Albistea entzun

ATZEKOZ AURRERA

«Hau ez da sarri ikusten»

Donostia 2016 kultur hiriburutza zabaltzeko ekitaldi nagusia egingo dute gaur. Horretan dabiltzan koordinatzaileak, boluntarioak eta teknikariak jo eta ke lanean ari ziren atzo.
Garabien bidez altxatu dituzte gaurko ekitaldian soinua zabalduko duten bafleak.
Garabien bidez altxatu dituzte gaurko ekitaldian soinua zabalduko duten bafleak. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS

Edu Lartzanguren -

2016ko urtarrilak 23 - Donostia

Kontzertuetan soinua muntatzen ibiltzen gara, eta hau ez da sarri ikusten», esan du Ibai Areitio teknikariak. Urduri begiratzen die lurretik hamar bat metrora zintzilik dauden bafleei. Eraikuntza lan handietan erabiltzen den garabi horietako batek ditu airean. «Superkontzertuetan zortzi bafle izaten ditugun lekuan, 24 ditugu honetarako». Donostia 2016 Europako kultur hiriburutza zabaltzeko ekitaldi nagusirako soinua prestatzen ari da Areitio, Maria Kristina zubian —ibaiaren bokaletik zenbatuta, hirugarrena—.

«Oso lasai gaude» esan dute, urduri, Enara Garcia Donostia 2016ko partaidetza zuzendariak eta Imanol Gallego inaugurazioaren komunikazio arduradunak. Hiriburutzak Easo kalean duen egoitzak erlauntza ematen zuen atzo goizean. Antolakuntzako jendea atzera eta aurrera, harrerako langileak kazetariei kreditazioak banatzen, Euskadi Irratia zuzenean handik saioa egiten... Gallegok esan duenez, Europako ia herrialde guztietako kazetariak pasatuko dira Donostiatik. Gehienak kulturakoak izango dira, baina baita aisialdi eta turismokoak ere, eta ekonomiakoak —Financial Times-ekoak tartean—. «Izan ere, halako ekitaldiak ez dira bakarrik kultura; eta kultura bera ere zer den zehaztea ez da erraza», esan du Garciak.

«Egunotan, ordutegia albo batera uzten duzu, eta erlojua ahazten», adierazi du Gallegok. Xabi Paya kultur programaren zuzendariak elkarrizketa entzun du aldamenetik pasatu denean. «Ni, atzo, gaueko lau eta erdietan hemen nengoen», esan du, barrez. Lo gutxi egiten duela, «baina ondo», kontzientziak ez diolako galarazten. «Egingo dugu lo 2017an».

Boluntario integralak

Hiriburutza zabaltzeko ekitaldirako, 310 boluntario mobilizatuta daude. Horietako bat Oihana Olabarria da. Erraza da igartzea, Donostia 2016ko logoa eta lagun hitza duen pin bat daramalako paparrean. «Webgunean begira ari nintzen, ekitaldien ordutegia ikusteko, eta, bat-batean, esan nuen: zergatik ez? Lagundu egin beharko da pixka bat».

Inauguraziorako eman du izena Olabarriak, baina, gero, urtean zehar ere, zerbaitetan laguntzeko prest dago. Kazetariei kreditazioak banatzen eta gonbidatuei ongietorria egiteko zentroan aritu da egunotan. «Estres uneak badaude, baina, ondo antolatuta dagoenez, gustura nabil lanean». Gaur arratsaldean, zubian izango da, lanean. «Oihana boluntario integrala da, arlo askotan moldatzen delako», esan du Aitzole Araneta boluntarioen koordinatzaileak. Lanak banatzeko garaian izena ematen dutenen gustuak aintzat hartzen dituztela gaineratu du.

Gallegok esan duenez, Donostiatik kanpoko jende asko joaten zaie boluntario izateko gogoz, baita Lapurditik ere.

