Albistea entzun

ATZEKOZ AURRERA

Txu-txu trena, barraketarako

Ehunka lagun bildu dira Iruñean abiadura handiko trenaren aurka protesta egiteko. Giza katea egin dute Sarasate pasealekutik Nafarroako Diputaziora bitarte, tren eta guzti.
Izuaren txu-txu trenak Iruñeko kaleak zeharkatu ditu abiadura handiko trenaren aurkako giza katearekin batera.
Izuaren txu-txu trenak Iruñeko kaleak zeharkatu ditu abiadura handiko trenaren aurkako giza katearekin batera. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS

Iker Tubia -

2015eko apirilak 12 - Iruñea

Sirena hotsa, musika beldurgarria, ke berde eta arrosa, koloretako globo luzeak. Txu-txu trenak Iruñeko kaleak zeharkatu zituen atzo abiadura handiko trena gelditzeko aldarria zabaltzeko. Sorgina, txorimaloa, eskeletoa, Super Mario Bross, igela, behia, eta baita Freddy Krueger ere. Ez zen inor falta. Izuaren txu-txu trena zen, hau da, AHTa, eta kalean pasieran zebiltzanak zirikatzen aritu zen.

Izan ere, AHTaren proiektua gelditzeko eskatu zuten berriz ere Iruñean. Atzokoan, giza katea egin zuten. Sarasate pasealekuan hasi eta Alde Zaharreko kaleak zeharkatu ondoren, Nafarroako Diputazioaren parera ailegatu ziren. Ehunka lagun bildu zituen protestak, eta AHTaren aurkako eta gizarte gastuaren aldeko oihuak bota zituzten. Nabarreriako iturriari itzulia eman ondoren, katearen burua Mercaderes kaleko bihurgunera ailegatu zenean azkenengo manifestariak Udaletxeko plaza atzean uzten ari ziren.

Kalerik estuenetan, inguruan zegoen jendearen oihuak ere aditu zitezkeen txu-txu trena igarotzen zelarik. Mozorrotuek puxikak banatzen zituzten, baina sorginak erratzarekin jotzen zituen ondoren. Irurtzungo galtzagorriak ere agertu ziren jendea zirikatzeko, baita kilikiak eta Barañaingo bestetan parrandazaleek ateratzen dituzten erraldoiak ere: Bin Laden eta Michael Jackson.

Beldurgarria izan zen dena. «AHTa izuen txu-txu trena da», azaldu zuen Itziar Bardaji Zabaldiko Kalaska kolektiboko kideak. Txorimalo mozorroaren azpian ezkutatu zen. Bide beretik jo zuen Jesus Villaro Mugitu taldeko kideak: «Txu-txu beldurgarria da, huts egin duen porlanaren politikaren sinboloa».

Bertan zirenek, baina, trenak maite dituzte. Hala, giza katea AHTrik ez! idatzia zuten oihalek batzen bazuten ere, bazen bestelako mezua zuen oihal bat: Erdialdea trenaren alde. Tafallako Maria Jesus Sanchezek eta Luis Ojerrek eusten zioten. «Trenaren alde gaude, eta AHTaren aurka», zioen Sanchezek. «AHTa egiten badute, Tafallan trena galduko dugu; geltokia desagertuko da», zioen Ojerrek. Horregatik, haiek nahiago dute oraingo sarea hobetu. Pili Berrio ere han zen, eta ingurumenari egiten zaion kalteaz ohartarazi zuen. Itxaropentsu mintzo zen. «Guzien artean geldituko dugula espero dugu».

Bardajik zioenez, autoen alternatiba behar da: «Tren mantsoa, herriz herrikoa eta ekonomikoa». Izan ere, Nafarroako trenbide sarea «makala» dela uste du, baina AHTak ez duela hobetuko. «Ez dago pertsonentzako pentsatua, dirua barra-barra gastatzeko baizik».

Hormigoiaren prozesioa

Aste Santuko prozesioekin aski ez, eta atzo betoiaren pasoa izan zen protestan. Obrako lau langilek, kasko eta guzi, San Hormigon izeneko inurri erraldoi baten irudia eraman zuten sorbalda gainean. Betoi nahasgailua eta hondeamakina bat eginda sortutako animalia arraroa zen, buruan billete koroa zuena. «Guk inurria bezala, AHTa egin nahi dutenek berau dogmatizatu egiten dute», esan zuen Aitor Elizaldek, irudiaren eramaileetako batek. Esan zuenez, lehen AHTaren aurka ematen zituzten arrazoiak agerikoagoak dira orain: «Arrazoi berak dira, baina testuinguruak indarra eman die».

Giza katearen bukaeran proiektuak porrot egin duela esan zuen Villarok, eta kaltegarria dela gizarte, ekonomia eta ingurumenarentzat. Nafarroako gobernu berria osatuko dutenei mezu argia utzi zien: «zentzua gailendu» dadila eta AHTa «berehala» geldi dezatela.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©ALIZIA LOPEZ

«Zuen serio ospe hori ez duzue merezi»

Naroa Torralba Rodriguez

Hiru urte daramatza Diazek Twitchen zuzenekoak egiten. Astelehenetik ostegunera, goizean. Asteburuetan, antzokiak betetzen ditu Se pudrió todo bakarrizketarekin. Larunbatean izan zen Bilbon.
1 ©ARITZ LOIOLA / @FOKU

Publikoa jagoteko gogoa

Amaia Igartua Aristondo

Askotariko publikoak erakutsi dio babesa Euskal Eskola Publikoari Mungian ospatutako jaian: guraso eta seme-alabek, beti bezala, baina baita nerabe andana batek ere. Ikastetxeen premiak nabarmendu dituzte, festa giroan: azpiegitura plana bete dadin nahi dute, besteak beste.
Aitor Elordi ©Marisol Ramirez

Buruz buruko finalak %20,8ko ikusle kuota izan zuen

Urtzi Urkizu

Euskaldunen artean lehiak %34,5eko kuota lortu zuen. ETBk hamahiru kamera erabili zituen.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...