ATZEKOZ AURRERA. Carles Capdevila. Heziketaren inguruko aditua

«Ironia behar da seme eta alabak hezteko»

Lau seme-alaben aita izanik, heziketan aditu bilakatu da Capdevila. Umorea armarik eraginkorrena dela dio, eta etsita bizitzea ez duela merezi: «Guraso zoriontsuak behar dira, ez perfektuak».
JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS

Maialen Belarra -

2016ko urtarrilak 26
Umorea bizitzako zutarri garrantzitsuenetariko bat da Carles Capdevila kazetari eta dibulgatzailearentzat (Vic, Bartzelona, 1965). Besteak beste, Ara egunkariko zuzendari fundatzailea da, Ser irratian eta TV3 telebistan kolaboratzen du eta Komunikazio irakaslea da Bartzelonako Unibertsitatean. Horrez gain, lau seme-alaben aita da, eta bere esperientziaz baliatuta, umorez nola hez daitekeen azaltzen du hezkuntzaren inguruko hitzaldietan.

Nola antolatzen duzu zure bizitza?

Egia esan, adin ezberdinetako lau seme-alaba izateak asko laguntzen du, elkar zaintzen baitute. Arazo pertsonalak direla medio, aurten ez dut unibertsitatean lan egiten, baina egunak interesgarriak dira, halere.

Komunikazioan aditua izateak balio izan dizu seme-alabekin hobeto komunikatzeko?

Haiek esaten didate hitzaldi asko ematen ditudala, baina gero etxean ez dakidala zer egin [barrez]. Errementariaren etxean, zotza burruntzi. Baina uste dut hitzak erabiltzea, tonua kontrolatzea eta ironia sartzea ezinbestekoa dela. Nire aitak ezezkoa emateko baietz esaten zuen beti: «Bai, bai, noski, bihar bertan erosiko dizut»; argi zegoen ezetz. Oso erabilgarria da.

Guraso asko kezkatuta bizi dira.

Hori da nire tesi nagusia; lasaitu behar dugu, eta seme-alabekin dibertitzen ikasi. Ez zait eraginkorra iruditzen 400 orriko liburu bat erostea ezetz nola esan jakiteko. Ez dago metodo zehatz eta orokorrik. Gure seme-alabak ezagutu behar ditugu, egoki hezi nahi baditugu. Bakoitza den modukoa da, eta horretara egokitu behar dugu.

Arau moldagarriak behar dira, beraz.

Hori da. Era berean, uste dut baldintza gabeko maitasuna behar dela guraso eta seme-alaben artean. Ekintza bakoitzak ondorioak ditu, eta horren jabe beren kabuz egin behar dira. Baina arau batzuk behar dira. Gatazkarik ez sortzeko ez baduzu mugarik jartzen, akabo. Horrek ez du ezertarako balio.

Metodo orokorrik egon ez arren, irizpideren bat badago?

Mugarria gaztaroan dago. 14 urtera arte bizkortu behar ditugu, eta hortik aurrera ahal den heinean hurbiletik zaindu.

Baina gehiegi kontrolatzea ere ez da ona.

Badaude guraso batzuk denbora osoan seme-alaben gainean daudenak, eta gehiegi babesten dituztenak. Hori hezkuntzaren aurka doa. Autonomia garatu behar dute, eta gauzak bakarrik egiten ikasi. 7 eta 14 urte bitartean izan beharko lukete horretarako aukera, gaztaroan beren kabuz moldatu ahal izateko. 15 urterekin egiten dutena baino garrantzitsuagoa da nola iritsi diren horra.

Erortzen ikasten da oinez, ezta?

Dudarik gabe. Bizitzan moldatzen ere halaxe ikasten da: sortzen diren arazoei aurre eginez. Adibidez, zure alabak lan egitea nahi baduzu, ez eman dirurik. Ikus dezala zer egin behar den gutiziak ordaintzeko.

Nolakoa izan da zuen eboluzioa duela hogei urtetik hona?

Sekulakoa. Lau seme-alaben aita izateak esperientzia izugarria ematen du, eta gauza askori garrantzia kentzen diezu. Hasieran, liburu pila bat erosi genituen, baina uste dut patetikoak ere izan ginela. Haur bat hezteko ez dago eskulibururik. Denborarekin ikasi dut jolas librea dela metodorik onena haurrak zoriontsu hezteko.

Zergatik?

Haurren sormena lantzea eta garatzea ezinbestekoa delako. Zikintzen utzi behar zaie, zauri txikiak izaten, ongi pasatzen eta bizitzaz gozatzen. Orain, futboleko eskolak eta guzti daude, mila arau, sekulako diziplina eta kontrol handiarekin. Teknikoki onak izango dira, baina seguru nago hortik ez dela jeniorik aterako. Jenioak kaleko zelaietan daude, inprobisatuetan, eta zuloz beterikoetan. Umeek bakarrik eta libre jolasteko eskubidea dute.

Zein akats egiten dute behin eta berriz gurasoek?

Haurrak gehiegi babesteaz gain, asko exijitzen diegu maiz; arrakastaren kulturan bizi gara. Garrantzitsuagoa da zoriontsu eta autonomo izaten jakitea, ingelesez ongi jakitea baino. Balioak izan behar dituzte, eta norberaren mugak gainditzen saiatu, baina ez dute onenak izan behar; ez da hori guk bultzatu behar duguna.

Umorearekin komunikatzea heztea dela diozu. Zergatik?

Batetik, komeni da ironia puntu bat izatea, eta bestetik, ezin da burumakur bizi gaztaroan dagoen semeak ez digulako bere bizitza kontatzen. Hori normala da, ezin gara horretaz kexatu. Ziurrenik, gazte batek noizbait esan behar ez duen zerbait esango du; guk eutsi behar diogu gure tokiari. Itsututa gaude guraso perfektuak izatearekin; ez dago guraso perfekturik, guraso zoriontsuak behar dira. Eta seme-alaba kritikoak, nor bere printzipioekin. Halere, gurasoak ondoan izango dituzte beti.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna