Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Bizigiro «Eguzki lorea aurrera egiteko indarra ematen dizun ikur bat da»

Publizitatea

Bizigiro

ATZEKOZ AURRERA. Marga Pesos. Eguzki-lore landatzailea

«Eguzki lorea aurrera egiteko indarra ematen dizun ikur bat da»

Landare babestua izanda, eguzki loreak landatzeko eta saltzeko erronkari heldu dio Pesosek. Bi urtean behin loratzen den landarea denez, bestelako produktuak ere prestatu dituzte: krema, likorea...
Argazkia: JAIZKI FONTANEDA / ARGAZKI PRESS

2017-01-10 / Jon Rejado

Eguzki loreari hamaika onura aitortzen zaio. Landare hori, baina, ez da ohikoa, eta babestuta dago; hots, debekatuta dago mendian hartzea. Hori ikusita, eguzki lorea Elosun (Araba) haztea erabaki zuen Marga Pesosek (Gasteiz, 1973), duela hiru urte. Bestelako produktuak ere sortzen ditu landare horrekin: likorea, krema eta bitxiak. Horiek guztiak Maghu izenpean merkaturatuko dituzte.

Lehenik eta behin, zergatik Maghu izena? Nola bururatu zitzaizuen?

Lagun batek esan zigun, eta hasieratik maitemindu ginen. Persierazko hitza da, eta islatu nahi genituen ideiak biltzen ditu. Eguzki loreak berezkoa duen magia eta egitasmoa aurrera eramateko hamaika aldiz errepikatu dugun esaldia biltzen du: «Nahi badut, ahal dut».

Nolatan hasi zineten eguzki loreekin lan egiten?

Elosun etxea erosi genuenean, lur sail txiki bat zuen ondoan. «Etorkizunean zer edo zertarako balioko digu», pentsatu genuen. Horrez gain, atean eguzki lore bat izan nahi genuen, baina ez zen erraza hori lortzea. Mendian hartzeko aukera dago, baina debekatuta dago, eta sentitzen genuenaren aurka zihoan, gainera. Pentsatu genuen agian beste norbaitek ere nahiko lukeela bat eduki, eta lanean hasi ginen.

Landaketa hasi aurretik, ikerketa lana egin zenuten. Zein ezaugarri ditu eguzki loreak?

Izpiritu gaiztoak uxatzeko gaitasuna aitortu zaio; batzuetan guk geuk ditugu izpiritu gaiztoak. «Nik ahal dut» esaldiaren ikur bat da; aurrera egiteko indarra ematen dizun ikur bat. Mendeetan etxeen atean jarri izan da, barrukoak babesteko: ez etxea bera, baizik eta maite dituzun horiek. Horrez gain, dermatitisa borrokatzeko balio du landareak, digestioa egiten laguntzen du...

Nora jo zenuten informazioa lortzeko? Eta haziak eskuratzeko?

Asko begiratu genuen, baina ez zen erraza izan informazioa lortzea. Irakurri genuen Olarizuko Lorategi Botanikoko Landare Germoplasmaren Bankuan ere eguzki lorearekin ari zirela lanean. Bertara joan ginen, eta animoak eman zizkiguten hasi nahi genuen proiekturako. Hazi batzuk ere eman zizkiguten.

Nolakoak izan ziren hastapenak?

Gogorrak. 2013ko udan hasi ginen. Ezjakintasunak eta eguraldiak ez zioten mesederik egin landareari. Baina asko ikasi genuen. Bi urtean behin loratzen den landarea denez, beste lan ildo batzuk pentsatu behar izan ditugu. Lorea aterako den edo ez ikusi bitartean bi urte itxarotea arriskutsuegia zen.

Likorea egin duzue eguzki lorearekin. Sen destilatzailea zenuten?

Ez, ez [barre egiten du]! Eguzki lorearen magiak berak lagundu gaitu bide osoan. «Digestioan laguntzen badu, likore bat egiten badugu?», pentsatu genuen. Zenbait probaren ondoren, lortu genuen nahi genuena: 30 gradu ditu likoreak, gozoa da, eta zaporez ez diot antzik hartzen aurretik dastatutako ezeri; ezti kutsua du, eztirik bota ez badiogu ere. Sustraiak erabiltzen ditugu likorea egiteko. Horrez gain, azalerako krema ere prestatu dugu.

Eguzki loretik ateratako gaiez gain, bitxiak ere salduko dituzue.

Lagundu gaituen jendea izan dugu, hasieratik. Profesionalekin harremanetan jarri izan gara ideia bat izan dugunean. Andrea Baragañok egin du bitxia: eguzki-lore haziaren forma duen zilarrezko zintzilikaria.

Noiztik egiten dituzue likoreak, kremak eta zintzilikariak?

Lehen urte eta erdian landareetan zentratu ginen. Bideragarria ote zen jakin nahi genuen; are gehiago, hasieran ez genekien Elosun eguzki loreak landatzeko baldintzak zeudenik ere. Urte honetan landu ditugu beste gaiak. Hilabete eta erdian webgunea prest izatea espero dugu, eta horren bidez salduko ditugu egindako produktuak. Hau da orria: www.maghu-eguzkilore.com.

Publizitatea

Sortu kontua
Jon Rejado Jon Rejado

Informazio osagarria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak