Noiz sortua: 2016-05-06 00:30:00

ATZEKOZ AURRERA. Maria Jose Jimenez. Ijitoen mugimendu feministako kidea

«Andre ijitoak beti izan dira feministak»

Ijito Feministen Elkarteko lehendakaria da Jimenez, eta Espainiako hondarreko hauteskundeetan, Podemosen zerrendaburu izan zen Salamancan. Gizarte langilea eta aktibista feminista da.
IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS

Iker Tubia -

2016ko maiatzak 6
Ijitoa da, eta feminista. Maria Jose Jimenez (Lugo, Galizia, 1976) feminismo romaniari buruz hitz egin du Nafarroako Parlamentuan, Herritarren eta Erakundeen Arteko Harremanetarako Batzordeak gonbidaturik. Asteazkenean eskaini zuen hitzaldia Berdinak eta ezberdinak. Aurrera elkarrekin jardunaldietan.

Zer sentitzen duzu Palabra de gitano eta halako programak telebistan jartzen dituztenean?

Aktibismora bultzatzen zaitu. Nik ez ditut ikusi, zabor hori inolaz ere ez nuke ikusiko, baina frustrazio handia sentitzen duzu, eta inpotentzia. Beste behin ere horrelakoek permisibitatea dute. Ez dute onartzen programa horia denik, estereotipo eta aurreiritziak sustatzen dituenik eta gizartearen gehiengoak dituen jarrera arrazista eta xenofoboak justifikatzen dituenik.

Zergatik ez da erantzuten ijitoen aurkako erasoak ikusirik?

Historikoki herririk manipulatuena, jazarriena, estereotipatuena eta kronifikatuena izan gara. Ijitoen aurka basakeriak egin dira Espainian, 2.500 lege egin dira gure aurka, eta gaur egun horrek badu eraginik. Gu ez gara gai izan eskubideak eskatu eta herriaren duintasuna inposatzen duen masa izateko.

Estereotipoen aurka borrokatzen dira bazterturiko komunitateak. Zuek emakumeenak eta ijitoenak desmuntatzen lan handia duzue?

Ijito herria zanpaturik dago, ez bakarrik emakumeak, gizonak ere bai. Esanen dizute emakume ijitoak zikinak direla, haur parrasta dutela, menpekoak direla... Baina esaten dute ere ijitoak matxistagoak direla, analfabetoak... Aurreiritzi horiek suntsitzeko norbera hurbildu behar da errealitate honetara.

Arrazoi duzu, komunitate ijitoa atzerakoi ikusten dugu, eta gizonak, matxistago.

Fakultateetara ailegatu ez den sekretu bat kontatuko dizut —ea ailegatzen den—. Ijitoak ez dira matxistagoak. Ijitoak matxistak dira, eta payoak ere bai. Emakume payoak izan dira gizonei mugak jarri dizkietenak. Erabili dituzten estrategia eta politikei esker daude gaur duela 50 urte baino ahaldunduago. Emakume ijitoei ez zaizkigu ailegatzen ahalduntze eta berdintasun tresna horiek, besteak beste arrazismo, estereotipo eta aurreiritzi hesi handi bat dugulako aurrean. Adibidez, kristalezko sabaia. Emakumeek %30 gutxiago kobratzen dute. Oso larria da. Hori gainditzeko legeek guri ez digute eragiten zuzenean, ijitoei ez zaigulako lanik eskaintzen. Hamaika adibide jar daitezke.

Zein dira zuen borroka lerro nagusiak?

Hiru dira: Feminismoa —feminismo komunitarioa, mendebaldeko feminismo zuriak ez digu balio—, biolentzia matxista —munduko gaitzik handienetakoa—, eta aniztasuna —zentzu orotan, baita sexuala ere—.

Zein dira mendebaldeko feminismoan dituzuen oztopoak?

