Albistea entzun

ATZEKOZ AURRERA. Estibaliz de Miguel. Soziologian doktorea

«Kartzela zigorra oso lotua dago generoari»

Soziologian doktore da Estibaliz de Miguel, eta kartzelan dauden emakumeen maitasun harremanei buruzko tesia egina du. Horri buruzko liburu bat ere kaleratu du. Kartzela bisitaria izan zen duela urte batzuk.
LUIS TEJIDO / EFE

Iker Tubia -

2016ko martxoak 16

Gertutik ezagutzen ditu kartzelak Estibaliz de Miguelek (Barakaldo, Bizkaia, 1974). Kartzela bisitaria izan zen hamar urtez; gerora, espetxean dauden emakumeen maitasun harremanei buruzko ikerketarekin Micaela Portilla saria jaso zuen 2013an, tesi feministarik onena zela ebatzita. Bihar liburua aurkeztuko du Iruñeko Katakraken.

Kartzelan diren emakumeen errealitatea ikusarazi nahi izan duzu?

Kartzelan dauden pertsonen artean %7,8 dira emakumeak, beraz, kuantitatiboki oso gutxi dira. Horri gehitu behar zaio ikuspuntu androzentrikoa. Kostatzen da ohartzea ez dela zenbaki kontua bakarrik, haien egoeraren kontua ere bada. Garrantzitsua da hori, bai jasaten dituzten diskriminazioak azaleratzeko, baita jasotzen duten zigor mota aztertzeko ere, zigor hori oso lotua dagoelako generoari.

Esan ohi da kondena bikoitza izaten dutela.

Hori esaten da gizonezkoenarekin alderatzen delako. Metafora bat da. Kontuan hartu behar dugu kartzela misto deitzen direnetan emakumeak eranskin batean daudela, gizonek dituzten jarduera eta baliabide askotarako sarbiderik gabe. Lanbide tailerrak gutxiago izaten dira; normalean, gizonek alboratzen dituztenak. Bestalde, gizonei onartzen zaizkien jokaera batzuengatik zigortzen dituzte, adibidez, oihu edo mehatxuengatik.

Emakume gaiztoaren estigma ere hor dago.

Kontua da gizonen kasuan legez kanpoko jokaera bat gaizki ikusia egon daitekeela, baina ez ditu genero maskulinoaren ezaugarriak zalantzan jartzen. Baina ezaugarri horiek emakumearen eraikuntza sozial patriarkalaren aurka doaz. Izaki pasibo gisa definiturik gaude, eta gainerakoen jarrera moralaren babesle gisa. Hori urratzea, ez da bakarrik legea urratzea, baizik eta emakume izatearen arau guziak apurtzea. Bestalde, emakumearen definizio patriarkala klase sozialaren parametroekin eraikita dago; beraz, kartzelan dauden emakume gehienen jatorria maila sozioekonomiko apaletan egonda, hor ere bada beste urratze bat.

Askatasunik gabe, nola bizi da maitasun harreman bat?

Askatasun gabeziak banatu egiten zaitu, zure inguruatik eta maite dituzun pertsonengandik. Preso gisa, kartzelako arauen menpe jartzen zaituzte, baina baita zure ingurukoak ere. Bikote baten kasuan, kartzelaldiak etenaldi edo haustura handia dakar, eta bikote dinamikan aldaketa oso handia. Kasu askotan, rol aldaketa ere izaten da: kalean zaintzan aritu ondoren, zainduak bihurtzen direnak.

Kartzela barnean askatasun gune izan daitezke harreman horiek?

«Maitasuna askapen gisa», kakotx askorekin diot. Kartzelaren ezaugarri nagusia banaketa da, eta maite duzun jendearekin harremanak izateko eta elkartzeko moduak bilatzea arau hori haustea da. Presoek esaten zuten bisean biseko eguna zela «astean benetan existitzen den eguna». Ikusi nuen komunikatzeko moduak bilatzen zituztela. Bide ofizial guziak —kartak, telefonoa...—, eta bidezidorrak: ispilua gizonen kartzela parez pare badago, elkarri oihu egiten... Komunikazioaren, elkartzearen eta afektibitatearen bilaketak oztopoak gainditzen ditu.

Zein da egoera bikotekidea ere kartzelan dagoenean?

Nik elkarrizketatu nituen emakumeen artean, bikotekidea zutenen herenak izan zuten maitasun harremanen bat kartzela barnean, beste preso batekin. Kartzelan bada esaera bat, kartzelako maitasuna iragankorra dela dioena. Hala ere, badirudi bazegoela kartzela barnean harremanak izateko joera bat. Baliabide eta babes gutxien duten emakume presoentzat, norbaiten babesa izatea bada urrats handia. Horrekin batera, bikote harremanak ematen dizuna: errealitatetik at bidaiatzea, adibidez. Azkenik, maitasuna sozialki bada ni-ari balioa emateko tresna bat. Oso estigmatizaturik dauden emakumeentzat garrantzitsua da hori.

Amatasuna ere landu duzu?

Emakume-ama roletik aldendu nahi nuen, baina egia da ezin dela alboratu. Espainiako kartzeletan dauden emakumeen %80 amak direla kalkulatzen da, eta, normalean, seme-alaba bat baino gehiago dute. Estigma ere hortik dator. Haien gainean beti dago ama txarra izatearen susmoa. Bestalde, ikusi nuen haietako askok babes handiagoa bilatzen zutela seme-alaben maitasunean, bikotekidearengan baino.

Kartzela barnean lan egitea zaila izanen da, ezta?

Kartzelaren unibertsoa ezagutu behar da, arau esplizitu eta inplizituak, eta bertan murgildu. Landa lanaren ondoren, emozionalki eragin zidan aferak. Eta konfiantza ere lortu behar duzu. Jakin behar dute nor zaren, zein den zure lana, ez zaitzatela funtzionario batekin alderatu... Diskretua nintzela ikusterakoan, bazuten nirekin bakarka hitz egiteko konfiantza.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©BERRIA

«Ibarruri oso harro sentitu zen beti bere euskal erroez»

Amaia Igartua Aristondo

Dolores Ibarruri 'Pasionaria'-ren biografia bat argitaratu berri du, haren artxibo pertsonalean oinarritutakoa: 'No pasarán'. XX. mendearen zati handi bat zeharkatzen du bizkaitarraren bizitzak.
EPICA ikerketan 2.872 metroko sakoneratik ateratako izotz lagina, 2002-2003an. ©LAURENT AUGUSTIN/CNRS PHOTOTHQUE

Izotzik zaharrena nahi dute

Jakes Goikoetxea

Beyond EPICA ikerketa proiektua Antartikan lanean ari da, izotza zulatu eta duela 1,5 milioi urtera arteko izotz lagina ateratzeko. Laginari esker, klimaren bilakaera ezagut dezakete.
Andres Urrutia euskaltzainburua eta Gaizka Aranguren kazetaria, <em>Ezina ekinez egina</em> saioan. ©BERRIA

Euskararen historiari buruzko saioa gaur ETB1en: 'Ezina ekinez egina'

Enekoitz Telleria Sarriegi

Gaizka Arangurenek aurkeztuko du. EITBk bat egingo du Euskararen Nazioarteko Egunarekin

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iker Tubia

Informazio osagarria