Albistea entzun

ATZEKOZ AURRERA. Xabier Olarra. Itzultzailea

«Itzultzaileak ezin dio traizio egin egilearen lanari»

«Pazientzia handiarekin» ari da Olarra Joyceren 'Ulises' itzultzen. Hala behar du, «laino artean galdu» nahi ez badu, behintzat. Ongi bidean, aurten argitaratuko du maisulana euskaraz.
MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS

Ander Perez -

2015eko urtarrilak 28 - Iruñea

Askoren ustez, inoizko libururik konplexuenetakoa da James Joyceren Ulises. Xabier Olarrak (Tolosa, 1953) bere egin du hura itzultzeko erronka. Eta «libre» sentitu dela dioen arren, «orain arteko zailena» gertatzen ari zaiola aitortu du.

Zergatik da liburua hain konplexua?

Hemezortzi pasarte dira, eta bakoitzean narrazio teknika ezberdinak erabiltzen dira. Horietako batzuetan hainbat estilo eta hizkeraren pasticheak eta parodiak daude, eta horien guztien ordainak aurkitzea ez da beti lan erraza izaten.

Ekainaren 16 batean hasi zinen lanean, 2012an. Ez da kasualitatea, noski.

Ez, ez da kasualitatea. Egun horrek Joyce zaleentzat duen esanahiarengatik aukeratu nuen Twitterren abisua botatzeko, badaezpada ere: beste norbait lan horretan ari baldin bazen, edo itzuli eta tiraderaren batean gordeta baldin bazeukan, horrelako nekerik hartu beharrik ez izateko. Baina, dirudienez, ez zebilen inor. Eta hala hasi nintzen 2022an bukatzeko asmoz (lehen argitalpenaren mendeurrenerako alegia). Baina epeak aldatu dira.

Joyceren pentsamendua ulertzeko Ulises-en irakurketa asko behar direla diote. Itzultzeko, ziurrenik, are gehiago.

Bai, liburura hurbiltzen denak —eta berdin itzultzaileak— ez badu argitalpen ohardun bat erabiltzen, laino artean galtzeko arrisku handia du. Liburua hain konplexua izanda, itzultzaileak, tontoa ez bada behintzat, oharrak dituzten argitalpenez eta testua argitzeko egin diren lanez baliatu behar du. Bestela, laino baso horretan galdu eta liburua bazterrean utziko du.

Liburua erronka handia da edozein irakurlerentzat. Itzultzaile batentzat, zer esanik ez. Esango zenuke itzultzaile baten lanean gailurra dela Ulises itzultzea?

Zer da gailurra? Orain arte itzuli dudan libururik zailena izatea? Hori bada, bai, hala da. Baina gailurra igotako mendirik altuena izan daiteke, edo dagoen altuena. Modu ezberdinean neurtu daiteke hori.

Itzultzaileak bi nagusi dituela diozu: egilea eta irakurlea. Zein da zorrotzagoa kasu honetan?

Batzuetan, egilea bizi bada, lagungarria izan daiteke harekin harremana izatea (trabagarria ere bai, jarreraren arabera). Eta irakurlea ere beti izan behar da kontuan. Joyce aspalditxo hila denez, izatekotan irakurlea izango da zorrotza. Baina egilea zuzenean begira ez egon arren, itzultzaileak ezin dio traizio egin egilearen lanari. Horregatik, praktikan, egilea zorrotzagoa dela esango nuke.

Egilea, gainera, ez da nolanahikoa: hitz jokoak, egitura kaotikoa, deskribapen landuak... Nola egiten zaio aurre horri guztiari?

Pazientzia handiarekin, eta norberaren aurretik hori guztia argitzen eta erantzun egokiak bilatzen ia mende oso batean aritu direnen laguntzarekin.

Mary Bloomen bakarrizketa itzultzea ere halako lana izango da.

Bai, dudarik gabe, baina ez dirudien bezain neketsua. Liburuan badaude korapilo askoz zailagoak. Molly Bloomen bakarrizketa, puntuazio egokia jarriz gero, nahiko diskurtso ulerterraza da.

Itzulpena egiteko inoiz baino libreago sentitu zarela esan izan duzu. Hala da benetan?

Bai, halaxe sentitu naiz.

Zergatik?

Liburu bat itzultzean, presioa senti dezakezu irakurleen aldetik, ea zer harrera izango duen, ea ongi itzulia dagoen ala ez... Kasu honetan, pentsatu nuen munduan dauden baliabide guztiak erabili beharko nituela eta, azkenean, nik eman beharko niola ahal nuen soluzioa. Alde horretatik sentitu naiz libre.

Irakurleekin partekatu nahi izan duzu itzulpenaren prozesua, txio bitartez. Zer helbururekin?

Abisu bat izan zen batez ere, eta Twitter izango denez, segur aski, Ulises-en itzulpena zatika botatzeko lekurik desegokiena, bada matraka pixka bat eman nahi izan nuen, eta hala bota nituen lehen hiru kapituluak. Gero, lan egiteko denbora kentzen zidala konturatuta, utzi egin nion txioka ibiltzeari.

Noizko izango da prest itzulpena?

Aurten, ondo bidean.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

'Culpa mía' filmeko fotograma bat ©Amazon Prime Video

Bieusek film bat bikoiztu du aurrenekoz Prime Videorentzat

Urtzi Urkizu

Amazonek ostegunean estreinatuko du 'Culpa mía' pelikula, euskaraz ere bai. Gazteentzako fikzio bat da.

 ©BERRIA

«Ez dut ezer aurreikusten; emaitza sortuz noa»

Unai Etxenausia

«Dena zalantzan jarri» nahi izan du Aiesak Gasteizko Montehermoso kulturuneko erakusketa berrian.'Vestirme mal y desvestirme mucho' uztailaren 2ra bitartean egongo da ikusgai.
 ©ALIZIA LOPEZ

«Zuen serio ospe hori ez duzue merezi»

Naroa Torralba Rodriguez

Hiru urte daramatza Diazek Twitchen zuzenekoak egiten. Astelehenetik ostegunera, goizean. Asteburuetan, antzokiak betetzen ditu Se pudrió todo bakarrizketarekin. Larunbatean izan zen Bilbon.

Silfioa izan zitekeen, baina mihilu basatiarena da ilustrazioa, ez baitago silfioari buruzko irudirik. ©BERRIA

Silfioaren enigma

Enekoitz Telleria Sarriegi

Duela bi mila urte desagertu zen landarea da silfioa. Zirenen zuen jatorria, gaurko Libian, eta greziarrek eta erromatarrek erabili zuten medikuntzan, sukaldaritzan, lurringintzan... Urreak eta zilarrak adina balio zuen orduan silfioak. Fermin Jimenez artistak silfioaren historia eta zaporea berreskuratu ditu bere proiektuan: mihilu zaporeko izozki bat sortu du.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Informazio osagarria

Iruzkinak kargatzen...