Kaleak garbitzeko gailua pasatu eta pasatu ari da Maria Kristina zubiaren inguruko kaleetan. Mari Paz Oiartzabalek «izututa» dagoela esan du. Izan ere, antolatzaileek esan dutenez, 50.000 ikusle espero dituzte gaur 20:00etarako. «Ez dakit aurreikuspen horiek oso errealak diren», adierazi du. Zubitik metro gutxira dagoen Egur Zuri tabernan egiten du lan, eta prestaketa lanetan dabil, datorkionari aurre egiteko. Pozik dago, noski, ekitaldiak bezero asko ekarriko dizkiolakoan: «Hala espero dugu».

Zubia gurutzatzen duten oinezkoek beldur aurpegia jartzen dute, «zer da hau?, esanez bezala». Soinu teknikarien walkie-talkietatik aginduak entzuten dira, euskaraz: «Kaleak itxita egon behar du 10 minutuz»; «Igor, kendu hortik». Bafleak gero eta gorago daude. Soinua 100 metro aurrerantz bota behar dute gaur, laugarren zubiraino, eta beste 40 metro atzerantz, ibaia okertzen den tokiraino, handik aurreragotik ez baita ikusiko.

Areitio teknikariak azaldu duenez, berdin entzungo da hurbil egonda zein hurrengo zubian. Baina ez da gor uzteko modukoa izango, indarra ez baitute uhinen presioan jarri, baizik eta urrun heltzeko ahalmenean. «Soinua ikaragarria izango da: gu bilbotarrak gara, eta hau bilbotarkeria bat da».

Ondo entzun bai, baina ikusi? Hori galdetu dio bere buruari Aitor Zamarbidek. Alaba txikiarekin eta haren lagun batekin pasatu da zubi ondotik. Goizean, danborradan aterako da haurrarekin, eta, gero, zubiko ikuskizunera eramango du. Lehen lerroan daudenek ondo ikusiko dute; «guk, agian, hobeto beste zubitik».

Bela itxurako estalki zurixkak jarri dituzte zubiaren luzean: zubia ezkutatu eta agertzearen inguruko metaforaren bat aipatu du ikuskizunaren zuzendari artistiko Hansel Cerezak, baina izan daiteke sekretua gordetzeko ere. Osteguneko entseguan gertutik pasatutako lekukoek esan dutenez, megafono ahots bat ateratzen zen handik: «Besarkatu elkar, elkar maite duzue! Elkarbizitzarako zubia eraikitzen ari zarete!».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©Nagore Legarreta

«Sagardoaren prezioa igotzea erabaki behar izan du sektoreak»

Miren Garate - Gipuzkoako Hitza

Mitxelenak esan du sagardotegi garai "berezia" datorrela aurten; izan ere, lehen asteetan, behintzat, ezingo da zutik kontsumitu. Mahaira ekarriko dute sagardoa, pitxerretan edo botila gardenetan, iaz bezala.

Bizikleta zuri bat jarri dute istripua gertatu zen toki berean. ©URTZI URKIZU

Behar ez zuen ezbeharra

Urtzi Urkizu

Mila txirrindularik baino gehiagok Jon Rodriguez omendu dute: aurreko asteburuan hil zen, errepidean. Bizikleta zuri bat jarri dute istripua izan zen tokian, Gaintxurizketan, Irunen.

1 ©GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS

«Arrano Etxearen historia amaitu egin da»

Enekoitz Telleria Sarriegi

«Bizi proiektu bat» animalien zaintzari emana. Horixe da Albisu eta Garcia senar-emazteek Igeldoko euren etxean sortu eta jorratu dutena: teilatupea eta babesa. Aitortza nahikorik gabeko boluntario lana.
<em>Sin huellas</em> telesailaren grabaketak. Hori izango da euskarara bikoiztu edo azpidatziko duten lanetako bat. ©AMAZON PRIME

Espainiako Amazonek fikzio berriak euskaratuko ditu

Urtzi Urkizu

Ordainpeko plataformak iragarri du lan berriek euskarazko, katalanezko eta galegozko bikoizketak edo azpidatziak izango dituztela

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.