ATZEKOZ AURRERA. Antoni Breschi. Piano jotzailea
«Bizitzatik sortzen da musika, ez pianotik»

Euskal Herrian izan da Antoni Breschi piano jotzailea (Florentzia, Italia, 1950), O'Bresky ezizena erabiltzen duena. Ezagun ditu lurrak, Benito Lertxundirekin ere jo duelako, besteak beste. Oraingoan, Jose Angel Irigarairekin batera aritu da Atarrabian, Donostian, Otxandion eta Bilbon. Sorkuntzaren trenean. When Bach was an irishman and Mozart a gypsy boy disko liburua aurkezteko baliatu du bisita.
Sormenaren trenean zabiltza?
Trenaren eta sorkuntzaren ezkontza nomadismoa da, eta hori da nik dudan gaixotasuna. Nomada izateak eskatzen du bizitzaren aurrean planteamendu ezberdina izatea, baita musikaren aurrean ere. Musika bizitzatik sortzen da, ez pianotik edo antzokietatik. Kontraesana da, antzoki batean nagoelako.
Zein da zure trenaren bidaia?
Komunikazioa eta musika askoren talka. Musika mota asko daude; batzuk goi mailakotzat jotzen dira, perfekzioarengatik, dirua egin dutelako... nik itzulia ematen diot. Goi mailakotzat hartzen dena behekotzat dut. Mendebaldeko musika ofizialaren eta tradizionalen arteko talka bat da. Tradizionalaren barnean badira mendebaldeko musika baino sofistikatuagoak. Lortzen dute zerbait oso dotorea, baina ez da gutxi batzuendako. Irlandako pubetan egiten dena Bach eta Beethovenena baino zailagoa da. Horiek gabe uste dut ez liratekeela existituko Bach eta Beethoven.
Irlandako eredua laudatzen duzu.
Irlanda erritu musikal horien abangoardian dela uste dut, eta horregatik garatu du forma musikal bat ez dena soilik herrikoia. Piano forteak musika sistema aldatu du, temperato sistema sortu du. Izan ere, re bemol eta do diese pianoan nota bera dira, baina naturan ez. Orduan, badira non temperato jotzen duten kulturak. Musika arnasa hartzen den bezala jotzen dute, eta ez kontserbatorioetan ikasteko moduan.
Bach ez da Irlandako pub gizona.
Uste nuen Bachen musikan bazela Irlandako musikaren zati handi bat, eta ohartu nintzen bazela flamenkoa ere. Bach mendebaldeko kulturaren zentroa da. Musika asko kopiatzen zituen; ez negozioa egiteko, baizik eta tradizioan sartzeko. Iduri du jatorriz ijitoa zela, Bach izenak romaniz kaleko musikari esan nahi duela, eta arbasoak kaleko musikariak zituela, pubekoak. Beraz, mendebaldeko musikaren germena ez zen mendebaldarra. Bestalde, Mozart gypsy boy zela nire asmakizuna da.
Negozioarekin lot daiteke hura?
Baina haren gutunak irakurtzen badituzu, haren musika ezarri dioten formalismoaren erabateko aurkakoa zen. Puzkerrak botatzen zituen. Mendebaldeko kulturak gerora jende hau berreskuratzen du demostratzeko beti bizi maila sofistikatu bat, bizitza material baxuenetik erabat aldendurik dagoena.
Nola ikusten duzu euskal musika?
Uste dut euskal musika ez dela irlandarraren maila berean garatu, baina ez dit inporta. Hemen hizkuntza garrantzitsuagoa da.
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.