ATZEKOZ AURRERA. Zsuzsa Libertiny. Loczyko hezitzailea
«Umeak etengabe du mugitzeko beharra»

Haurren heziketan lanean ari diren askok begi bat Hungarian dute, Loczy haur eskolan. Emmi Plikerren lanari esker lortutako uzta mundu osoan zabaldu da. Lehen umezurtzen etxea zena orain haur eskola da. Hari buruzko filma Lizarran (Nafarroa) aurkeztu zuten larunbatean. Han izan zen, besteak beste, Zsuzsa Libertiny hezitzailea (Budapest, 1965).
Edozeren aurretik, haurra da garrantzitsuena?
Hungarian haur eskolen beharra sortu zen; lan kontuengatik, haurrak zaintzaileekin edo instituzioen esku utzi behar izan zituzten. Beraz, haurrak ongi sentituko ziren tokia egin nahi genuen. Ideia nagusia zera da: haurra etxean bezala sentituko den zerbitzua eskaintzea, ongi eta eroso egotea. Horretarako Piklerren ezagutza erabiltzen dugu.
Loczy etxe bat bezalakoa da?
Ez daude etxean, baina lasai daude, gustuko duten gisan jostatzen dira... Baldintza hauekin hazteko aukera dute. Dena ematen dugu.
Zergatik da hain garrantzitsua haurraren autonomia?
Piklerren teoriaren oinarrizko zutabea da: haurraren potentzialean sinetsi behar da. Haurrek badute interesa; badakite bakarrik jostatzen; kuriosoak dira. Bere burua adieraz dezaten modu bat eskaintzen diegu.
Haurraren eta helduaren arteko harremanak nolakoa behar du?
Haurrari erabateko errespetua diote hezitzaileek. Ez da erabiltzen inolako indarrik, eta ez dira aurreratzen haurrak egin behar duenari. Haien erritmoa eta interesa errespetatzen dute. Oso garrantzitsua da, guretzat, indarrik ez erabiltzea haurraren borondatearen aurka. Horrela, kooperatzera gonbidatzen ditugu, baita egoera zailetan ere.
Autonomia bai, baina ezin zaio bakarrik utzi, ezta?
Bada marko bat, noski. Haren autonomia errespetatzen duzun bitartean, segurtasuna eman behar diozu, eta inguru bat sortu, zurekin konfiantza har dezan jarraibideak bete ahal ditzan. Markoa hori bada, haurrek ulertzen dute. Badaude egoera zailak ere, baina hezitzaileek badituzte jarrera eta estrategiak egoera horiek indarrik gabe konpontzeko. Haur txikiak dira, haien interesa ere bada kooperatzea.
Haurrak berak ikasten du; ez zaio irakasten?
Haurrarekin bizi gara, harekin gaude. Ez diogu irakatsi nahi interesatzen ez zaion hori. Denbora osoan hainbat gauza egin ditzake, eta guk aukera horiek prestatzen ditugu ingurua antolatzen dugunean: jostailuak, objektuak... Haurrari eskaintzen dizkiogun kondizioek haren ikasketa bultzatzen dute. Baina hark erabaki dezake zer interesatzen zaion; haren interesa eta haren ekintza haren motibazio propioan dago oinarriturik; beraz, ez diogu deus erakutsi behar.
Hain garrantzitsua da objektu eta altzari motak zaintzea?
Hobeki da zerbait erosoa janztea, errazago jostatzeko. Altzariei dagokienez, baditugu gauza bereziak: eskailera, triangelua... Baina garrantzitsuena ez da altzaria bera, baizik eta onartzea haur batek mugitu nahi duela. Fardela aldatzean, jostatzean, beti nahi du mugitu, eta aukera eskaini behar zaio horretarako. Ohitu gara haurrak aulkietan jartzera jateko, ikusteko, deusetarako... eta Piklerrek ikusi zuen haurrak etengabe duela mugitzeko beharra. Mugimenduaren bitartez adierazten da, eta ikasten du.
Haurra estimulatu beharra dago?
Helduaren interesak berak dakar estimulazioa, baina ezin du bere irizpidea ezarri. Era berean, haren motibazioari jarraiki jolas daiteke soilik ongi zainduta badago. Hau da, hezitzailearekin duen harremana oso ona bada. Zaintza lanetan, adibidez, fardela aldatzeko tenorean, momentu horiek erabili behar dira haurrarekin egoteko, harekin bakarrik zauden momentu bat delako. Bien arteko benetako topaketa bat izan behar da. Haurra betetzen ahal duzu zure presentziarekin, eta haren beharrak asetzeko duzun borondatearekin.
Horretarako langile anitz behar dira?
Umezurtz etxean ari zenean, Piklerren ideia zen jende kopuru ahalik eta txikiena arduratzea haurraz. Izan ere, lotura hori sortzeko, sendoa izateko, pertsona berezi bat behar duzu. Egia da, haur eskolei dagokienez, hemen baino hezitzaile gehiago ditugula Hungarian. Abantaila da, horrela denbora gehiago dugulako umearen erritmoa errespetatzeko. Baina pertsona kopurua ez da hain garrantzitsua; garrantzitsuena harremanaren kalitatea da.
Loczy elkarteak toki askotan daude. Zergatik?
Haurraren lasaitasuna, hezitzailearen eta haurraren arteko harmonia, haurren kooperazio jarrera... horrek denak haur txikiekin lan egiten zuten instituzioen eta eskolen arreta erakarri zuen. Interesa piztu zen haurrekin taldean lan egitea oso zaila delako, oso artifiziala baita. Izan ere, haientzako naturalena etxean bakarrik egotea da.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.