Albistea entzun

'GOOD BYE' FERMIN

Zezenak ere, '#libre'

Frankista bunkerretik atera da, amatxi bertan utzita, besta berreskuratzeko asmoz. Entzierroaren ondoren konturatu da tradizioak barnetik suntsitu nahi dituztela.
<em>Curioso I</em> deitutako zezenak ez du entzierroan korrika egin nahi izan, eta Gaseko ukuilura eraman dute.
Curioso I deitutako zezenak ez du entzierroan korrika egin nahi izan, eta Gaseko ukuilura eraman dute. VILLAR LOPEZ / EFE

Iker Tubia -

2015eko uztailak 12 - Iruñe apokaliptikoa

Begiratu alde batera. Gero bestera. Argi izpiek min ematen dute iluntasunera egokitutako begi nini handietatik sartzean. Kasko berdea jantzi dut, lepoaren bueltan paratu ditut prismatikoak, eta hartu ditut kamuflatzeko arropa zuri-gorriak. Beldur naiz, baina helburuak merezi du. Rodezno kondearen plazako 1.ean utzi dut amatxi, bunkerrean. Hainbat bideo zahar utzi ditut programaturik, aspaldiko sanferminetako irudiak ikus ditzan. Kalean beldurra da jaun eta jabe. Ezin da arnasarik hartu, abertzaleek eta gorriek Iruñe osoa kutsatu egin dute.

Karlos III. Noblearen etorbide lauak %6ko malda dirudi. Jendez inguraturik nago, eta ez dakit zein diren etsaiak eta zeintzuk adiskideak. Halako batean, Espainiako errepublikaren bandera bat, hirugarrena eskatzen duen mezuarekin. Beste bat, eta hiru eta lau ere. Amatxik hau ikusiko balu...

Aurrera egin dut, jendea saihesten, haiekin estropezu ez egiteko. Edozein izan liteke Bilduren boto-emailea. Aurrera egin ahala, geroz eta jende gehiago ikus daiteke. Haizeak gogor jotzen du gaur, eta horrek are gehiago zailtzen du Karlos III. Noblearen etorbidean gorako bidea. Halako batean, ailegatu naiz Gazteluko plazara. Hil edo biziko erabakia hartu behar izan dut: Alde Zaharrean sartuko naiz? Horixe da komantxe eremua.

Zuzen jarri, atorra galtzen barrutik ongi sartu, galtzak pixka bat jaso, txapel gorria kaskoaren gainean jantzi, eta, gogotik arnasa hartu ondoren, hartu dut Txapitela karrikarako bidea urrats sendoz. EH Bilduren sanferminak apokaliptikoak dira, baina inondik inora ez dira apolitikoak. Sozialismoa dio pankarta batek. Amnistia paretan pintatutako leloak. Ezetz, ezetz da morez, Libre laranjaz. Ederki ikus daitezke mezu horiek, karrikak zikintzen dituzten eslogan politikoak. Lehen, Iruñeko Udalak margoa botatzen zuen kartel eta pintaketen gainean —garbitzeko astirik ez baitago—, bestaren irudia hiri moderno eta aurrerakoi batena izan zedin. Hori bai, horixe zen kaleak garbi mantentzea, afixen gainetik margoa botatzea.

Azkenean ailegatu naiz Udaletxe plazara. Behera begira, ausardia bildu nahi dut soa balkoian paratzeko. Ezinen dut jasan, baina egin beharra daukat. Hiru gurutzedun bandera hori lapurtzera etorri naiz. Begiekin galtzada-harriak zeharkatu, zutabe dorikoak igo eta atarian latinez mintzo den mezua irakurri dut: «Atea guziei irekirik dago, baina, batik bat, bihotzari». Lehenbiziko balkoia begiradarekin baztertu, bigarrena pasatu, eta han goian dira banderak. Ez dago gurutzedun banderarik. Misioa baztertu, eta entzierroa ikustera joanen naiz.

Zezenen kontraerasoa

Oraindik ez dakite bestak eta hiria berreskuratzeko konspirazioa martxan denik. Ezin izan dute sumatu. Naparro eta Espainiko Eskuñe (NEE) alderdiko adiskideek diskrezio osoz egin dituzte egin beharrekoak. Entzierroa haiekin ikustea erabaki dut, normaltasun itxura hori eman nahian. Estafetan dute balkoia, eta hara igo naiz. Pum! Hasi da. Minutu baten buruan adi daitezke oihuak, joareak, eta iskanbila. Hara, igaro da zezen bat joaldunarekin batera. Bi, hiru, lau, bost... «Bat falta da», hasi dira bat eta beste kalean.

NEEkoekin batera balkoia utzi eta egongelara abiatu gara. «Argi dago: EH Bilduk entzierroak barnetik suntsitu nahi ditu», esan du Beuntzak. «Seguru ETAren aldeko zezenak ekarri dituztela», gehitu du Barriosek. Telebista piztu, eta ikusi dugunez, Curioso I deitutako zezenak itzulia eman du San Domingon, eta ukuilura itzuli da. Zezenak ere hasi dira tradizioen aurka matxinatzen?

Azkenean, Edurne Txipras buruak azaldu du gertatutakoa: «Konturatu dira errekonkista hasi dugula, eta hau da haien kontraerasoa. Entzierroak eta zezenketak debekatu beharrean, amarrua erabili du udal abertzaleak, kaleko jendea konturatu ez dadin». Halaxe da, zezen separatistak ekarriko dituzte hemendik aurrera, desobedienteak. Hainbat paretatan jartzen duen bezala, libre bizi nahi dutenak.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Kataluniako Heura enpresaren haragi tankerako pintxo beganoak jateko aukera dago azokan, Irunen. ©ANDONI CANELLADA / FOKU

Betiko txistorra ematen du ba!

Urtzi Urkizu

Beganismoari ikusgarritasuna ematen dion jaialdia egiten ari dira asteburuan Irunen, Ficoban: Be Veggie. Askotariko produktu eta zerbitzuak daude 70 erakusmahaitan.
 ©ARITZ LOIOLA / FOKU

«Zifren eta datuen inperialismoaren menpe bizi gara»

Gorka Erostarbe Leunda

Krisi garai erabatekoa; pentsatzeko tarterik ere uzten ez duena. Hartu du denbora hori Iñigo Martinezek, eta egungo inertziak auzitan jarri ditu 'Mandamentu hipermodernoak' lanean.
Pantailak Euskaraz ekimeneko kideak, manifestua aurkezten, gaur Durangon. ©BERRIA

Euskarazko ikus-entzunezkoen aldeko manifestu bat aurkeztu dute

Urtzi Urkizu

Pantailak Euskaraz taldeak plazaratu du testua, ikus-entzunezkoen arloko eta euskalgintzako zenbait eragileren ekarpenekin. Sektore desberdinetako 35 eragilek eman diote atxikimendua manifestuari. Gaur goizean egin dute agiriaren aurkezpena, Durangoko Azokako Irudienean.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.