'GOOD BYE', FERMIN
Gauza batzuk ez dira aldatzen

Santurik gabeko besta, gorringorik gabeko arrautza». Josefa Beorlegi amatxiren esaerek ederki islatu ohi zituzten eguneroko kontuak. Sanferminetan gaude, eta, nola ez, Iruñea bezalako hiri moderno eta aurreratuak ezin du besta handiek merezi duten ekitaldi erlijiosorik gabe geratu. Beste egun batzuetan ere badira fedeari lotutako jarduerak, baina, ezbairik gabe, uztailaren 7koa da nagusiena. San Fermin eguna.
Conde de Rodezno plazako 1. zenbakiaren sotoko bunkerrean, amatxik begiak ireki zituen, eta ahots ahulez bi hitz errepikatu zituen behin eta berriro: «San Fermin». Urduritasunak hartu zuen pareta hezeez inguraturiko gela. Amatxik ez zekien Joseba Asiron Iruñeko alkate zenik, eta, noski, ezkertiar eta abertzaleak ez dira sobera katolikoak. Are, zalantza handiak genituen. Aurten prozesiorik izanen zen? Meza ekitaldi ofiziala izanen zen?
Ia seguru geunden: ez zen ekitaldi erlijiosorik izanen aurtengo sanferminetan. Dena kendu nahi dutelako, tradizio guziak desitxuratu, usadioak lurperatu. Baina amatxik prozesioa ikusi nahi zuen telebistan. Edozein eskualde moderno eta aurrerakoietan gertatzen den bezala, Nafarroako telebistak prozesioa eta meza emititzen ditu urtero. Aurreko urteetako ekitaldia jartzea bururatu zitzaidan lehenbizi, baina, ikurrinik gabeko txupinazoaren zoritxarreko bilaketaren ondotik, ez naiz Nafarroako Unibertsitateko hemerotekara itzuli.
Jakina zen EH Bilduren gobernuak ez zuela mezarik sartuko egitarau ofizialean, ez ziela apaizei kalera ateratzen utziko, eta San Ferminen irudia ezkutuan gordeko zuela. Apokalipsiaren bidean, bigarren urratsa. Baina tira, telebista jartzea erabaki genuen. Ez bazen prozesiorik, beste zerbait eskainiko zuten.
Hamarrak aldera, sorpresa. Prozesioa hasi zen. Jendetza ikus zitekeen kaleetan. Etengabe, txalo zaparradak, bisaia hunkituak eta gorak San Fermini. Hasieratik bururaino, ez zen deus aldatu. Erraldoiak eta buruhandiak, gurutzeak, erlijio taldeak, musikariak, San Ferminen irudia, katedraleko kabildoa eta artzapezpikua, alkatea eta zinegotziak, dantzariak eta polizia. Ez zen inor falta. Tira, zinegotzi batzuk falta ziren. Gorriak.
Amatxiri malkoren batek ihes egin zion begi zimurtuetatik behera, eta otoitz egin zuen lehenbiziko jota aditu bezain pronto. Ondoren, meza. Ez zegoen EH Bilduko inor. Beraz, alkatea Enrique Maia zela pentsa zezakeen gure amatxik. Yolanda Barcina eta Lourdes Goikoetxea ere han ziren, —oraindik— Nafarroako lehendakari eta lehendakariordea, hurrenez hurren. Bigarrenak irakurketa bat egin zuen, gainera. Meza bukatutakoan, burua ukitu zien biei Francisco Perez Iruñeko artzapezpikuak, politikariei haren bedeinkapena emanez.
Ezin amatxiren aurrean esan, baina lotsagarria izan zen. Lehenbiziko aldiz, Iruñeko alkatea ez zegoen mezan. Eskerrak monsinore Perezek errieta egin ziela bere sermoian, besta bide «bihurritu» eta «makurretatik» joan ez dadin eskatu baitzuen: «Heldutasun handiagoko bideak bilatu behar ditugu; bestela, besta frenesi ankerra bihurtuko da». Bestalde, prozesioaren helburua gogorarazi zuen: «Ebangelizatzeko tresna garrantzitsua» zela esan zuen. Eta halaxe da, bai horixe.
Zezenketak salbu
Goiza ongi joanda, bat-batean konturatu nintzen bazela beste mehatxu erraldoi bat: zezenketak. EH Bildu boterera ailegatuta, zezenketak debekatuko zituzten, segur. Amatxi kuluxka egiten ari zela probestuz, telebista piztu nuen, zezenketarik ba ote zen egiaztatzeko. Bolumena kendu, eta, gordeka, so egin nion gela ilunean aurpegia argitzen zidan pantailari. Zezen plaza ageri zen. Beterik. Beti bezala. Peñak, eguzkitan; hiritar onak, itzalean.
Halako batean, pertsona bat palkoan sartu zen. Asiron zen, Iruñeko alkatea. Begiak igurtzi nituen, bi bider. Bai, zezenketak baziren, eta alkate abertzalea han zen. Prozesioan eta zezenketan, bietan. Dirudienez, apokalipsia ez da hain larria izanen. Usadioak ez dira desagertuko. Lasaitu arina hartu dut. Dirudienez, gauza batzuk ez dira aldatzen.
Gaiak
Kinka buletina
Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.