Albistea entzun

'GOOD BYE', FERMIN

Hemen ez da ezer gertatu

Bukatu dira sanferminak, baina ez da apokalipsirik izan. Honezkero frankistak ahantzi egin du ikurrina jarri zutenik ere. Uztailaren 15eko Iruñea ia hutsik topatu du.
Iruñeko kaleak hutsik geratzen dira uztailaren 15ean, eta taberna gehienak itxita egoten dira goizez.
Iruñeko kaleak hutsik geratzen dira uztailaren 15ean, eta taberna gehienak itxita egoten dira goizez. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS

Iker Tubia -

2015eko uztailak 15 - Iruñe apokaliptikoa

Begiak ireki, eta eskua zuzenean eraman dut aurpegira, eguzki izpietatik babesteko. Bat-batean etorri da buruko mina. Gora begiratu, eta ezkerrera Gazteluko plazako kioskoa ikus dezaket. Onena hemendik alde egitea izanen da. Hiru arte kontatu, eta altxatzeko saialdi egin dut. Ezin dut. Alderik alde begiratu, eta konturatu naiz zerbaitek lotzen nauela etzanda nagoen bankuari. Gerrikoa. Eskuak atzera bota ditut, baina ezin dut justu nire azpian dagoen korapiloa askatu. Hamabost minutuz zain egon naiz, libratuko ninduen norbait igaro arte.

Halakoak gertatzen dira sanferminetan. Banku batean lokartzea arriskutsua izan daiteke. Lortu dut zutik geratzea. Lurrean dago kaskoa, eta barnean, La Resistencia fanzine ultraeskuindarraren bigarren zenbakia. Kaleko salmentan ibiltzen direnei nola, erosiko nion Gazteluko plazako zuloren batean aurkitutako adiskideren bati. Twitterrez mintzo da fanzinea, eta nola txiolari batzuek abertzale eta gorriak jazartzeari ekin dioten.

Tira, ez nago irakurtzeko gogoz, eta sabelean zuloa antzeman dut, beraz, jateko zerbait bilatuko dut. Arraroa da, ez da musikarik aditzen inondik inora. Aurrera egiteko, nire zapatila orain belztuetan baizik ez dut paratu soa. Ezkerrera begiratu, eta ez da inor. Eskuinera; deus ez. Idortutako belar birakari bat baizik ez da igaro. Tabernak itxita daude. Gazteluko plaza basamortua da, bero goria, eta oasia kioskoaren iturrietan. Hurbildu, eta burua sartu dut, ura gardena ez izan arren.

Espoz y Mina kalera abiatu naiz. Kalean dabiltzan gutxi horiek garbi-garbi doaz, goitik behera, atorra lisaturik eta zapatak distiratsu. Halako batean, aspaldiko adiskide bat aurkitu dut parez pare, baina begirada ukatu dit. Erakusleiho baten aurrean gelditu naiz, eta goitik behera eman diot begiratua neure buruari. Ni naiz zuriz —edo— jantzita doan bakarra. EH Bilduren apokalipsia ez dakit, baina sanferminek hiria isilarazi dutela dirudi.

Batzuek gaizki begiratzen dute, begi bazterrez. Beste batzuek haien artean komentatu dute nire piura. Zinikoa behar da. Atzo zuriz jantzita ziren horiek. Batek daki, agian uztailaren 7an zuhaitz batean gora ibili zen hura, edo kale kantoi batean lotan bestea. Liburu bat balitz, Eta hemen ez da ezer gertatu dei geniezaioke gaur Iruñean gertatzen ari denari.

Danba! Suziri bat aditu da. Agian ez dira sanferminak bukatu? Espoz y Mina zeharkalean behera zarata handituz doa. Badator, geroz eta gertuago daude oihu eta algarak. Entzierroa? Estafetan gora datoz, zuriz jantzita, zapia lepoan, lasterka. Batzuek txanoak daramatzate, beste batzuek plastikozko lorez osatutako lepokoak. Gazte batek pistola bat atera du. Baina ez ditu balak botatzen, xaboi burbuilak baizik.

Ez dakit zerengandik egiten duten ihes, baina korrika hasi naiz ni ere. Jendetzaren artean, txirrindulari bat dago. Hemen dira San Fermini sorbaldan eusten dioten gizonak ere. Haiek pasatuta, begiak igurtzi ditut eskuekin. Bai, bera da, Txarlie tximinoa, Taconeran hainbeste barrabaskeria egiten zituen animalia hura. Hau bai oasia, Iruñea idorrean.

Zezen plazara ailegatu, eta denak hasi dira kantuan. Eskuak altxatu dituzte, eskumuturrak alderik alde mugituz, eta hasi dira Eurovisionen doinua lololo kantatzen. Eta gero dianak, denak. Pamplonesa ere ez dute behar.

Leku arriskutsuak

Aldendu naiz harrabotsetik. Oinak lehertzear ditut, eta hankek dar-dar egiten didate. Conde de Rodeznoko 1.era sartu aurretik, egunkari bat erosi dut, baita txurroak ere. Amatxi lo dago, bunkerreko ohatzean. Ez da deusez konturatu. Eta ni? Egia esateko, kasik ahantzi dut ere ikurrina paratu zutenik. Eta gainerakoan? Berbena Gurutzeko plazan, mezak eta prozesioak, erraldoiak eta zezenak. Ez dirudi apokalipsia heldu denik.

Enrique Maia alkate ohiak gogorarazi du euskal ikurra, badaezpada ere. Hiru «gertaera negatibo» aipatu ditu: Argan hildako gaztea, sexu erasoa eta ikurrina. Hori ere, iruindar zintzo eta onentzat, beste gertaerak bezain negatiboa baita. Eraso bat izan da.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Kataluniako Heura enpresaren haragi tankerako pintxo beganoak jateko aukera dago azokan, Irunen. ©ANDONI CANELLADA / FOKU

Betiko txistorra ematen du ba!

Urtzi Urkizu

Beganismoari ikusgarritasuna ematen dion jaialdia egiten ari dira asteburuan Irunen, Ficoban: Be Veggie. Askotariko produktu eta zerbitzuak daude 70 erakusmahaitan.
 ©ARITZ LOIOLA / FOKU

«Zifren eta datuen inperialismoaren menpe bizi gara»

Gorka Erostarbe Leunda

Krisi garai erabatekoa; pentsatzeko tarterik ere uzten ez duena. Hartu du denbora hori Iñigo Martinezek, eta egungo inertziak auzitan jarri ditu 'Mandamentu hipermodernoak' lanean.
Pantailak Euskaraz ekimeneko kideak, manifestua aurkezten, gaur Durangon. ©BERRIA

Euskarazko ikus-entzunezkoen aldeko manifestu bat aurkeztu dute

Urtzi Urkizu

Pantailak Euskaraz taldeak plazaratu du testua, ikus-entzunezkoen arloko eta euskalgintzako zenbait eragileren ekarpenekin. Sektore desberdinetako 35 eragilek eman diote atxikimendua manifestuari. Gaur goizean egin dute agiriaren aurkezpena, Durangoko Azokako Irudienean.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.