Albistea entzun

'GOOD BYE' FERMIN

Parrandaren ilunean

Frankista noraezean dago bunkerretik atera ondotik. Errekonkistaren aitzakiarekin, parranda egitera joan da eremu abertzalera. Bestaren argiak ez ezik, ilunak ere ikusi ditu.
Lehenbiziko dantzaldia Principal Casino tabernan izaten da: espartinaren dantzaldia.
Lehenbiziko dantzaldia Principal Casino tabernan izaten da: espartinaren dantzaldia. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS

Iker Tubia -

2015eko uztailak 14

Zurrunbilo bat dira sanferminak. EH Bildurekin edo EH Bildurik gabe. Horretan, aldaketa gutxi. Nabari da asteburuan kalean aditzen diren hizkuntza kopuruak gora egin duela, eta ailegatu da azken txanpa. Kaskoa ongi lotu, eta bestak berreskuratzeari ekinen diot berriz ere.

Hankei jarraitu diet, noraezean. Nahi gabe, Alde Zaharretik aldendu, eta Iturrama auzoan barneratu naiz. San Joan Bosco kalean alderik alde nabil, oreka bunkerrean ahantzi bainuen. Espainiako Poliziaren furgoneta bat igaro da. Beste bat, eta beste bat. Taberna batera doaz, zuzen, ziztu bizian. Haien atzetik jarraitu dut. «Garai onenetan bezala», pentsatu dut nire baitan. Abertzaleak egon ohi diren taberna bat inguratu dute, barnean zegoen jendea aterarazi, erregistratu, eta, ondoren, lokala miatu egin dute.

Zurrunbiloa probestu dute. EH Bildurekin edo EH Bildurik gabe. Horretan, aldaketa gutxi. Poliziengana hurbildu naiz. Esan didatenez, ez da Egurraren Peña ateratzen den lehenbiziko eguna. Uztailaren 6an ere kaleetan ibili ziren, kaskoa jantzita, kalejiran. Bizkarrean eskuarekin bi animo kolpe eman, eta aurrera jarraitu dut, hiriko futbol taldeko zale batzuk paretaren kontra dituztela.

Egiaren aitortzeko, azken-aurreko eguna da, eta dagoeneko ez dut gogoan zerk eraman ninduen bunkerrean sartzera. Curia kalean agertu naiz, ezagutu berri ditudan bi adiskiderekin. Batak txano gorri bat darama, eta lorez egindako koroa bat bigarrenak. Telefonoa ere badarama lehenbizikoak, baina ez sakelan, makila batean itsatsirik baizik. Argazki bat egin digu hiruroi. Moskobita deitutako frijituarekin berriz ere gora egin du animoak. Txiklea bezala luzatzen den gazta urtu horrek aurrera egiteko kemena eman dit.

Hurrengo geltokia, Nabarrerian. Mojitoa eskatu, eta Runa aldera jaitsi gara. «Barraketara goaz?», galdetu diet. «Bai, bai, barraketara», erantzun du batek, begiarekin konplizitate keinua eginez. Maldan behera izanagatik ere, egin duguna bide luzea dela iduri du. Barrakak atzean geratu dira. Gune handi bat dut parez pare, agertokia eta barra. «Zer da hau? Foruen plazako kontzertuak hona ekarri dituzte, edo?». Txosnak omen dira. Barraka politikoak, garai batean esaten genuen bezala. Baina katxia eskuan jarri didaten unean ahantzi dut non naizen.

Berehala bukatu da. Bero egiten du, eta erraz idortzen da eztarria. Pote bana ateratzera joan naiz barrara. «Basoa?», esan du barran dagoenak. Basoa etxetik ekarri behar al da? Tira, eskatu dut basoa. Euro bana. Buelta txosnara, garagardoak eskatu, eta «bederatzi tiket». Ene, berriro ere basoa eman didaten txosnara. Ilara luzea. Lortu ditut txartelak. Jarrai dezala bestak.

Alde Zaharrera ondoren, berriro gora. Kalean harrapatu dugun lehenbiziko peñari jarraitu diogu. Kaskoa galdu dut, baina kaleko saltzaile bati rastafari txano bat erosi diot, abertzale gorrien artean agerian ez geratzeko. Jarautako bi pisuko taberna batean bukatu dut. Aldarrikapenez josirik ditu paretak; bozgorailuetatik, baina, horien kontrako mezuak botatzen dituzte kantu sexista batzuek.

Bat-batean, argiak piztu dira. Kalera atera, eta argitu du. Eguzki izpiek min ematen dute begi ninietan. Bunkerretik atera berri naizela iduri du. Ez nau inork ikusi plastikozko basoz osatutako Jarauta itsasoa zeharkatzen. Alkohol, pixa eta xaboiz osatutako usain koktela atzean utzi gabe, entzierroa ikustera joan naiz.

Lainotu da

Etxeratzeko goiz da; banoa espartinaren dantzaldira. Nuevo Casino atarian, Espainiako bandera handiak egin dit ongietorria. Atarikoa ezaguna dut, eta pasatzen utzi dit. Hurrengoan garbiago joateko aholkatu dit, baina. Primeran pasa dut, Paquito el chocolatero kantuarekin jei!-ka. Iruindar petoak izaten dira han, garbiak eta zintzoak. Ni bezalakoak.

Handik atera, eta aditu dut neska gazte bat bortxatu egin dutela. Lainotu da besta. Gizon batzuek zurrunbiloa probestu dute. EH Bildurekin edo gabe. Horretan, aldaketa gutxi, zoritxarrez.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

 ©GUILLAUME FAUVEAU

«Galtzagorriak behar ditugu. Indar hori, euskaldunak, galtzagorriak gara»

Ainize Madariaga

Libe Goñi Garatek eta euskarak gorputz bakarra osatzen dute. Seaskako lehen andereñoa izan denak bizia eman du bere artatzen eta transmititzen. Olentzero, taloak, kantua eta dantzak ere zabaltzen aritu zen. Orain, reiki irakaslea da.
Ilaski Serranok eta Saioa Martijak Martxoaren 8ari buruzko <em>Ahoz aho</em> berezia prestatu dute bihar arratsalderako. ©ETB

Martxoaren 8ari lotutako makina bat saio izango da ikusgai egunotan

Urtzi Urkizu

ETB1en 'Ahoz aho' berezia egingo dute bihar. Hamaika telebistan emakume arrazializatuen inguruan arituko dira bihar, 22:00etan

Bi pertsona, animaliei begira, Zumas behatokitik. ©RAUL BOGAJO / FOKU

Hezeguneko sinergia

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria

Landareek eta hegaztiek bat egiten dute Gasteizko Salburua parkean, eta bizia ematen diote hezeguneari. Ataria interpretazio zentroak natur ibilbideak eskaintzen ditu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna