ATZEKOZ AURRERA. Thaisa Storchi. Astrofisikaria

«Baliteke Esne Bidean beste zibilizazio bat egotea»

2015ean, zientzia arloko emakumeentzako L'Oreal-Unesco saria jaso zuen Storchik, zulo beltz supermasiboei buruz eginiko lanagatik. Bilbon izan da, astronomia jardunaldi batzuetan.
MONIKA DEL VALLE/ ARGAZKI PRESS

Alaitz Armendariz -

2016ko uztailak 21
Espainiako Astronomia Elkartearen XII. Bilera Zientifikoa egiten ari dira egunotan, Bilbon. Aurtengo gonbidatua Brasilgo Astronomia Elkartea izan da, eta hango ordezkari gisa izan da Thaisa Storchi astrofisikaria (Caxias do Sul, Brasil, 1955). Astrofisikaria izateaz gain, Brasilgo Rio Grandeko Unibertsitate Federaleko irakaslea ere bada.

Zulo beltz supermasiboekin lan egiteagatik jaso zenuen L'Oreal-Unesco saria. Zergatik banatzen da sari hori?

Emakumeak zientziara hurbiltzera motibatzeko da. Sarritan nabaritzen dut emakumeak ez direla zientzia arlora gerturatzen, ez daukatelako eredurik. Baina oso garrantzitsua da zientziaren munduan emakumeek parte hartzea, arazoak konpontzeko begirada desberdina dugulako. Eta, batzuetan, konponbideak aurkitzen ditugu beste begirada hori dugulako.

Zulo beltzak ikertu dituzu. Zer aurkitu duzu?

Nire lanak berretsi zuen edozein galaxia motak zulo beltz bat duela. Nire tesiaren aurreko ideia zen galaxia mota batek bakarrik zituela zulo beltzak: galaxia aktiboek. Gure galaxian bertan, Esne Bidean, zulo beltzik ez zegoela uste zuten.

Zein desberdintasun dago zulo beltzen eta zulo beltz supermasiboen artean?

Zulo beltz supermasiboak galaxien erdigunean daudenak dira. Unibertsoaren hasieran sortu zirela dakigu, lehen galaxiak sortu zirenean. Oro har, zulo beltzek materia kantitate handia dute puntu batean kontzentratuta, eta gainazal bat sortzen da. Bertako abiadurak argiaren abiadurari ihes egiten dio, eta gertaeren horizontea deiturikoa sortzen da. Hor barrutik ez da ezer ateratzen: horregatik deitzen da zulo beltza. Grabitazio potentziala hain da indartsua, non ezin dion ezerk ihes egin, ezta argiak ere.

Nola moldatzen zara irakasle izan eta behatokietan lan egiteko?

Doktoretza hasi nuenean, behatokira joan behar nuen behaketak egitera; orduan, han astebete-edo geratzen nintzen, datu mordoa biltzen, eta urtebetez datu haiekin lan egiten nuen, datu haiek aztertzen. Oraingo teleskopio sofistikatuekin, ez da beharrezkoa hara joatea.

Beti erakarri izan zaitu astrofisikak?

Betidanik gustatu izan zait zientzia; txikitan, kimika eta biologiako laborategi bat nuen, mikroskopio batekin, eta erreakzio kimikoak egiten nituen... Baina zaletasun hutsa zen niretzat: ez nuen uste profesional bihur nintekeenik. Unibertsitatera sartu nintzenean, arkitekturan hasi nintzen, baina, handik sei hilabetera, zientzia lanbide bilaka zitekeela pentsatu nuen, eta fisikara aldatu nintzen. Gero, astrofisikako doktoretza egin nuen.

Egun, zientzia arloan %30 inguru dira emakumeak, mundu osoan. Berdintasuna izateko asko falta dela uste duzu?

Ingalaterra eta Alemaniaren gisako herrialdeetan are gutxiago da: emakumeak %10 inguru dira. Brasilen, halako zerbait, %30. Brasilgo egoera nahiko ona dela esan daiteke, nahiz eta onena %50 litzatekeen, noski. Emakume gehiago agertzen ari dira azkenaldian, baina prozesua nik espero baino motelagoa da.

Astrofisika ez da oso gai ezaguna. Zer egingo zenuke jendeak gehiago ezagut dezan?

Umeentzako zientzia diziplinan, astronomia behintzat landu beharko litzateke. Alegia, geografia ikasten den moduan, astronomia ikas liteke. Eta fisikako irakasleek fisikari buruzko kontzeptuak jakitea ere garrantzitsua litzateke. Hitzaldiak ematen ditudanean, umeek dute interesik handiena: denetarik galdetzen dute. Hezkuntza plana pixka bat aldatu beharko litzateke. Bestalde, prentsak ere garrantzi handiagoa eman beharko lioke.

Beste planeta batzuetan bizitza dagoela uste duzu?

Ikertzen gabiltza, baina ez da aurrerapen handirik izan. Esne Bidean badago zibilizazio bat egoteko probabilitatea; arazoa da nola komunikatu haiekin: beste zibilizazio hori 50.000 argi urteko distantzian egon daiteke. Hortaz, zibilizazio horrek guretzako seinale bat bidaltzen badu, guregana heltzeko 50.000 urte beharko ditu seinaleak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna