Albistea entzun

ATZEKOZ AURRERA

Ihesaldia prest dute presoek

Sei eguneko etxeko espetxe zigorra Katakrak kultur gunean betetzen ari dira Sergio Salinas, Julio Villanueva eta Jorge Correa. Azken eguna dute gaurkoa, eta Alkatakraz kartzelatik irteteko ihesaldia egingo dute gauerdian.
Julio Villanueva, Sergio Salinas eta Jorge Correa, Alkatakrazeko <em>kartzelan</em>, atzo.
Julio Villanueva, Sergio Salinas eta Jorge Correa, Alkatakrazeko kartzelan, atzo. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS

Lohizune Amatria -

2015eko otsailak 7 - Iruñea

Zigor ziegan esnatu dira gaur ere Julio Villanueva, Sergio Salinas eta Jorge Correa Boro; Alkatakraz kartzelan. Seigarren eguna dute gaurkoa, azkenekoa. Euskal Jai gaztetxearen okupazioaren 20. urteurrenean pintaketak egiteagatik, sei eguneko etxeko espetxealdira zigortu dituzte. Eta leku berezia aukeratu dute zigorra betetzeko: Iruñeko Katakrak kultur gunea.

Jantzi marradunak soinean eta oinei lotuta girgiluak dituztela, Katakraken bezeroen artean eman dute astea presoek. «Normalean halako zigorrak nork bere etxean betetzen ditu. Guk, aldiz, zigor politiko bat dela ikusarazi nahi izan dugu», azaldu du Villanuevak. Alkatakraz espetxe gisa izendatu dute Katakrak gunea; eta, espetxealdia iraun bitartean, okupazioa eta desobedientzia gaiak lantzeko ekitaldi andana antolatu dute. «Azkeneko larrialdi errepresiboari aurre egin behar diogu. Orain arte gauzak oso oker zeuden, baina hemendik aurrera are larriagoa izango da». Desobedientzia oso tresna baliagarria da, presoen ustez, errepresioari aurre egiteko.

Bizikleta bidezko ginkana egingo dute, gaur 11:30ean, Iruñeko kaleetan. Ondoren, sari banaketa egingo dute, eta jatekoa ere izango da Alkatakraz espetxean. Orain arte, hitzaldiak eta bideo emanaldiak egin dituzte. Atzo, berriz, A ambos lados del muro antzezlana izan zuten; eta aretoa prestatzen pasatu zuten presoek goiz guztia. Detritus margolariaren erakusketa ere ezarri dute goiko aretoan; astelehenera arte izango da ikusgai.

Gauerdian izango da, baina, gaurko ekitaldi nagusia: Alkatakrazko ihesaldia. Kartzelatik nola ihes egin asmatzen ibili dira presoak azken egunotan, eta nondik egingo duten badakite jada. «Kartzelak dituen zoko guztiak ezagutzen ditugu, ihesaldia ikusgarria izango da», aurreratu du Villanuevak irri artean. Umorea baliatuz lortuko dute askatasuna presoek.

Jende askoren babesa jaso dute aste honetan zigortuek, eta pozik daude horregatik. Hala ere, bada haiek ikusi, eta zertan diren ulertu ez duenik ere: «Jendea sartzen delarik pentsatzen du inauterietan gaudela». Janzkerak atentzioa eman die bezeroei. Eta egunak igaro eta mozorroturik jarraitzen dutela ikusita, galdetzera animatu dira zenbait: «Askok ez dakite zer den etxeko espetxealdia, baina azaldu egin diegu», dio Villanuevak. Iruñeko udaltzainen bisita ere jaso dute egunero, goizez eta arratsaldez.

Oasia, basamortuan

Iazko maiatzean izan zen Euskal Jai gaztetxearen okupazioaren hogeigarren urteurrena, eta ospatzeko egun berezia prestatu zuten iruindarrek. «Ospakizuna iragartzeko kanpaina bat antolatu genuen», azaldu du Villanuevak. Txantiloiak erabilita, Maia, Maia queremos playa! (Maia, Maia hondartza nahi dugu!) mezua idatzi zuten Iruñeko horma zenbaitetan. «Islatu nahi genuen guretzako Euskal Jai oasi bat zela, Iruñeko basamortu kultural eta politikoan». Pintaketa hura egiten harrapatu zituzten Villanueva, Salinas eta Correa; eta sei eguneko etxeko espetxealdira eta 624 euroko isuna ordaintzera zigortu dituzte.

Sei egunez izan dira presoak kartzelan, eta ez dute aspertzeko astirik izan. «Liburu artean pasatu ditugu egunak; baina ez dugu denborarik izan bat bera ere hartzeko». Gaur ere, ez dute libururik hartuko; ez bada, behintzat, ihesaldirako behar dituztela.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©Florette Vega Mayor.

Perfekzio plastifikatua

Olaia L. Garaialde

Poltsetan doazen entsaladen ekoizpen prozesuan hotz katea ez apurtzea garrantzitsua dela azpimarratu dute Floretteko arduradunek. Ekologistek kalte ekologikoez ohartarazi dute.

 ©ANDONI CANELLADA / FOKU

«Gizatalde gisa okerrago atera gara izurritik»

Urtzi Urkizu

2020ko konfinamenduan eta ondoko hilabeteetan girotutako eleberri bat idatzi du Alba Ricok: 'La ventana'. «Oso gaizki pasatu zuten herritarrak ikusarazten saiatu naiz», azaldu du idazleak.
Atzo egin zuten prentsaurrekoa konpartsakideek Arriaga antzokiaren atarian. ©MONIKA DEL VALLE / FOKU

Konpartsek muntaketari ekin diote

Javi West Larrañaga

«Bi abuztu grisen» ostean, kaleak «aldamioz eta kolorez» beteko dituzte. Txosnena gune segurua izango dela azpimarratu dute
Donibane Garaziko bestak 2019an iragan ziren azken aldiz; bi urteko etenaldiaren ondotik itzuliko dira. ©GUILLAUME FAUVEAU

Garazi, berriz dantzari

Leire Casamajou Elkegarai

Donibane Garaziko bestak itzuliko dira bihartik astelehenera, bi urteko etenaldiaren ondoren. Kontzertuak, txarangak, afariak eta dantzaldiak izanen dira hiru egunez

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...