Albistea entzun

ATZEKOZ AURRERA. Felipe Aizpuru Barandiaran. Osakidetzako Arabako Ikerketa Unitateko burua

«Aukera bat da 'big data', baina ez du salbatuko gizateria»

Bihotz gutxiegitasunaren bilakaera iragarri ahal izateko, ikerketa lanetan ari da Aizpuru buru duen unitatea. 2011. urtetik, gaitz hori duten 13.000 lagunen datuak aztertu dituzte.
JON REJADO Tamaina handiagoan ikusi

Jon Rejado -

2017ko ekainak 8 - Gasteiz

Osasungintzaren etorkizuna datuen kudeaketan dagoela defendatu du hainbatek. Argudiatzen dute eremu askotako datuak elkarren artean gurutzatuz informazio baliagarria lortu ahalko dela. Etorkizuna heldu bitartean, Osakidetzako Arabako Ikerketa Unitatea eskala txikiagoan ari da lanean: Osakidetzak antzemandako bihotzeko gutxiegitasuna duten 13.000 lagunen kasuak ikertzen ari da 2011. urtetik. Felipe Aizpuru Barandiaranek (Gasteiz, 1957) proiektua azaldu du.

Big data edo datu masiboen alderaketa osasungintzaren etorkizuna izango dela diote hainbat ikerlarik. Hala da?

Paradigma guztiei bezala, une zehatz batean mugak agertuko zaizkio. Hau da, big data aukera handi bat da; ez du, ordea, gizateria salbatuko. Hori bera pentsatu izan da genetikaz. Eta aurretik kirurgiaz. Eta aurretik antibiotikoez... Edonola ere, informazioa baliatu behar dugu: datuak informazio bihurtu behar ditugu, eta informazioa ezagutza.

Zer lortu nahi duzue esku artean duzuen ikerketarekin?

Etorkizunean aurreikuspenak egiteko modeloak landu nahi ditugu. Alegia, medikuek edo erizainek gaixoaren bilakaera zein izango den iragar dezaten. Bestalde, kasuen artean konparazioak egin nahi ditugu, ondorioak ateratzeko.

Zer motako konparaketak?

Eritasun bera duten lagunen arteko alderaketak. Ordea, eragile asko daude horren barruan. Adibidez, eritasun bera duten bi pertsonei botika ezberdina emanez gero, ezin izango ditugu parekatu.

Big data esaten zaion horren adibide al da zuen proiektua?

Guk egiten duguna Real World Data moduan definitzen dugu: mundu errealeko datuak. Big datak hamaika datu elkarren artean gurutzatzen ditu, hasiera bateko hipotesirik gabe: klima, demografia, osasun adierazleak... Eta bertatik ondorioak ateratzen dituzte.

Zer datu erabiltzen dituzue zuen ikerketarako?

Osakidetzaren aktibitateak sortzen duen informazio guztia, baita kanpoko bateren bat; hilkortasun errolda, kasurako. Pertsonen gaixotasunen bidea aztertu nahi dugu.

Datu guztiak al dira baliagarriak?

Datu batzuk aukeratzen ditugu, eta, behin garbi daudenean, erabilgarriak dira. Hau da, batzuetan datu bat errepikatuta dago, edo nahastuta... Prozesu nekeza da, garai eta leku batetik bestera informazioa jasotzeko irizpidea aldatu baita. Eta datuak bateratuak ez badaude, emaitzak ez dira fidagarriak izango.

Noiz hasi zineten lan ildo horretan pentsatzen? Alegia, informazioa uztartzea iragarpenak egin ahal izateko osasungintzan?

2004. urtean-edo hasi ginen lanean, baliagarri ikusi genuelako aurrera begira. EAEko osasun sistemaren datuen antolaketak ez zuen halakorik egitea errazten. 2009tik aurrera, egoera hobetu zen.

Dena den, 2011n hasi zineten datuak biltzen. Zergatik ez aurretik?

Aurretik egindako saiakerei esker, erabaki genuen 2011. urtetik aurrerako datuak oso fidagarriak zirela. Orain arte, 13.000 kasu izan dira, eta aurki azken urteetako beste 6.000 kasuren datuak gehituko ditugu. Ematen du halako egitasmoak egun batetik bestera sortzen direla, baina lan handia dago horien atzean.

Osasun Saila beste proiektu batean sartuta dago, oraingoan bai big datarekin lotuagoa: MIDAS.

Beste eremu batzuetan ari dira hori kudeatzen. Genetikarekin lotutako datuen trukean oinarritzen da, hein handi batean. Finlandiako, Arizonako, Ingalaterrako, Irlandako eta Ipar Irlandako osasun sistemekin egiten ari da. Datu horiek guztiak uztartuko dituzte, eta, besteak beste, bilatuko dute aldagai genetiko batzuek gaitz jakinak izateko aukera handitzen duten, edo botika jakin batekin azkarrago sendatzea.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Juan Mari Arzak, BCCren ohorezko oroigarria hartuta, eta sukaldariz eta ikaslez inguratuta, atzo. ©MAIALEN ANDRES / FOKU

Arzak patroia, Arzak maisua

Enekoitz Telleria Sarriegi

BCC Basque Culinary Centerreko ohorezko patronatukide izendatu dute Juan Mari Arzak. Haren ekarpena eskertu dute, eta bere ezagutza partekatzeko izan duen eskuzabaltasuna goratu.
 ©BERRIA

Ohiko albisteetatik ihesi

Iker Tubia

Reuters institutuaren arabera, geroz eta jende gehiagok erabakitzen du gaurkotasuna albo batera uztea. Eragin psikologikoa, nekea, konfiantza falta eta ezintasun sentsazioa aipatu dituzte albisteetatik deskonektatu direnek.
Jaurlaritzako, Euskal Wikilarien Kultura Elkarteko eta EHUko ordezkariak, Ikusgelaren aurkezpenean, atzo, Donostian. ©JON URBE / FOKU

Martxan da Ikusgela, euskarazko bideo pedagogikoen ataria

Amaia Jimenez Larrea

Euskal Wikilarien Elkarteak filosofiako, ekonomiako eta euskal literaturako bideoak egingo ditu

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Jon�Rejado

Informazio osagarria

Iruzkinak kargatzen...