Albistea entzun

ATZEKOZ AURRERA. Carme Junyent. Hizkuntzalaria

«Gaur egun ez dago elebakar izaterik»

Mende batean, egun munduan diren hizkuntzen erdiak desagertuko dira; Junyentek Afrikako komunitateetako eleaniztasuna adibide gisa hartu du, hizkuntzarik desager ez dadin.
JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS Tamaina handiagoan ikusi

Jon Rejado -

2016ko irailak 27 - Gasteiz

Gaelera, Irlandatik; lenkera, Erdialdeko Amerikatik; hokkienera, Asiako hego-ekialdetik... Asko dira Hitz adina mintzo zikloak Gasteizera ekarriko dituen hizkuntza gutxituak. Aurreko astean hasi zuen zikloak bidea, Oihaneder Euskararen Etxean. Carme Junyent Bartzelonako Unibertsitatean lan egiten duen hizkuntzalariak (Masquefa, Katalunia, 1955) hasi zuen ikasturtea, Nola akatzen dira hizkuntzak hitzaldiarekin.

Nola akabatzen dira, bada, hizkuntzak?

Hiztunak estutuz, erabil ez dezaten. Batzuetan, presioa hiztunak hiltzerainokoa da, baina ez da beharrezkoa hizkuntza bat akabatzeko. Eragile asko daude, baina, azkenean, muina bakar bat da: norbaitek bere hizkuntza erabiltzeari utzi, eta beste bat transmititzen du.

Zergatik?

Asko estutu dutelako pertsona hori indarkeria fisikoaren bitartez, edo sinetsarazi dizutelako zure hizkuntzak ez duela ezertarako balio. Hizkuntzetan ez dago desagertzera arte eramaten dituen ezer; hizkuntza guztiek edozertarako balio dute.

Palabras y mundos txostenean zehazten da munduko hizkuntza gehienak mende batean desagertuko direla.

Metaketa prozesua gertatu da, eta azkenaldian azkartuz joan da. Horrez gain, domino efektua gertatzen da hizkuntzen heriotzarekin. Adibidez, historikoki bi komunitateen artean komunikatu badira, horietako batek hizkuntza aldatzen badu, besteak aldatu beharko du berea.

Noiz bizkortu zen prozesua?

Kristobal Kolon Amerikara heldu zen eguna hartzen da egun sinboliko gisa. Uste da bostehun urtean hizkuntzen erdiak desagertu direla.

Zein da egungo egoera?

Hizkuntza desagertzeko prozesuan hiru fase daude. Lehen fasean, gizartea elebidun bihurtzen da; egungo hizkuntzen %40 daude fase horretan. Bigarrenean, hizkuntzak ez dira belaunaldiz belaunaldi transmititzen; hizkuntzen %40an gertatzen ari da hori. Hirugarren fasean, azken hiztunak baino ez zaizkie geratzen hizkuntzei, eta egungoen %10 daude egoera horretan. Azken bi faseetan dauden hizkuntzek ia ezinezkoa dute XXII. mendera heltzea.

Eta oraindik ere transmititzen diren hizkuntzen kasuan?

Badago lan egiteko aukera. Erabilera zabaltzeko aukera dute, hizkuntza dominatzaileen hiztunekin elkarlanerako borondatea badute.

Eta administrazioen lana?

Ez dut konfiantza handirik haiengan. Gaia haien esku utziko bagenu, galduta geundeke; ez dute sinesten hizkuntzak guztiona izan behar duenik.

Hizkuntza bat desagertzeko prozesuan gizarte elebiduna aipatu duzu. Gerta daiteke bi hizkuntzen arteko elkarbizitza epe luzean?

Ez dut kasu bat bera ere ezagutzen. Inork ez dit horren adibiderik eman, hortaz... pentsa dezakegu ez dagoela kasu gehiegirik. Dena den, gizarte elebiduna bainoago, elebidun bihurtzen den unea da lehen fasearen muina: hizkuntzen ordezkapen prozesua, alegia.

Prozesuari muga jartzeko modurik ba al dago?

Batzuen ustez, elebakartasunak bermatzen du hizkuntza bat mantentzea, baina, egungo munduan, gaur egun, ez dago elebakar izaterik: Internetekin... Eleaniztasuna izan daiteke bidea hizkuntzek bizirik iraun dezaten.

Eleaniztasuna?

Gizarte eleaniztunetan beste hizkuntza bat sartzen denean, ez da ordezkapenik gertatzen: ez du beste hizkuntzen espazioa hartzen. Chiapasen [Mexiko] gertatzen da; Afrikan ere oso ohikoa da: komunitate eleaniztun asko daude.

Zer ezaugarri ditu eleaniztasun horrek?

Komunitate batzuetan bizilagunaren hizkuntza ez da lehiakide gisa hartzen; aldiz, ezagutu beharreko zerbaiten gisara ikusten da, haiekin komunikatu ahal izateko. Lau edo bost hizkuntza hitz egitera hel daitezke Afrikako komunitate horietakoak. Migratzaile batzuek ondare hori guztia dute; ordea, bidaiatzen dutenean beste kontu bat da.

Zer gertatzen da pertsona horiek migratzen dutenean?

Eleaniztun izaten jarraitzen dute, baina ez dituzte transmititzen.

Eta gizarte elebidun batera heltzen badira, non hizkuntzen arteko asimetria dagoen?

Aldagai asko daude, baita sorpresak ere. Dena den, antzeman dugu hizkuntza dominatzailea ikasten dutela agintzen dietelako, komunikatzeko soilik. Ordea, azpiratutako hizkuntza bat nahi dutelako ikasten dutenean, harrera komunitateak asko baloratzen du, eta migratzaileek hori nabaritzen dute.

Jar dezakezu adibideren bat?

Duela urte batzuk gertatu zen. Ikerlan batean zenbait haurrekin hitz egin genuen. Bat Katalunian jaioa zen, Gambiako bikote baten semea, 7 urtekoa. Katalana garrantzitsua iruditzen ote zitzaion galdetu genion. «Bai, noski!», erantzun zigun. «Katalanez hitz egiten badut, ez naiz horren beltza».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Urmugako antolatzaileak, babesleak eta musikariak, atzo Donostian egindako aurkezpenean. ©GORKA RUBIO / FOKU

Urmuga, haria blaitzeko prest

Ane Insausti Barandiaran

Uztailaren 12tik 30era egingo dute Urmuga mendi ibilbide musikatua. Gutxi gorabehera, 50 musikarik eta taldek parte hartuko dute. BERRIAk babestuko du, eta modu berezian jorratuko du.
Erle beltza, <em>Apis mellifera mellifera nigrotorax</em>. ©BERRIA

Nekazaritzatik aldenduta, hobeki

Iker Tubia

Gune naturaletako erlauntzen eta beren erleen mikrobiota hobea da nekazaritza eremuetakoa baino, EHUko ikerlari batzuek argitu dutenez. Erleei kalte handia egiten dien barroari aurre egiteko ikerketa abiatu dute.
Ioar Aizpurua, Ataun irratiaren sortzailea, irratiko estudioan. ©IOAR AIZPURUA

Handituz joan den irratia

Amaia Jimenez Larrea

Hamar urte bete ditu Ataun irratiak. Gaztetxo batek sortu zuen irratia 11 urte zituela, bere bi zaletasun batuz: irratigintza eta informatika. Gaur egun hamar bat pertsonako lantaldea du.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Jon Rejado

Informazio osagarria

Iruzkinak kargatzen...