Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Gizartea «Zorrotz eta indartsu» dator

Publizitatea

Gizartea

«Zorrotz eta indartsu» dator

Mugimendu feministak elkarretaratzeetara deitu du Gasteizen, Bilbon, Donostian, Iruñean eta Baionan. «Jarrera eredugarrietan» ardaztu du Martxoaren 8ko kanpaina Emakundek
12.000 lagunek parte hartu zuten iazkoapirilean mugimendu feministakdeitutako Feministok Prestmobilizazioan, Gasteizen.
Argazkia: JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS

2017-03-08 / Maialen Unanue

Basakeria heteropatriarkalaren kontra, feminismoa zorroztu, feminismoa indartu lelopean elkarretaratzeetara deitu dute bost hiritan Euskal Herriko koordinakunde feministek gaurko: Bilbon (Arriagan, 19:30ean), Iruñean (Gaztelu plazan, 20:00etan), Donostian (Bulebarrean, 19:00etan), Gasteizen (San Anton plazan, 20:00etan) eta Baionan (herriko etxean, 18:30ean). Koordinakundeek bat egin dute nazioarteko lanuzte deialdiarekin, hirietan egingo dituzten ekintzen bidez: «Geldi dadila mundua, gu hiltzen ari baitira!».

Rosa Luxemburgen Sozialismoa ala basakeria aldarrian oinarritu du mugimendu feministak Martxoaren 8ko leloa. Ohartarazi dute «basakeriak jende asko jendartetik kanpora» botatzen duela ?gerrak, esplotazioak, merkatuaren diktadurak, errefuxiatuen aurkako harresiek...?, eta, «testuinguru suntsitzaile» horretan, «bortizkeria patriarkala are gogorragoa» dela. «Feminismoa zorrozten ari gara basakeria horren ordezko alternatibak eraikitzeko. Emakumeok planto egiten badugu, dena gelditzen da». Izan ere, azpimarratu dutenez, sistema kapitalistak «iraungo badu, emakumeek etxean egiten duten lanari balioa kendu eta menpeko gisa mantendu behar ditu». Feminismo «antikapitalista, subertsiboa eta erradikala» aldarrikatu dute, sexuan oinarritutako lan banaketaren aurka borrokatzeko eta «klasean, sexuan, adinean, gorputzaren funtzionaltasunean dautzan bortizkeria transistemikoei» aurre egiteko.

Horrez gain, feminismoa zorroztu nahi dute «bortizkeria matxistatik» babesteko, «lan merkatuko erasoei aurre egiteko» eta lurra «zaintzeko». «Gure armak zorrozten ari gara zibilizazio berri bat eraikitzeko, zeinak guztiontzako bizimodu duina ziurtatuko duen», azaldu dute.

Mobilizaziorako deia egitearekin batera, azken asteotan transfobia sustatzen duen Hazte Oir taldearen autobusa salatzeko aprobetxatu dute: «Gorrotoaren autobus hau egunotan Euskal herrian zehar dabil, transfobia hedatzen, LGTB kolektiboari eta sexu-aniztasunari erasoka. Gutako bat ukitzen badute, guztiok ukitzen gaituzte!».

Emakundek, berriz, «jarrera eredugarrietan» jarri du arreta. Berdintasuna nire baitan hasten da leloa du Martxoaren 8aren harira abiatutako kanpainak, eta gizarte parekide bat eraikitzeko norbanakoek egin ditzaketen ekintzei erreparatu die. Iazko kanpainaren jarraipen gisan planteatu dute aurtengoa. Orduan, sexuan oinarritutako estereotipoak eta rolak betikotzen dituzten mezuetan jarri zuten arreta, baita sexuen arteko botere harremanetan ere. Aurten, berdintasunik ezari aurre egiten dioten askotariko jarrerak ezagutaraziko ditu Emakundek.

Hainbat adibide jo dituzte eredugarritzat kanpainaren bidez. Alabari bere burua maitatzea ezinbestekoa dela azaltzen dion ama; feminismoak gizarteari egin dizkion ekarpenak ikasleei azaltzen dizkien irakaslea; txiste matxistak zabaltzeari uko egiten dion gizonezko gaztea; langileen gaitasunak lehenesten dituen enpresa; semeari Ez beti da ez irakasten dion aita...

Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak nabarmendu du eragile askok hartzen dutela parte berdintasuna eraikitzeko prozesuan. Hau da, aurtengo kanpainaren leloarekin arreta gizabanakoen hautuetan jarri badute ere, zeresana duten eragileen zerrenda zabalagoa dela. «Gure helburua ez da erantzukizun guztia soilik norberaren gainean jartzea; berdintasuna lortzea denon ardura da: erakundeena, mugimendu sozialena, enpresena, familiena, ikastetxeena, hedabideena... Eta, aurten gogoraraziko dugun bezala, baita pertsona bakoitzarena ere». Norberak egiten dituen hautuak sare sozialen bidez ezagutarazteko #BerdintasunaEgitenDut traola erabiltzea proposatu dute.

Urtebetez greban

Bizkaiko zahar etxeetako langileek greban jarraitzen dute: urtebete daramate egoera horretan, eta 100. greba eguna izan zuten otsailaren erdialdean. Iazko martxoan abiatu zuen greba nagusiki emakumez osatutako 5.000 langile inguruko kolektiboak, ELA sindikatuak deituta. Lanean jasaten duten «prekaritatea» salatu eta lan baldintzak hobetzea dute helburu.

Publizitatea

Sortu kontua
Maialen Unanue Maialen Unanue

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak