Noiz sortua: 2016-06-08 00:30:00

ATZEKOZ AURRERA. Rosa Maria Calaf. Kazetaria

«Jakintza ukatzea da menderatzeko era bat»

Kazetari ezaguna, 93 herrialdetan berriemaile aritu da Calaf, TVEren mikroa eskuan. Sari anitz jaso ditu bere jardunarengatik, eta, erretiroa hartuta ere, hitzaldiak eta eskolak ematen ditu orain.
IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS

Iker Tubia -

2016ko ekainak 8

Nafarroako Unibertsitate Publikoak udako ikastaroak abiatu zituen herenegun, eta hasierako hitzaldia ematera etorri zen Rosa Maria Calaf kazetaria (Bartzelona, 1945). Kazetari ezaguna eta aitortua. Orotara, 181 herrialde bisitatu ditu. Munduaren bere ikuskeraz mintzatu da Planeta femeninoan hitzaldian.

Nola ikusten duzu planeta emakumearen ikuspuntutik?

Gehiago edo gutxiago, toki guzietan emakumea diskriminaturik, zapaldurik eta jazarririk dago. Japonia, adibidez, herrialde garatuetan matxistenetako bat da. Afganistan edo Pakistanen ohore delituak egunero egiten dira. Silicon Valleyn oso emakume gutxi daude; beraz, bada androzentrismo bat. Ezin da alderatu gure egoera herrialde fundamentalistekin edo estruktura oso patriarkalak dituztenekin, baina berdintasuna zerbaitetan egotekotan, berdintasunik ezan dago. Horretaz gainera, esan beharra dago atzerapausoak ematen ari direla. Adibidez, Geraldine Ferraroren hauteskunde kanpaina ez zen gero Sarah Palinekin edota orain Hillary Clintonekin egiten ari direna bezain matxista izan.

Eta kazetaritzaren munduan?

Mundua emakumearen ikuspuntutik kontatzea zaila da, mugak ditugulako: soldata, erredakzioko jazarpena, gaitasuna etengabe erakutsi beharra... Muturreko egoeretan, gatazkak daudenean, arrisku handiagoa izaten dugu. Baina badugu abantaila handi bat: emakumeen mundura sartzeko aukera. Eremu horretan ohartzen zara benetan gertatzen ari denaz, eta gizarte horrek nola funtzionatzen duen.

Zer falta zaio kazetaritzari berdintasunean urratsak egiteko?

Hezkuntza eta kontzientziazioa beharrezkoak dira. Konturatu behar dugu berdintasunik gabeko gizartea ezin dela demokratikoa izan, eta, beraz, inoiz ez da askea izanen. Kazetariok kontziente eta militante izan behar dugu, estereotipoak zabaltzeari uzteko.

Txioen gizartean, etengabe igarotzen diren tituluen munduan, zailagoa da lan hori?

Noski, kazetaritza ikuskizun bihurtzen ari garelako. Edukiaren gainetik azkartasuna, kantitatea eta berehalakotasuna egoteak esan nahi du xedea ez dela informazio bikaintasuna. Adi egon behar dugu jendeak ez dezan uste informaturik dagoela benetan entreteniturik dagoenean. Ongi informaturik ez dagoen gizarteak ezin ditu eskubideak defendatu, eta, beraz, gure eskubide eta askatasunak arriskuan daude.

Hor ere atzera goaz?

Kazetaritza beti izan da zaila, kazetaritzak ikusezina dena ikusgarri egin behar duelako. Orain teknologia oso tresna positiboa da ezagutza handitzeko; baina, ongi erabiltzen ez bada, arriskutsua da, ezjakintasuna bultzatzeko balio duelako.

Legeek, gainera, oztopoak jartzen dituzte; mozal legeak, kasurako.

