ATZEKOZ AURRERA. Ainhoa Azurmendi. Psikologoa eta kirol aholkularia

«Plan bat falta da kirolean genero ikuspegia ezartzeko»

Kirol alorrean berdintasuna errealitate bihurtzeko, erakundeek apustu sendoago bat egin behar dute, Azurmendiren ustez. Haren arabera, eskola kiroletik hasi behar da lanketa.
JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS

Ainara Arratibel Gascon -

2015eko martxoak 4
Emakumeen kirolaren inguruan erakundeek eta eta hedabideek duten jokabidearekin kritiko da Ainhoa Azurmendi psikologo eta kirol aholkularia (Hernani, Gipuzkoa, 1978). Hedabideen kasuan, honela mintzo da: «Onartezina da esatea emakumeen kirolak ez duela saltzen». Eusko Legebiltzarrean egon berri da gaiaz hizketan.

2010ean egin zenuen kirol federazioetan genero ikuspegia ezartzeko gida. Egoera zertan aldatu da bost urte hauetan?

Euskal Kirol Federazioen Batasunak eskatuta egin genuen gida, 2005eko Berdintasun Legeari lotuta. Ordutik, pixka bat aurrera egin da; sentsibilizazioa handituz doa. Baina norbanakoen eta kirol talde eta federazioen banakako ahaleginari eta borondateari esker izan da. Ez dago plangintza zehatzik. Erakundeek apustu sendoago bat egin beharko lukete.

Eskola kiroletik hasi behar da lan hori? Egoki ikusten duzu maila horretan neska eta mutilak batera lehiatzea?

Uste dut eskola kirolean lan egin behar dela, baina ez bakarrik hor, baita eskolako gainerako alorretan ere. Lanketa integratu eta orokorrago bat egin behar da. Izan ere, kirolean gertatzen dena gizartean dauden estereotipoen ondorio da. Hasteko, mutilei txikitatik aukera gehiago ematen zaie kirolarekin sozializatzeko, eta erakutsi egiten zaie plazera sentitzen kirola eginez. Hortik hasi behar dira gauzak aldatzen. Neskak eta mutilak batera jokatzeari dagokionez, ez dut egoki ikusten. Izan ere, neskek ez dituzte garatzen lidergoa eta halako balioak.

Zein herrialde dira eredu alor horretan?

Kanada, Australia, Norvegia, Erresuma Batua... Herrialde horietan sentsibilitate handiagoa dute gai horretan, eta txikitatik hasten dira hori lantzen. Kirola curriculumean dute integratua.

Aukera gutxiago izateaz gain, emakumeek lehenago uzten diote kirola egiteari. Horregatik ere kezka azaldu izan duzu.

Bai, batez ere uste delako emakumeak kirola uztea zerbait natural dela, eta ez zaiola kostatuko, beste gauza «garrantzitsuago» batzuk dituelako: ikasketak, amatasuna... Goi mailan, adibidez, oso zaila da amatasuna eta kirola uztartzea. Bien artean aukeratzera behartu izan dituzte emakumeak. Zorionez, hori aldatzen ari da. Hor ditugu Maialen Chourraut eta Maider Unda. Nabarmentzekoa da, halaber, goi mailako kirolari buruzko dekretuan amatasunaren gaia sartu zuela Eusko Jaurlaritzak.

Horrelako kirolarien testigantzak eskolara eramateko beharra defendatzen duzu. Zergatik?

Kirola egiten hasten diren neskek erreferente horiek izatea garrantzitsua delako.

Baliabide gutxiago eduki arren, azken urteetan emakumeen kirolean lortu dira emaitzarik onenak. Zer esan nahi du horrek?

Beldur pixka bat ematen dit horretaz hitz egiteak, baliabideak banatzeaz arduratzen direnek pentsa dezaketelako ez dela beharrezkoa gehiago ematea. Ez naiz ari, gainera, soilik baliabide ekonomikoez; baita pertsonalez eta materialez ere.

Duela aste batzuk atera zen albiste baten arabera, hedabideetan ateratzen diren kirol albisteen %8,56 dira emakumeei buruzkoak. Zein gogoeta egiten duzu horri buruz?

Kezkatzekoa da. Onartezina da argudio moduan erabiltzea ez duela saltzen. Batetik, ez delako horrela, eta, bestetik, ikustekoa delako zenbat programa ematen jarraitzen duten audientzia txikia izan arren. Maite Iturbek [EITBko zuzendari nagusia] emakumeen kirol emanaldiak beste maila batean daudela eta audientziaren interesak beste batzuk direla esatea oso larria da.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna