nintzen itzultzeko. Zaila izan da, baina aldi berean, gozamen hutsa ere bai.

Hernandezen poesia konprometitua al zen?

Espainiako gerran lehen unetik inplikatu zen, hasieran miliziano gisa eta gero komisario kultural gisa. Gerran, poesiari garrantzi handia ematen zitzaion. Irratiz emititzen ziren irakurraldi poetikoak, eta badira argazkiak Hernandez soldaduz inguratuta frontean poemak errezitatzen. Horrek sona handia eman zion, eta herriaren poeta deitu izan zaio. Nik ez nuke esango poesia konprometitua egiten zuenik, soilik. Haren amodiozko poemak izugarriak dira. Kartzelari, goseari... buruz hitz egiten duenean ere beti du goxotasunerako joera bat. Samurtasuna eta gotortasuna kontrajartzen ditu, etengabe.

Errezitatzeko zein modu duzu gustukoen?

Formatu guztiak dira interesgarriak. Ahotsarekin bakarrik, musikarekin lagunduta... Hip hopa ere asko gustatzen zait. Gogoz geratu naiz Hernandezen poema luzeren bat rapean kantatzeko errezital honetan, baina ez naiz gai sentitu.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Zorion eta ilusio eztanda, mantangorriaren milagarrena ospatzeko

Berria

BERRIAk haurrentzako argitaratzen duen Mantangorri gehigarriak mugarria pasatu du: 1.000 zenbaki. Jai batekin ospatu dute eginiko bidea, Txillida Lekun.

Gasteizko liburu zaharren eta bigarren eskukoen azokaren 27. aldia da aurtengoa; Urrezko Zeledonen plazan dago. ©RAUL BOGAJO / FOKU

Iragana, liburu zaharretan jasoa

Unai Etxenausia

XX. mendean idatzitako liburuez gozatzeko aukera dago Gasteizko liburu zaharren azokan. Tokiko eta nazioarteko sei erakusmahai daude guztira, eta ekainaren 5era arte izango dira zabalik.
Ontziak badian sartzen, herenegun arratsaldean. <em>Shtandart</em> ontzia da handiena, eta <em>Piueiro</em> haren atzetik doana. ©ANDONI CANELLADA / FOKU

Lehorreko kresala

Enekoitz Telleria Sarriegi

Hasi da Pasaiako Itsas Festibala. 160 ontzi tradizional baino gehiago daude ikusgai badian, eta bihar arte egongo da handienak bisitatzeko aukera. Itsasoari begira eta itsasoaren bueltan atondu dute jaialdia, ondare horren erreferente bihurtzeko asmoz. Ikusmin handia sortu du bigarren ekitaldiak ere, eta jendetza espero dute asteburuan.

 ©MONIKA DEL VALLE / FOKU

«Sukaldaritza tradizionalean ez zen haragi asko erabiltzen»

Amaia Igartua Aristondo

Sukaldari beganoa da Losada; hau da, bakarrik produktu begetalak erabiltzen ditu bere menuak ontzeko. Animalia jatorriko osagairik gabe jaki «zaporetsuak» egin daitezkeela aldarrikatzen du.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Ilargi Agirre

Informazio osagarria

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.