ATZEKOZ AURRERA. Isaac Xubin. Idazle eta itzultzaile galiziarra

«Herri identitatetik galtzen den azkena gastronomia da»

Literatura eta gastronomia, gastronomia eta literatura. Horiek dira Isaac Xubinen pasioetako bi, eta iaz egiten hasi zen doktore tesian bildu ditu. Hitzaldi bat eman du Bilbon.
BERRIA

Ainara Arratibel Gascon -

2015eko apirilak 2
«Galiziako produktuen artean, izokinari egingo nioke olerki bat». Isaac Xubinen (Coruña, Galizia, 1978) literaturan, gastronomiak badu bere lekua. «Baina platerek baino gehiago, sukaldeak, leku gisa». Itzultzailea ere bada. «Gutxik bete nau Sarrionandia itzultzeak hainbeste». Kezkaz ikusten du Galiziako kulturaren egoera.

Zergatik aukeratu duzu literaturaren eta gastronomiaren arteko lotura doktore tesia egiteko?

Literatura, nire ogibidea delako; eta, gastronomia, haren atzean gure nortasunari buruzko gauza asko ezkutatzen direlako. Aditu askori irakurri izan diet herri identitatetik galtzen den azken gauza gastronomia dela. Aurretik galtzen ditu hizkuntza eta erlijioa. Oso interesgarria eta adierazgarria iruditu zitzaidan. Are gehiago kontuan hartuta apenas aipatzen dela nazio identitateaz hitz egitean.

Nolakoa da literaturaren eta gastronomiaren harreman hori?

Handia, bai poesian, bai prosan. Horri esker, ikus dezakegu aldian-aldian zein produktu gastronomikok duten garrantzia herri baten identitatean. Galiziaren kasuan, adibidez, duela gutxi arte Alvariño ardoa ez zen hartzen Galiziako ardo ontzat. Betidanik, Ribeiroak izan du osperik handiena. Gaur egun, hori aldatu egin da, eta idazten diren liburuetan Alvariñoa aipatzen da, eta ez Ribeiroa. Bestalde, Rosalia de Castrok Rexurdimento (Pizkundea) garaian idatzitako lehen poeman gastronomia du hizpide. Garai hartan Galizian asko jaten zen plater bat aipatzen du: patata egosiak gatz eta ozpinarekin. Gaur egun inork ez du hori jaten. Bestalde, bitxia da, halaber, garai batean pobreek jaten zutela itsaskia, ezer ez zutenek. Orain, berriz, luxuzko produktua da. Hori, besteak beste, literaturari esker jakin da.

Zein leku du zure literaturan gastronomiak?

Gustatzen zait erabiltzea, baina, platerez edo jakiez bainoago, sukaldeaz hitz egiten dut. Sukaldeak leku gisa bere garrantzia dauka.

Galiziako zein jakiri egingo zenioke zuk olerki bat?

Niri batez ere izokina gustatzen zait, itxuraz itsusia izan arren baduelako lotura hain gurea den kultura zeltarekin; baita lanproiak ere, historia handiko animaliak baitira.

Idatzi ez ezik, itzuli ere egiten duzu. Zer duzu gustukoago?

Garaien arabera, baina oso gustuko dut itzultzea. Egile asko itzultzeko aukera izan dut, baina gutxik bete naute Joseba Sarrionandiak bezala. Horregatik hasi nintzen euskara ikasten eta joan nintzen Euskal Herrira bizitzera. Amets bat da hura itzultzea. Harekin batera, Kortatu eta Negu Gorriak izan ziren euskal kulturara gerturatu nindutenak.

Zerk erakarri zintuen, zehazki, Joseba Sarrionandiaz?

Idazteko maisutasunak, eta, batez ere, erbesteak. Nik, aitaren lanagatik, urte asko eman nituen erbestean, eta ondo dakit zer den herrimina eta erbestean sentitzen den bakardadea eta hutsunea. Egile gutxik azaldu dute hark bezala zer den erbestea.

Nola ikusten duzu euskal kultura? Eta Galiziakoa?

Euskal kultura, baikortasunez eta itxaropenez. Uste dut bide onean ari dela lanean, bai kulturari dagokionez, bai hizkuntzari dagokionez. Korrika lehen aldiz bizitzeko aukera izan dut, eta gutxitan ikusi dut halako ilusio bat hizkuntza baten inguruan. Galiziako kultura, ordea, gain behera doa. Gure herri identitatea ez dago osasuntsu. Horren arrazoi nagusietakoa hizkuntza da. Gure hizkuntzaren egoera gero eta kezkagarriagoa da. Gero eta eskubide gehiago ari zaizkigu urratzen hiztun gisa. Jendea pixkanaka ari da horretaz jabetzen, eta espero dugu egoera aldatu ahal izatea.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna