Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Bizigiro «Adierazteko aurkitu dudan tresnarik onena da gastronomia»

Publizitatea

Bizigiro

ATZEKOZ AURRERA. Dominique Crenn. Sukaldaria

«Adierazteko aurkitu dudan tresnarik onena da gastronomia»

Beste ezeren gainetik, harremanak izateko eta adierazteko aukera ematen dio gastronomiak Crenni, poesia eta sukaldaritza uztartuta. 2016an, emakumezko sukaldaribururik onena izendatu dute.
Argazkia: JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS

2017-03-16 / Julen Aperribai

Plateren atzean dauden «istorioek» egiten dute berezi gastronomia, Dominique Crenn sukaldariarentzat (Yvelines, Frantzia, 1966). Horregatik, menuaren aukerak poesia moduan eskaintzen ditu San Frantziskon (AEB) duen Atelier Crenn jatetxean. 2016an, emakumezko sukaldaribururik onena izendatu zuten. Donostian izan zen asteartean, Basque Culinary Centerreko Sukaldeko Elkarrizketak jardunaldian.

Nondik datorkizu gastronomiaren inguruko interesa?

Frantzian hazi nintzen, baserri giroan, eta gastronomia oso presente zegoen. Bestalde, harremanak asko interesatzen zaizkit. Uste dut gastronomia dela adierazteko aurkitu dudan tresnarik egokiena.

Ostalaritza eskoletan sartzen saiatu zinen, baina ez zintuzten onartu.

Eskola batekin harremanetan jarri nintzen, eta ideia burutik kentzeko esan zidaten, sukaldaritza gizonezkoentzat zela. Nire asmoa ez zen kurtsoan izena ematea: zuzendariarekin elkarrizketa bat izatea besterik ez. Interesgarria izan zen niretzat erantzun hori jasotzea, konturatzeko Frantzian zenbateraino baztertu izan den emakumea.

Gertaera horrek grinatsuago egin al zintuen?

Ez, nire bizitzan berezkoa dut grina.

Jakartako Internacional hotelean hamalau sukaldariko taldea osatu zenuen, guztiak ere emakumeak; zeuk hala erabakita?

Ez. Kontratatu nindutenean, sukaldari guztiak emakumezkoak izan zitezen nahi zuten. Esperientzia hartatik aberasgarriena Indonesiako kultura ezagutzeko aukera izan zen, ezer gutxi bainekien hango gizarteaz ordura arte. Erronka moduan hartu nuen, eta saiatu nintzen gainerako emakumeak inspiratzen.

Eremu maskulinoa al da sukaldea?

Hedabideentzat hala da, baina, berez, ez dut uste. Sukalde barruetan begiratuz gero, gizonezkoen eta emakumezkoen kopurua antzekoa da. Eztabaida horri bukaera eman behar zaio, eta sukaldariburuen inguruan orokorki hitz egin behar dugu. Hedabideek errealitate hori distortsionatu nahi dute, eta gaiaren inguruan hitz egiten jarraitu.

Sukaldariek hartzen dituzten erabaki guztiak politikoak direla esan duzu Donostian. Zertaz ari zara, zehazki?

Bizitzan hartzen duzun jarrera oro aktibismo ekintza bat da. Subjektu politikoak gara. Ez diot zentzu negatibo batean, baina begirada zabalik izan behar dugu. Ni politikoa naiz, adibidez, ziurtatuta nire langileek gutxieneko soldata bat dutela. Berdin izan zaitezke politikoa zure produktuak baserritarrei erosita, eta ez enpresa handiei. Komunitatearen beharrei atxikitzeari buruz ari nintzen.

Sukaldeko poeta omen zara.

Denak du atzean istorio bat, eta uste dut garrantzitsua dela materiala dena istorio horrekin bezala emozioekin ere lotzea, bereziki sukaldean, eta ez janaria bere horretan hartzea. Hala ulertzen dut nik.

AEBetan egin duzu zure ibilbide profesionala. Goi mailako gastronomia lantzeko herrialde egokia al da?

San Frantziskon bizi naiz, eta nire gastronomia garatzeko eta nik buruan nuen hori egiteko leku oso ona dela uste dut. Oso hiri berezia da, eta, bere horretan, hiri bat eta herrialde bat ere izan daiteke.

2016ko emakumezko sukaldaribururik onena izendatu zaituzte. Zer du berezi zure sukaldaritzak?

Epaimahaiak hartutako erabakia besterik ez da. Ez dut uste besteak baino hobea naizenik; saiatzen gara gauzak ondo eta gure filosofiarekin bat egiten. Gure identitate propioa garatu dugu, hala ere, eta agian hori da erabakia hartzerakoan gure aldera lerratzearen arrazoia. Saria irabaztea lagungarria izango zaigu egiten duguna jendeari erakusteko.

Publizitatea

Sortu kontua

Informazio osagarria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak