Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Bizigiro «Hiriak lehian dira elkarren aurka»

Publizitatea

Bizigiro

ATZEKOZ AURRERA. Nicolas Burlaud. Film egilea

«Hiriak lehian dira elkarren aurka»

Marseilla Europako Kultur Hiriburu izendatzea hiria inbestitzaile eta dirudunentzat egokitzeko aitzakia izan zuten 2013an; gertakari andana bat josiz, hori azaltzen du 'La fête est finie' dokumentalak.
Argazkia: NICOLAS BURLAUD / BERRIA

2015-12-15 / Nora Arbelbide Lete

Troiako zaldia dauka hari gorritzat Nicolas Burlauderen (Chamalieres, Auvernia, Frantzia, 1973) La fête est finie (Ospakizuna bururatu da) dokumentalak. Mitoa, greziarren hiriaren setioarekin hasten da. Ezin sartuz ari zirela, Atenak inspiraturik Ulisesek alimaleko zaldi bat eraikitzeko ideia ukan zuen. Eta hor utzi zuten. Troiarrek jainkoen opari zela pentsatu, eta hiri barnera sartu zuten. Baina barnean gudari greziarrak ziren gordeak. Atera eta hiriari eraso zioten, eta sarraskia eragin. Filma, gaur emango dute Baionako Bertze zinema gelan, 20:30ean; ostegunean, Donostiako Kaxilda liburutegian, 19:00etan. Batean frantsesez, bestean gazteleraz itzulia. Hor, egilea bietan izanen da.

Europako kultur hiriburutza, Troiako zaldia izan zen bezala, engainu bat izan dela erakusten duzu filmean.

Zepo batean harrapatu nindutela sentitu nuen 2013an. Egiazko erronkak ez zizkigutela esplikatzen. Engainatu gintuztela. Baina bere burua alegeratzat, koloretsutzat zeukan besta handi indartsu horri ezin zitzaion buru egin hitz salagarriekin. Nihaurentzat nire burua marmarikariegia zitzaidan, kontserbadoreegia, erreakzionario izateraino. Troiako zaldiaren ideia aski laster bururatu zitzaidan orduan. Mitoa ezagutzen nuen guztiek bezala. Baina testuak irakurtzearekin, jabetu nintzen biziki ederrak izateaz gain zinezko oihartzuna ere egiten ziotela egoerari. Gainera, gaiaren drama kontatzeko aukera ematen zidan, diskurtso militante hutsal batean erori gabe.

Filmean ageri dira estreina egunean, artista batzuk dantzan eraikin berrien gainean, agintarien txalopean. Hortik urte batera, berriz, beste artista batzuk filmatzen dituzu inauterietan, suaren inguruan dantzan; orduan, negar gasekin kanporatzen dituzte poliziek.

Marseille-Provence 2013 egitasmoari begira biziki guti dudatu dute artistek. Beren buruaren irudi zaharkitua daukate, eta ez dute kontzientzia azterketarik egin. Ikusgarri batzuk ikusi ditut, gustukoak ukanen nituzkeenak beste nonbait ikusi banitu. Baina artistak ez dira ohartu nola ikusgarri zentzudunak egin arren, proiektu zabalago baten zerbitzupeko zirela. Gainera, lurretik kanpoko kultura zen.

Lurretik kanpoko kultura? Nola hori?

Kultur hiriburuetako ikusgarriak berak dira denetan. Marseillan ikusiak Hanburgon, Bartzelonan, edo Berlinen ikus zitezkeen. Aldiz, La Plaine auzoko inauteria, hori bai, zinezko kultura da. Kolektiboki bizi diren emozio estetiko edo politikoak dira, aztarnak uzten dituztenak. Hiria, historia kolektiboa fabrikatzen dute. Aldiz, besteek harrabotsa eta argia fabrikatzen dute, baina zentzurik ez. Gehituko nuke 2015eko inauteriak inoizko ederrenak izan zirela. Itxaropena ekarri zuten. 2013a zapalgailua izan zen; 2014an, hiritarrak galduak ziren, galdezka, ea oraino bizi zitezkeen hiri horretan. Geroztik kontzientzia kolektibo bat piztu da.

Marseilla aipatu arren, beste hiri batzuetan gertatzen ari denari oihartzun egiten dio filmak.

Hori nuen xedea, baina ez nekien ea kausituko ote nuen. Baina filma leku anitzetan proiektatzen ari garela, ohartu gara hori ulertzen dutela ikusleek. Leku guztietan garatuz doan prozesua da. Filma hiriaz mintzo da, modu orokorrean.

Filmean aipatu bezala, hiri nagusi edo metropolien arteko lehia dago oinarrian?

Bai zinez. Une honetan hiri guztiak lehia errabiatu batean daude elkarren aurkako. Inbertitzaileak eta klase dirudunak erakartzeko. Horientzat hiri ideala izan daitekeenaren irudi bat fabrikatu nahian dabiltza. Ondoko hiriak baino hobeki lortzeko. Eta, hori, gero eta gehiago elkar eite duten hiriak direla. Plaza berekin, kamera zaintzaile berekin, saltegi marka berekin. Beren indar, historia eta iragana arras bazterrean uzten dutela.

Publizitatea

Sortu kontua
Nora Arbelbide Lete Nora Arbelbide Lete

Informazio osagarria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak