ATZEKOZ AURRERA. Hugues Lacroix. Ikertzailea

«Eleaniztunek beren burmuinaren kontrol hobea dute»

Seaskako ikasleek hirugarren hizkuntza bat —gaztelera— ikastean dituzten erraztasunak ikertuko ditu Lacroixek. Eleaniztasuna abantaila bat dela uste du, eta eragina duela hizkuntzen alorretik at.
BOB EDME / EZEZAGUNA

Bidatz Villanueva Etxague -

2016ko urriak 28
Eleaniztunek abantaila anitz dituztela uste du Hugues Lacroix ikertzaileak (Quebec, 1984). Hizkuntza modernoetako lizentzia lortu zen Montrealgo unibertsitatean (Quebec), eta doktoretza egiten ari da, hizkuntza bat baino gehiago jakiteak beste batzuk ikastean izan ditzakeen onurez. Seaskako seigarren mailako ikasleekin lan eginen du .

Zein da, zehazki, zure ikerkuntzaren helburua?

Hizkuntza anitz hitz egin ahal izatearen eragin onuragarriak aztertzea, jakitea eleaniztun baten burmuinak nola funtzionatzen duen elebakar batenaren aldean.

Zure ikerketaren ikuspuntutik, zein onura dakartza eleaniztuna izateak?

Ikerketa anitz daude baieztatzen dutenak eleaniztunek kontrol betearazle hobea dutela. Elebidunek, esaterako, lan egiten dute hizkuntzetako bat inhibitzeko, eta, hortaz, beren burmuinaren kontrol hobea dute. Hobeto ulertzeko, elebakarren aldean, entrenatuago daude eleaniztunak. Abantailak dituztela ziurra da. Kontrol betearazlea abantaila oso handia da.

Horrek, beraz, hizkuntzak ez diren beste alorren batean eragiten du?

Bai, hala nola matematikan eta hizkuntzekin ezer ikustekorik ez duten ikasgaietan.

Eta nola eragiten du beste hizkuntzen ikasketan?

Eleaniztunek, ziurrenik, elebakarrek baino gaitasun metalinguistiko garatuagoa izanen dute, hizkuntzaren gainean hausnartzeko ahalmen handiagoa.

Hipotesi edo ikerketaren batetik abiatu duzu zure lana?

Hirugarren hizkuntzaren jabetze prozesuaren ikerketa egin duten hiru eredu hartu ditut. Soilik bigarren hizkuntzaren bidez transferentzia egiten dugula baieztatzen duena, tipologikoki antz handiena duenaren bidez transferitzen dugula dioena, eta hirugarren hizkuntza ikasteko onuragarrien zaigun hizkuntzara joko dugula dioen teoria.

Zergatik hautatu zenuen Euskal Herria, eta, bereziki, Seaskako kolegioak, ikerketa egiteko?

Ingurune bakan bat delako. Izan ere, latin hizkuntza batek eta aurreindoeuropar batek eremu berean egiten dute bat.

Eginen duzun ikerketaren ondorioek agian ikasketak egokitzeko balioko dutela diozu. Zergatik?

Oraindik ez dut frogatu enpirikoki, baina uste dut ez diegula halabeharrez modu berean irakatsi behar elebakarrei eta eleaniztunei. Testuinguru eleaniztun batean, gauzak egokitu beharko lirateke, erraztasun handiagoa baitute hainbat arlotan. Elebakarrek, beharbada, abantailak dituzte beste alor batzuetan.

Globalizazioa dela eta, hizkuntzen berezitasunak erakustea garrantzitsua dela aipatu duzu. Nola eragiten du hizkuntzetan?

Globalizazioagatik, gero eta eleaniztun gehiago daude. Globalizazioak, ordea, hainbat hizkuntza desagerraraz ditzake. Urte batean zenbat hizkuntza desagertzen diren begiratzen badugu, hizkuntza katastrofe batez hitz egin dezakegu. Biologo batentzat animaliak desagertzeak dakarrenarekin parekatzen du [Noam] Chomskyk.

Ingelesa hegemonikoa da?

Esparru akademikoan, bederen, bai. Ikertzaile gisa, pentsatzen dut beste hizkuntza batzuetan idatzi behar dugula; bestela, hizkuntzak ez ditu garatzen hitz zientifikoak.

Gobernuek ere arduratu beharko lukete hizkuntza babesteaz, hemen, esaterako?

Kanpotik etorritako norbait izanik, zail egiten zait horren gainean iritzia ematea, baina, bai, uste dut horrek laguntzen duela. Quebecen egoera guztiz bestelakoa da. Hemen, frantsesa hizkuntza zapaltzailea da; han, berriz, frantsesa iraunarazten saiatzen gara. Talde minoritarioa gara, baina neurri politikoak daude, 1970eko eta 80ko hamarkadakoak, frantsesa babesteko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna