'GOOD BYE' FERMIN
Txistularien inposizioa

Inposizioa. Horixe da iruindar peto-peto, zintzo eta onek EH Bilduk hartzen dituen erabakiei txertatuko diegun izena. Adibidez, txupinazoaren egunean balkoian ikurrin bat jartzea inposizioa da. Baina, egun horretan bertan suziria jaurti baino hamar minutu lehenago epaileari ikurrina kentzeko eskatzea herritar orok nahi duena bermatzeko neurri demokratiko eta justiziazkoa da. Zoritxarrez, epaileak ez zion jaramonik egin Espainiako Estatuaren abokatuak aurretiazko kautela neurria hartzea galdegin zionean.
Inposizioak izan ziren Rodezno kondearen plazako 1. zenbakiko sotora eraman gintuztenak, bunkerrean gordetzera behartu gintuztenak. Inposizioek itota biziko baikara. Hala ere, aurretik inposizioei aurre egiteko B taldea sortu genuen. Beuntza, Bikuña eta Barberenarekin batera, sanferminak euskaldundu eta suntsitu nahi zituztenei aurre egiteko erakundea sortu genuen ekain hasieran. Protokoloak prestatu genituen Joseba Asiron alkatearen inposizioei aurre egiteko.
Jakina da Iruñeko udal gobernu berriaren helburu bakarra Iruñeko tradizioak eta ohiturak lumatzea dela. Seguruenik, B taldearen berri izan dutelako ez da entzierrorik, prozesiorik eta zezenketarik desagertu. Baina bada B taldeak aspaldi aurreikusi zuen mehatxu bat: txistua. Izan ere, jakina da Nafarroa plurala dela. Iparraldeko txistuen doinuak gitarrazko bihurtzen direla erdialdetik igarota, urratsak zortzikoaren erritmoari jarraikiz ematetik oinak jotaren doinuen inguruan dantzatzera garamatzala, sagardoa nahiago dutela batzuek, eta ardo gorria besteek.
Topikoak erabiltzen ditugula esan ohi digute. Baina horrela da Nafarroa: mendia vs Erribera. Badira Erribera menditartu nahi dutenak. Horiek dira inposatzaileak. Eta usadioei eraso egin nahi dionak, sanferminetan, non egin dezake minik handiena? Zein da iruindar zintzoek gehien maite duten tradizioa? Argi eta garbi: erraldoi eta buruhandien konpartsa.
Iruindar orok dakienez, erraldoien atzean beti gaita jotzaileak joaten dira, atabalak lagundurik. Burrunba sortu ohi da Iruñeko Alde Zaharreko kaleetan, erraldoi bakoitzak bere musikariak dituelako. Europako erregearen kalejira erreginaren kantuarekin nahasten da; Asiako erreginaren gaitaren doinua gehitu, eta Amerikako erregeak jartzen dio oliba musika koktelari.
Soilik batek egiten du dantza txistulariak atzean dituela: Amerikako erreginak. Bada, orain, denek eginen dute dantza txistuaren doinuari jarraikiz, eta azkenak baizik ez du gaiterorik izanen. Horregatik, B taldekook Comunion Tradicionalistan ibilitako hainbat musikarirekin hitz egin genuen. Hilabetean, gaitari doinu ederrak atera zizkioten. Entrenamendu gogorrak izan ziren, ezpainak ubeldu arte jo eta su ibili baitziren putz egiten.
Erregeak, herri xehe
Bazen beste mehatxurik. Errege eta erregina izateari utziko zioten erraldoiek. Jakina baita EH Bilduk ez dituela erregeak maite, eta are gutxiago Ezkerra eta Aranzadiko zinegotzi errepublikanoek. Europako herritar xume bihurtu nahi dituzte erraldoiak. Europakoei koroa kendu, eta txapel beltza eta zapi zuria jantziko diete.
B taldeak entrenatutako dultzainero karlista tradizionalistak prest genituen. Are, ekintza batzuk egin dituzte dagoeneko Iruñeko kaleetan. Abertzaleak daudenez geroztik, kabareta itzuli da hiriburura: titiak eta zakila bistan duten artistek besta lizunak antolatzen dituzte Gaiarre antzokian. Horiei aurre egiteko, aurresku gehiago eta kabaret gutxiago galdegin dituzte antzokira joateko gonbita egiten duten afixen gainean pintaketak eginez.
Halako batean, bi kolpe aditu dira bunker hotza blindatzen duen berunezko atean. Beste kolpe bat, tarte baten ondoren. Hori da gure pasahitza. Atea ireki, eta papertxo bat aurkitu dut. «Misioa bertan behera utzi dugu», dio B taldeak sinatutako orri batek. Bat-batean, atabala aditu da bunkerrean: trapatata, trapatata, trapatatapatatapatata.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.