ATZEKOZ AURRERA. Garikoitz Etxebeste. Fisioterapeuta

«Txirrindularira egokitu behar du bizikletak, ez alderantziz »

Bizikletan dabiltzanen errendimendua eta osasuna hobetzeko, azterketa biomekanikoak egiten hasi dira Poliklinikan. Bizikletan nola jarri behar duten esaten die probak txirrindulariei.
JON URBE / ARGAZKI PRESS

Ainara Arratibel Gascon -

2015eko urriak 6
Garikoitz Etxebeste Donostiako Poliklinikako Errehabilitazio Zerbitzuko fisioterapeutaren arabera (Donostia, 1979), bizikletan ibiltzearekin batera, bada txirrindulari batek jakitea beharrezkoa den gauza bat: bizikleta gainean nola jarri behar duen. Hori argitzea du helburu egiten hasi diren probak. «Legezko dopin modu bat da gurea», esan du irribarrez.

Txirrindularien osasuna eta errendimendua hobetzeko azterketa biomekanikoak hasi zarete eskaintzen. Legezko dopina al da zuena?

Halako zerbait [irribarrez]. Dena den, gure helburua ez da bakarrik txirrindularien errendimendua hobetzea, baizik eta, batez ere, osasuna hobetzea.

Ez al dute nahikorik egun egiten zaizkienekin?

Gure kasuan, abiatzeko, txirrindulariari elkarrizketa bat egiten diogu, jakiteko zenbat urte daramatzan bizikletan ibitzen, zenbat ibiltzen den, lesiorik izan ote duen... Behin hori jakinda, azterketa fisioterapeutiko bat egiten diogu, haren ezaugarri fisikoak ezagutzeko: malgutasuna, jarrerak... Gero, haren datu antropomorfikoak ordenagailuan sartu, eta bizikleta robotiko batean jarriko da, 20 bat minutuz pedalei ematen. Pedalei eragiten ari dela, presioa egiten duten plantila batzuk eramango ditu. Horrela, ikusiko dugu zein presio egiten duen plantiletan, baita aulkian ere. Gainera, haren jarduna grabatuko dugu, eta ordenagailu bidez haren itzala erakusten duen irudi baten bidez jarduera guztia ikusiko da. Hala jakingo dugu zenbateraino tolesten dituen orkatilak, belaunak eta sorbaldak, nola eragiten dien pedalei... Horrekin guztiarekin, bizikletan zer jarreratan ibili behar duten zehaztuko diogu. Erosoago joango da horrela, eta lesioak saihestuko ditu, eta errendimendua hobetu ere.

Baina jarrera hori ez al da modu naturalean hartzen?

Modu naturalean hartzen dugun jarrera erosoen zaiguna izaten da. Baina erosoena ez da beti egokiena. Garrantzitsua da eroso joatea, baina kontuan hartu behar da beste parametro batzuk daudela. Kasu horretan, agian, erosoen zaigun jarrera ez da egokiena, eta lesio bat izateko eta gure errendimendua txikiagoa izateko arriskua daukagu.

Beraz, bizikletan ibiltzen ikastearekin batera ikasi beharko genuke jarrera egoki hori hartzen?

Arazo asko saihestuko lirateke. Adibidez, gaztetatik bizikletan ibiltzen hasten direnentzat oso inportantea izango litzateke hori ikastea. Horregatik, garrantzitsua litzateke proba hau egitea. Izan ere, hazten ari dira, beren egitura fisikoa garatzen ari dira, eta jarrera txar batek are kalte handiagoa eragin diezaieke helduei baino. Txirrindulariak ez du bizikletara egokitu behar, baizik eta bizikletak txirrindularira.

Errendimendua hobetuko dela esan duzu. Mendate bat igotzeko zailtasunak dituen txirrindulari batek aise igoko du honi esker?

Txirrindulariak zenbat eta arazo gehiago izan, orduan eta hobekuntza handiagoa. Zenbatekoa den neurtzea zaila da. Hobetzeko epeei dagokienez, bakoitzaren arabera dago. Batzuei, gainera, postura hobea izan arren, kosta egingo zaie ohitzea, eta baliteke deseroso egotea. Hori dela eta, lau-sei asteren buruan beste azterketa bat egingo zaio, beharrezkoa dena fintzeko.

Teknifikazioagatik txirrindularitzak ez al du xarma galdu?

Nik uste dut teknifikatua dagoela, eta horrek errendimendua hobetzen lagundu duela. Ez nuke esango, dena den, xarma galdu duenik. Teknifikazio horri eta horren bidez lortzen diren datuei duten balioa eman behar zaie, baina obsesionatu gabe. Ni lehen horietako bat nintzen, baina orain gehiago begiratzen diot gozatzeari.

Ez al dira afizionatuak, gainera, obsesionatuen daudenak?

Egia da gero eta serioago hartzen dutela. Gaur egun, badirudi zenbat eta erronka handiagoak jarri orduan eta balio handiagoa dutela. Astakeriak egiten dira. Baina guri, dena den, zorionez, orain arte gehiago etorri zaizkigu osasunarekin kezkatutakoak, eta ez horrenbeste errendimenduarekin kezkatutakoak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna