'GOOD BYE', FERMIN
Bestetan ere, euskara zokora

Telebista itzali, eta irratia piztu. Laugarren eguna bunkerrean, eta amatxiren hasperen eta marruak minutu batzuez isolatzeko modu bakarra hori izaten da. Rodezno kondearen plazako 1. zenbakiaren sotoko bunkerrera nahiko ongi ailegatzen da seinalea, nahiz eta batzuetan zarata gogaikarri batek estaltzen dituen hizlarien esanak.
Uhinen artean igerian nenbilela, hara non agertu den ahots ezagun bat. Nafarroako lehendakariordea izan da, CAN dieta probatu zuen eta alderdi oso baten irudia da Nafarroan—edo zen?—, hala esan zuen berak, behinik behin. Iruñeko kuxkuxero adituenek diotenez, gin-tonica maite du. Tira, ez dakit uhinengatik izanen zen, edo ordurako gin-tonic pare bat hartuak zituelako, baina arraro ahoskatzen zuen. Hala ere, bota zituenak kontent paratu ninduten. Gorritzat dut parlamentari ohia, baina, hitz gakoak argi esan zituen: «Nafarra, iruindarra eta espainiarra naiz».
Nafarroako Parlamentua «gaztetxe autogestionario» (sic) bat da orain, haren hitzetan, eta txupinazo eguneko «hiru gurutzedun» bandera arbuiatu zuen. Baliteke ikurrina ez ezagutzea, edo, apika, hitzak ongi neurtu zituen, eta ez zuen bandera horren aurkako hitzik esan nahi. Joseba Asiron bat egin zuela, alegia, amarru bat. Euskal kazetari batek beste teoria bat du: gurutzetako bat bikoitz ikusten zuen.
Batzuk asaldatu dira, beste batzuek bere lepotik egin dute irri. Inork ez du ulertu; bunkerrean gaudenok ez beste inork. Izan ere, nola bizi daiteke lurrazalean sanfermin apokaliptikoetan? Nekeza behar du, alderik alde, trikitilariak eta bertsolariak baizik ez ikustea. Karlos III.eko antzezlanak euskaraz izanen dira, segur. Baliteke zezenei ere B1 euskara maila eskatu izana entzierroan korrika egin ahal izateko. Dena da euskara eta euskal kultura EH Bilduren Iruñean. Kanpotarrak nahastu egiten dira, Aseos eta Komunak, bi hitzak tamaina, estilo eta kolore berean idatzita daudelako. Irratian solasean daudenek ere gaztelera ahantzi duela iduri du. Ezin zaie urrats gehiago egiten utzi. Rodezno kondearenetik ez dira pasatuko!
Gazteleraz, badaezpada ere
Nafarroa plurala da, eta, horregatik, jarduerak gaztelera batuan egin behar dira. Hori da errespetua eta elkarbizitza. Hori da denek ulertzeko modu bakarra. Baita australiar eta ingelesentzat ere. Hiri modernoa da, aurrera begiratzen duena. Txalaparta alde batera utzi, eta Azucar Moreno eta gisako puntako taldeak dira oholtza zuri-gorrira igo behar dutenak. Edo, orain arte festetan egon ez den talderen bat, Celtas Cortos, adibidez.
Tokiko bertako musikaren alde egin beharra dago, gainera, adibidez, La edad de oro del Pop Español (Espainiako poparen urrezko aroa) kontzertua antolatuz. Edo 7 Décadas (7 hamarkada), denboraren makinan sartu, eta 70 urtez atzera egiteko. Haiek garaiak haiek.
Baina, orain, talde guziak dira gaztetxe autogestionarioetako zuloetan adi daitezkeen burrunbak, garrasi okagarriz beteak. Dena ska eta rock doinuak, eta nola ez, euskaraz. Runa parkeko gunea Gurutzeko plazaraino hedatu dute, hiriaren erdiguneko kontzertuetan ere hiru gurutzedun banderak haiza ditzaten.
Bunkerretik hobeki ikusten dugu errealitatea. Distantziarekin. Tira, betoizko pareta heze, lodi eta hotz hauetatik landa dagoena ezin dugu ikusi, baina ez da beharrezkoa. Orain arteko eredua gustatzen zaigu: euskarak bere zokoa du, baina betiere zokoratua. Eta UPNk euskarazko eskaintza Vistabellara eraman zuen. Han utzi zion Nafarroa Oinez-i ere barra muntatzen. Urruti, bestan direnek ez ikusteko moduan.
Orain, alderantziz. Espainiarrak Runara bidali gaituzte. Egitarauari begiratu bat ematea baizik ez dago. Ea ba: 459 ekitaldi antolatu ditu udalak. Zazpi dira euskaraz. Hara, atzo arte ez zen euskal ekitaldirik izan. Eskerrak eskuinak dena ongi loturik uzten duen.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.