Historian aurrera egin ahala, hainbat sartu dira mezu feminista europarrean: beltza, mexikarra... Baina urte hauetan feminista handi batek ere ez du aitortu ijitoen borroka. Emakume ijitoak feministak izatera beharturik egon dira beti, 600 urtez jazarria izan den herriari eusteko. Bestalde, Europan emakume ijito asko hiltzen ari da, eta horren arrazoiak ez dira aipatu ere egiten. Frantzia, Alemania eta Italiako ospitale publikoetan oniritzirik gabe antzutzen dituzte haurrak dituztenean.

Feminismo komunitarioa da zuendako egokiena. Zergatik?

Guk beltzen eta indigenen feminismoetatik edaten dugu. Haiek bezala, guk eskatzen dugu zapalkuntza egoera gainditu behar dugula, eta herri osoaren manipulazioa eta erabilera gainditu nahi dugula, ez bakarrik emakumeena.

Emakumeak kontrolatzeko tradizioen inguruan zer iritzi duzu?

Identitatearen defentsa faltsuaren aitzakiarekin kontrolatzen gaituzten tradizioak ijitoen komunitatean badaude, payoen komunitatean bezala. Hori desagertu behar da, ez duelako zure kultura hobetzen. Zapiaren afera ijitoen tradizioaren parte da, baina orain dela 50 urte payoen tradizioaren parte ere bazen.

Dena den, tradizio guziak ez dira txarrak. Zer ikas dezake mendebaldeko feminismoak zuen tradizioetatik?

Adibidez, gure arteko elkartasuna. Auzo batean ijito familia batek arazo bat badu, gainerakoek laguntzen dute. Emakume anitz erortzen ari dira amildegian behera, eta balio hori behar dugu feminismoan eta Europa osoan. Bestalde, Europan pertsona zaharrekiko errespetua falta da, eta familiaren balioa. Familia nuklearra ez, familia zabala.

Zergatik pasatu zara aktibismo sozialetik politikara?

Hauteskunde zerrendetan ijitoak apaingarri gisa sartzea beti gertatu da. Podemosek benetako apustua egin zuen, ni nintzelako Salamancako zerrendaburua, politikoki zuzena ez den diskurtso batekin. Hilabete eta erdiz ijitoen borroka aipatzeko aukera izan nuen bakarrik iritsiko ez nintzatekeen tokietan.

Albiste gehiago

Martxoaren 29an eguneratua, 14:00etan. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 7.773 gaixok eman dute positibo koronabirusaren proba eginda, administrazioen arabera. 350 hil dira. COVID-19 gaitza izandako 1.528 pertsonari eman diete alta. Grafikoak, albiste barruan.

Jolas parkeak duela bi aste itxi zituzten. Irudian, horietako bat Donostian. / ©Gorka Rubio, Foku

Madrilek entzungor egin dio Urkulluren eskaerari

Berria

Eusko Jaurlaritzako lehendakariak gutun bat bidali zion atzo Pedro Sanchez Espainiako presidenteari, eta eskatu zion autonomia erkidego bakoitzak erabaki ahal izatea zeintzuk diren jarduera kritikorako lagungarriak eta beharrezkoak diren jarduerak eta enpresak. Maria Jesus Montero eledunak erantzun dio Madrilek ezin dituela "desberdintasunik egin" erkidego autonomoen arabera.

Mapa: koronabirusaren zabalpena herriz herri

Mapa interaktiboak: koronabirusaren zabalpena herriz herri

Berria

Koronabirusak Hego Euskal Herrian zer nolako zabalpena duen ikus liteke administrazioek emandako datuekin BERRIAk sortu duen mapa honetan. COVID-19aren bilakaera grafikoetan.

Arnaldo Oregi, artxiboko irudi batean. ©Jon Urbe / Foku

Madrilen neurriak "berandu" heldu direla esan du Arnaldo Otegik

Edu Lartzanguren

Alderdi, sindikatu eta enpresaburuen mahai bat eskatu du, krisitik ateratzeko estrategia bat eratzeko, eta langileek ez ditzaten kalteak ordaindu

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Iker Tubia

Informazio osagarria