ATZEKOZ AURRERA. Maite Olaetxea. Kimikaria

«Humusaz, gehiago hazten da landarea»

Humusak landareen hazkundean duen eragin ona argitu du tesian Olaetxeak. Kimika ikasketak eta Kimika Aplikatua Industrian eta Ikerketan masterra egin ditu Nafarroako unibertsitate pribatuan.
JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS

Iker Tubia -

2016ko martxoak 8
Lau urteren ondoren, bukatu du ikerketa. Humusak landareen hazkuntzan dituen onurak argitu ditu bere tesian Maite Olaetxeak (Etxalar, Nafarroa, 1988). Jose Maria Garcia katedradunak zuzendu du, eta Roberto Baigorri izan da tutore laguntzailea ongarri enpresa batean aurrera eramandako proiektuan.

Nekazaritzan, humusa beti erabili da, baina ez zen jakina landareendako zergatik zen onuragarria. Zergatik erabiltzen zen?

Humusa da naturan dagoen materia organikoa (gorotza, konposta...) usteltzen den bitartean sortzen den substantzia. Hori erabiltzen zen lehenago, bereziki eskuragarria den ongarrietako bat delako. Baina minerala ere bai, gehienetan mendietako arroketatik ateratzen dena. Bereziki bi ongarri mota horiek erabiltzen dira. Gero, badaude beste gauza batzuk dituzten ongarriak. Baina ni ari naiz naturaren gain solasean. Ez naiz sartzen afera ekonomikoengatik egiten denarekin.

Landareen elikaduran laguntzen du humusak?

Ongarri organiko edo humusarekin, gehiago handitzen da landarea. Indartsuago eta handiago egoten dira. Ikerketa honen bitartez ikusi dugu zer gertatzen den landare horren barruan: bere elikagaiak eta ura eraginkorrago erabiltzen ditu.

Zergatik da garrantzitsua humusa erabiltzea?

Natura errespetatzen dugulako. Naturak daukana naturari ematen diogu, eta ez beste edozer gauza.

Hobea da humusa beste ongarriak baino?

Lur bakoitzak bere ezaugarriak ditu, eta bere beharrak. Adibidez, lur batek magnesio gutxi badauka, hori da eman behar zaiona. Beraz, lurraren ezaugarriak kontuan hartuta, ikusi behar da ea ongarri organikoa edo minerala behar duen. Baina ongarri organikoa botatzeak ez du kalterik egiten. Landareei on egiten die hazkundea hobetzeko.

Orain arte ez da ikerketarik egin?

Ikerketa beti izan da. Lehen modu sinple batean egiten zen: nik botatzen dut, eta ikusten dut on egiten dion edo ez. 1950. urtetik aurrera, hasi zen ikerketa idazten eta sakontzen. Badaude hobetzeko gauzak, eta horretan gaude. Alor honetan lanean ari garen ikertzaile batzuen helburua da deskribatzea zeintzuk diren humusaren substantzietatik aktiboak direnak eta landareei eragiten dietenak. Erabilera eraginkorragoa egitea da gakoa.

Alda dezake zerbait ikerketak?

Etorkizun laburrean ez dut uste. Ikertzaileon ikerketen oihartzuna berandu dator, etortzen bada. Gustatuko litzaidake.

Naturak berak eskaintzen dizkigu baliabideak, bestelakorik erabili behar izan gabe?

Bai, hori da. Uste dut lan handiagoa duela naturak ematen duena ongarri moduan ibiltzea, eta azkartasuna sintetikoarekin lortzen da. Denek erosotasuna nahi izaten dugu.

Baina orain modan daude produktu ekologikoak.

Bai, egia da. Dena den, desberdindu behar dira nekazari txikiak, baratzeak dituztenak, eta industria. Nekazari txikiek gehiago zaintzen dituzte beren produktuak. Bi mundu daude. Nekazari txikiek betidanik ibili dituzte gauza hauek.

Negozio eredua da gakoa?

Noski. Ikerketak erraten badu ere hobea dela, agian ez du aldatuko. Ahalik eta gehien, azkarren eta merkeen egitea da horien helburua.

Jarraitu daiteke ikerketarekin?

Badakigu landarearen barnean zer mekanismo gertatzen diren, aprobetxatzen dituztela gehiago ura eta elikagaiak, baina oraindik ez dakigu lurraren kontaktuan humusarekin zer gertatzen den.

Ikertzen jarraitzeko zailtasunak daude?

Ia ikertzaile guziei gertatzen zaie. Nahiz eta proiektu interesgarria izan eta emaitza positiboak lortu, oso zaila da dirua bukatzean karrera jarrai baten gisan segitzea. Ni orain ez naiz lanean ari, ez dagoelako dirurik jarraitzeko. Nahiko zaila da. Are gehiago berria bazara.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
S: