Albistea entzun
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez

ATZEKOZ AURRERA. Maria Jesus Korkostegi. Ikertzailea

«Neskentzat adjektibo xumeagoak ditu prentsak»

Emakume kirolariek prentsan duten isla aztertu du irakasleak. Maider Unda borrokalariaren adibideak kirolari ez ezik emakumeei ere «sekulako mesedea» egin diela dio.
JON URBE / ARGAZKI PRESS

Edu Lartzanguren -

2015eko maiatzak 5 - Donostia

Maria Jesus Korkostegik (Oñati, Gipuzkoa, 1959) Komunikazioaren Teoria eta Trebetasunak irakasten ditu Deustuko Unibertsitatean. Londresko Olinpiar Jokoetan (2012) emakumeek eginikoa prentsak nola jaso zuen aztertu du Miren Berasategi eta Ana Rekalderekin batera, Begoña Sanzek koordinatuta.

Olinpiar Jokoak aukera ona dira emakume kirolariek prentsan duten islaren erretratua egiteko?

Eguneroko dinamikan badakigu zer gertatzen den: emakume kirolariak ikusezinak dira prentsan. Horregatik, Olinpiar Jokoak aztertzea erabaki dugu, ekitaldi berezia direlako. Horietan zer gertatzen den jakin nahi genuen. Prentsa aztertu dugu, eta analisi kritikoa egin dugu. Baina atera ditugun ondorioek berdin balio dute beste hedabide motetarako. Joera berdintsua da.

Atera duzuen ondorio argi bat: emakumeek dominaren bat lortu behar dute prentsan agertzeko.

Bai. Espainiako prentsaren kasua oso argia izan zen. Hasieran, arreta guztia gizonezkoen futbol eta saskibaloi selekzioetan zuten jarria. Horiek porrot egin zutenean eta emakumezkoak hasi zirenean dominak lortzen, orduan hasi ziren prentsako orrialdeak betetzen. Emakumeei loturiko albisteen %68an, dominaren bat lortu izana zen berria; gizonezkoen kasuan, albisteen %32an bakarrik. Gizonezkoek arrakasta izan balute, emakumezkoek ez zuketen arretarik eurenganatuko.

Allyson Felixek urrezko domina irabazi zuen 200 metroko finalean. Gauza bera lortu zuen Usain Boltek. Nola eman zituzten albisteak?

Espainiako El Mundo egunkariaren adibidea ikaragarria da: Boltentzat, izenburu eta argazki handia; azpian, txikiago eta Bolten albistearen barruan, Felixen garaipena. Hierarkia argia ezarri zuten; hor ikusten da: gizonezkoa beti gainetik. Gizonezkoak dira heroiak.

Euskal Herriko prentsan, tratamendua ezberdina izan da?

BERRIA ez dugu aztertu oraingoan, geure taldeko askok ez dakitelako euskaraz, baina ikusten dut ahalegina egiten dela. Ez da aitzakia, badakit. Hurrengoan aztertuko dugu. El Diario Vasco eta Gara hartu ditugu. Gara asko nabarmentzen da; halako gaietan inplikazio handia du. Gizon eta emakumeen tratamendua ez da parekoa, baina horretara gehien hurbiltzen dena da.

Oraindik ere estereotipoak eta iruzkin sexistak daudela salatu duzue. Adibiderik?

Emakumearen lorpena goraipatu behar denean, berdintasuna dago irudietan, baina hitzetan igartzen da aldea. Esaterako: gizonezkoak «zikloiak» dira, «tximistak», «ehizara atera diren piztiak», «marrazoak»... Emakumezkoak, berriz, «mirarizkoak», «boteretsuak», «sendoak»... Askoz adjektibo xumeagoak erabiltzen dituzte. Emakumezkoak inoiz ez dira agertuko gizonezkoak bezain ahaltsu eta indartsu.

Noiz helduko dira emakumezkoak zikloiak edo marrazoak izatera?

Olinpo horretan, gizonezkoak dira oraindik erregeak. Allyson Felix hortxe ibili zen... baina ez. Bolt eta Phelps izan ziren heroiak. Nire senarrak Bolt eta Phelps ikusten zituen, baina gero ere hor zegoen, Felix eta Tirunesh Dibaba ikusteko prest. Zergatik ez ziren gero prentsan antzera agertu?

Maider Unda eta Maialen Chourrauten dominen tratamenduan sexismo zantzurik atzeman duzue?

Ez, ona izan da tratamendua; hor ez da sexismorik ikusi. Aurrera goaz horretan; beste eredu bat da: emakumeek gorputz atletikoa izatea onartzea lortu dugu, eta orain oso garrantzitsua izan da emakume borrokalariaren eredua eramatea hedabideetara. Horrelako emakumeek sekulako mesedea egiten diete kirolari eta emakumeei oro har.

ETBn, gizonezkoen futboleko bigarren mailako partidak ematen dituzte, emakumezkoak lehen mailan lehiatzen ari direnean ere. Politika publikoak behar dira ikusezina ikusgai bihurtzeko?

Bai, politika publikoak behar ditugu. Talde kiroletan oraindik ez dugu ezer lortu. Hedabide publikoek erantzukizun handiagoa dute. Jendeak ez du ikasten ez badu ikusten.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Lagun talde bat Bilboko Pabiloi 6 antzeztokiaren aurrean, artxiboko irudi batean. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Abandonutik ekosistemara

Amaia Igartua Aristondo

Hutsik dauden industria nabeak erabili dituzte artista batzuek kultur proiektuak sortzeko. Bilboko Zorrotzaurren, Pabiloi 6 da ereduetako bat. Guneon ekarpenak aletu dituzte 'Bigarren ekitaldia' filmean.
Jamalus Orion taldeko kideak League of Legends jokoaren norgehiagokan, atzo, Bilboko BAT dorrean. ©OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Gatazkaren zuzeneko kontaketa

Amaia Igartua Aristondo

Bilboko BAT dorrean League of Legends online bideojokoaren lehiaketa bat antolatu dute. Bataila jokoa da, baina futbol partida bat bezala kontatu dute, eta sarraskiak txalotu dituzte ikusleek.
Joseba Ossa, etxeko saunan. ©JON URBE / FOKU

Sauna, bizitzaren ardatz

Ane Insausti Barandiaran

Finlandian oso errotuta dago saunaren kultura, eta bai helduek eta bai gazteek eusten diote tradizioari. Euskal Herrian ere badira zaleak, eta esperientzia «sakona» dela diote. Hainbat ikerketaren arabera, ona da osasunarentzat.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.