Jakintza ukatzea beti izan da menpean hartzeko modu bat. Jakin behar duguna jakitea galarazten digutenean, esan nahi du badirela interes batzuk gehiengoarenak ez direnak. Baliorik gabeko gizartea eraikitzen ari da. Ondasun materialen balioa inposatzen da. Horrela ezin da gizarte justu bat eraiki.

Balioez ari garela, albiste batzuek eragin handia dute momentuan, baina iduri lezake errealitate birtual baten parte direla.

Inpaktatzen duena inporta duenaren gainetik jartzen baduzu, jendea nekatzen da. Informatzean, hunkitu behar da, bestearen tokian jartzeko, baina elementu informatiboak eman behar dira ere jendeak galdetu dezan zergatik pasatu den hori, nor dagoen atzean, nork lortzen duen zerbait trukean. Ikerketa batzuek erruki nekatuaren sindromeaz hitz egiten dute. Ezin diozu etengabe erruki izan jendeari, deskonektatu egiten baituzu. Inpaktua izaten da, eta, gero, beste zerbaitetara pasatzen da.

Atzerriko berriemaile zarenean, kontu handiagoz egiten da lan?

Hori askatasunei loturik dago. Zuzenbide estatu onargarri bat dagoen toki batean baldin bazaude, beti izan behar duzu arreta, eta kalte egin diezaiekezun horiengan pentsatu. Erregimen diktatorialetan kontu handia izan behar duzu iturriei kalterik ez egiteko. Muturreko tokietan nahiko erraza da, kontrolaturik zaudela dakizulako. Zailagoa da tarteko herrialdeetan, ustezko demokrazietan. Mexiko demokrazia da, baina kazetariak zomorroak bezala akabatzen dituzte. Bestalde, mendebaldean hedabideak askeak direla falazia da. Guri mugak jartzen zaizkigu legeekin, presio ekonomikoekin, izena galtzeko mehatxuarekin... Ez zaituzte hiltzen fisikoki, baina bai profesionalki.

Beldurra izan duzu?

Noski, askotan, zorionez. Inportanteena da beldurrak ez zaitzala geldiarazi. Uste dut lan honen parte dela beldurra. Baina niri askoz ere zailagoa iruditzen zait tokian tokiko kazetaritza, nazioartekoa baino. Presioei dagokienez, kanpoan zaudenean, gero alde egiten duzu handik. Kazetaritza lokalean, presioak etxeko atarian dituzu, egunero.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Maiatzaren 24ko datuekin eguneratua. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Azkeneko 24 orduetan ez da hildakorik izan, 23 positibo berri detektatu dituzte PCR probekin, eta hiru gaixo ospitaleratu dituzte. Euskal Herrian 28.474 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.013 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Zaintzaile bat adineko pertsona bati eskua ematen. ©BRAIS LORENZO / EFE

Hauskor azaldu da

A. Iraola - M. Peruarena Ansa

Krisiaren hasieratik jakina zen COVID-19ak gogor erasaten diela adineko pertsonei; edadekoen zentroetan izan diren heriotza ugariek agerian utzi dituzte egoitzen sistemaren inguruko hainbat gabezia, eta galderak sortu dituzte toki horietan egoiliarrek jasotzen duten osasun artaren inguruan.

Eguraldiaz eta neurrien arintzeaz gozatu dute herritar askok gaur. ©Juan Carlos Ruiz / Foku

Koronabirusak ez du inor hil Hego Euskal Herrian, lehen aldiz 85 egunean

Edu Lartzanguren

23 positibo berri detektatu dituzte PCR probekin, atzo baino bost gehiago.

Bihar irekiko dituzte hondartzak Donostian. Argazkian, atzo. / ©Juan Carlos Ruiz, Foku

Bigarren faserako jakin beharrekoak

Jon Ordoñez Garmendia

Astelehenetik araudi berri bat izango da indarrean Hego Euskal Herrian eta ordutegiei, saltokiei, taberna eta jatetxeei, hezkuntza zentroei, kirola jarduerei, eta igerileku eta hondartzei eragingo die.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Iker Tubia

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna