ATZEKOZ AURRERA. Bernard Petit. Ingeniari kimikoa eta industrialari ohia

«Kreditu txartela bozka papera baino eraginkorragoa da»

Asaldatzaile endokrinoak zein kaltegarriak diren erakustera etorri da Euskal Herrira Petit, eta horien saihesteko bideak azaltzera. Sortuak ez diren haurrei ere eragiten diete.
AURORE LUCAS

Nora Arbelbide Lete -

2017ko irailak 12
Airean, errautsean, jantzietan, plastikoetan, altzarietan, denetan daude asaldatzaile endokrinoak. Baina era berean, aski ezezagunak dira. Horri aurre egiteko, Sortu aitzin kutsatutako haurrik ez liteke sortu behar izenburuko mintzaldia proposatu du Bernard Petit (Issy-les-Moulineaux, Frantzia, 1949) industrialari ohiak Lekornen (Lapurdi). Asunak, Biologikoaren topaketen egunaren karietara jin da Lekorneko Garrora. Ingurumenaz eta osasunaz arduratzen den RES elkarteko kide da.

Asaldatzaile endokrinoak zer diren ez da baitezpada ezaguna, baina aldi berean gizaki guztiek dituzte beren baitan, baita sortu aitzin ere…

Sinpleki azaltzeko, molekula kimikoak dira, kanpotik gure gorputzean sartzen direnak, eta gure hormonen sistema nahasten dutenak.

Definizioa bera erronka politiko bat da. Europan eztabaida sortu du. Badira asaldatzaile egiaztatuak, besteak ustezkoak, badira salbuespenak ere...

Europan gertatu da industrien lobby-ek eginahalak egiten dituztela ez dadin definizio sinplerik izan.

Zein da horien interesa?

Pestizida horiek erabiltzen segitzea. Pestizida anitzek asaldatzaile endokrinoen rola betetzen dute intsektuen kontra. Baina intsektuen hormonen nahasle diren heinean, gizakientzat ere rol bera betetzen dute.

Herritar gisa zer egin daiteke?

Kontsumitzailearen boterean sinesten dut nik. Erosten duenaren bidez, merkatua bidera dezake. Nire lagun batzuk erraten duten bezala: kreditu txartela bozka papera baino eraginkorragoa da. Industrial batek merkatuaren eskaera segitzen du. Azken hamar urteetan biologikoaren garapena izan daiteke horren adibide.

Biologikoaren arrakasta industriak bereganatu du, baina, bide batez, biologikoaren araudia malgutzea ere lortu du…

Egia da. Guri dagokigu, hor ere, tokiko ekoizleekin harreman zuzenen garatzea.

Asaldatzaile endokrinorik gabe egin daiteke?

Horretarako, zorrotzagoak izan behar dugu janariarekin kontaktuan den guztiari begira. Adibidez, altzairu herdoilgaitzezko zartaginak erabiliz. Baztertuz fluorezko produktuak dauzkaten zartagin famatu horiek.

Tefal zartaginak?

Adibidez. Askatzen dituzten substantzia batzuk asaldatzaile endokrino efektua dute. Hori frogatua da jadanik.

Ura ere erronka bat da asaldatzaile endokrinoei begira, ez?

Adibidearekin segituz. Tefal gisako zartagina garbituko duzularik, zure baxeren uretan substantzia horren aztarnak utziko dituzu. Ur hori garbituko delarik ur edangarri bihurtzeko, ez dituzte molekula guztiak harrapatuko.

Asaldatzaile endokrinoak ez dira aurkitzen ur azterketetan?

Ez. Eta, preseski, azterketen araudia aldarazi nahi dugu. Egin izan delarik, minbiziaren aurkako tratamenduak ere aurkitu izan dituzte...

Aztarnak dira.

Asaldatzaile endokrinoek biziki dosi apalean eragin dezakete. Horrek esplika dezake, adibidez, zergatik gure herrietan bular eta prostata minbizien kopuruak mundu mailako gorenak diren. Ez dute dena esplikatzen, baina beren eragina daukate. Ikerketa batzuek erakutsi dute nola Japoniako emazteek ez duten hainbeste bularreko minbizirik. Baina AEBetan bizi diren Japoniako emazteek, aldiz, minbizi kopurua anitzez handiagoa dutela.

Autismoa ere lotua liteke.

AEBetan 25 urtez anitz igan da autisten kopurua. Amaren sabelean delarik ninia, baita sortu eta gero ere, tiroideak anitz eragiten du. Asaldatzaile endokrinoek tiroidearen funtzionamenduan eragiten dute.
Nora Arbelbide Lete

Informazio osagarria