Albistea entzun

ATZEKOZ AURRERA. Alberto Muro. Argazkilaria

«Etengabe atzematen ditut paisaia berriak»

Euskal Herri osoko argazkiak ateratzen aritu da Muro azken urteetan. Horien guztien bilketa egin du Hector Ortegarekin batera kaleratu duen liburuan: 'Euskal Herria. Historia. Paisaia. Kultura'
LUIS JAUREGIALTZO

Ainhoa Larrabe Arnaiz -

2014ko abenduak 2 - Bilbo

Euskal Herria ezagutzeko gonbidapena da Euskal Herria. Historia. paisaia. Kultura, Sua edizioak eta Elkar fundazioak elkarrekin argitaratu duten liburua. Euskal Herria mapan jarri eta lurraldea edukiz betetzea izan dute helburu. Hector Ortegak idatzitako testuak eta Alberto Muroren argazkiak bildu dituzte horretarako. Bertakoentzat zein bisitarientzat erabilgarria izatea nahi dute, eta, horregatik, euskaraz ez ezik, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez ere argitaratu dute liburua. Paisaien liburu gisa definitu du Murok Bilbon egindako aurkezpenean: «Naturaz gain, giza paisaiak eta kulturalak ere biltzen ditu aleak».

Euskal Herriko ehunka txokotako argazkiak bildu dituzue liburuan.

Sua edizioaren Euskal Herria eta Nora aldizkarietarako lan egin dut azken hamar urteetan. Eta Euskal Herria zeharkatu dut lan horiek egiteko. Horien guztien bilketa eta hautaketa da liburu honetan egindakoa.

Milaka txokotan izan zara. Argazkilari izateaz gain, abenturazale ere izango zara.

Argazkigintzarekin hasi nintzenean lotu nintzaion mendiari ere. Hamabi urterekin izan zen hori. Asko gustatzen zait mendian aritzea, bai. Baina paisaiei antropologiaren ikuspegitik begiratzea gustatzen zait gehien. Toki bat ez da landaredi edota faunaren bitartez soilik ezagutzen. Bertan bizi den jendearen bidez ere ezagutzen da. Paisaia ez du naturak bakarrik osatzen. Eta hori jaso dugu liburuan.

Nola ulertzen duzu paisaia?

Naturaren eta gizartearen arteko harremanetan sortzen dira paisaiak, nire ustez. Naturan egokitzeko, paisaia eraldatu egiten baitu gizakiak. Esango nuke Euskal Herriko paisaien %80 harreman horiek eraldatuta daudela gaur-gaurkoz.

Paisaien degradazioa ikusi duzu nonbait?

Hala da, bai. Euskal Herriaren ardatz atlantikoan gehienbat. Hirigintzaren hedapena izan da antzeman dudan aldaketarik ikusgarriena. Baina Bizkaiko eta Gipuzkoako basoen hondamena da nabarmenena, nire ustetan. Landatutako basoak gailentzen dira lurralde horietan. Eta noizbait pinudi edo baso eder bat zena desagertu egiten da egun batetik bestera. Asko tristatzen naiz horrekin. Uste dut baso politika egoki batekin paisaia osasuntsuagoa izan dezakegula.

Zein da argazkiak ateratzeko gehien gustatzen zaizun tokia?

Lekuak baino gehiago, momentuak ditut gogoko. Lainoaren melankolia maite dut gehien. Magia berezia du behe lainoak niretzat.

Bada bereziki harritzen zaituen tokirik?

Euskal Herria zeharkatu eta ezagutu dut. Baina toki batera noan aldiro, gauza berriak aurkitzen ditut oraindik. Une bakoitzak aldatu egiten du ingurua bera. Etengabe atzematen ditut paisaia berriak, hortaz.

Izan duzu momentu bitxiren bat?

Gogoan dut behin pottoka talde bati argazkia ateratzen ari nintzaiola kameratik antzeman nuela horietako bat ostikoka hastear zela. Baina ez nintzen ohartu niregana zetorrela. Konturatu orduko ferren marka nuen hanketan, kar-kar. Argazkilari lanetan ari zarenean, zeure burua ikusten ari zaren horretatik kanpo dagoela sentitzen duzu.

Euskal Herriko zenbat argazki dituzu artxibategian?

Argazkilari bitxia naiz ni, handitu beharrean txikitu egiten baita nire artxibategia. Milaka atera ditut azken urteetan, baina ezabatu egiten ditut denborak aurrera egin ahala. Noizbait garrantzia dutenek galdu egiten dute geroago. Horrek esan nahi du argazkilari gisa aurrera noala.

Non hartu duzu argazki gehien?

Bizkaian egin dut argazki gehien, Gorbeia inguruan bereziki. Itxina mendigunea oso berezia da niretzat. Bilbon ere argazki asko atera ditut enkarguz. Paisaiari dagokionez, iruditzen zait asko hobetu duen hiriburu bat dela.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

64. World Press Photo lehiaketa da aurtengoa, eta Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean lan irabazleen erakusketa dago. ©ENDIKA PORTILLO / FOKU

Irudiek ere badute zer esana

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria

2021eko World Press Photoko argazkiak ikusteko aukera dago Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxeko ur biltegian, azaroaren 14ra arte. Ikusleen arabera, «hunkigarriak» dira irudi guztiak.
 ©BOB EDME

Murruak hausten dituen arte estriktoa

Ainize Madariaga

Abian da Points de Vue festibala, eta bihar bururatuko da. Aurten zortzi artistak tindatu dituzte Baionako karriketako murruak. Lehen aldikoz, hiritik atera da festibala: Hendaian, Donapaleun eta Urruñan egin baitituzte artista egonaldiak.
 ©RAUL BOGAJO / @FOKU

Gastronomia, bidaien gida

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria

Bi astetik behin helmuga baten berri ematen dute Gasteizko Eatyjet proiektukoek sare sozialetan, eta hiru platereko menu bat osatzen dute. Etxez etxeko zerbitzuari ekingo diote berriro.
 ©THE NORTH WATER

Itsasgizonen handinahia eta kalamitatea

Mikel Yarza Artola

Andrew Haigh zuzendari britainiarrak 'The North Water' telesaila plazaratu du, Artikoa esploratu zuten balea ehiztarien inguruko istorioa

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Informazio osagarria