Pello Agirrezabal. Herrikide ikastetxeko zuzendaria

«Helburua da estrategiak eta lanabesak ematea ikasleei, kapaz izateko»

BERRIA

Arantxa Iraola -

2017ko ekainak 8

Adimen emozionala. Erabiliaren erabiliz, kontzeptua maiztu ere egin dela uste du Pello Agirrezabal Tolosako Herrikide ikastetxeko zuzendariak (Urretxu, Gipuzkoa, 1967). Baina argi du: ezinbestekoa da eskola giroko elkarbizitzaz mintzatzeko. Hain justu, zimendu hori oinarri hartuta hasi ziren orain hamalau urte —herriko hiru itunpeko eskolak bat egin zuten sasoian—, elkarbizitzarako tresnak lantzen, eta egun Kide programan dituzte horiek bilduak. Eredu dira hainbatentzat.

Zein izan zen egun martxan duzuen programa horren hazia?

Hainbat ildo ipini genituen duela hamalau urte: nagusiki, adimen emozionala eta bizikidetza positiboa; horrez gain, metodologikoki adi egotea —puntan zein metodologia zeuden ikustea—; eta ikaskuntza kooperatiboa — egun asko entzuten da, baina garai hartan ez zen hain ohikoa—. Zortea izan genuen, garai hartan Gipuzkoako Foru Aldundiak arreta jarri zuelako adimen emozionalaren gaian, eta dirua ipini zuen trebakuntzarako. Irakasleok ikastaroak egin genituen, eta ikusi genuen jasotako hori onuragarria zela guretzat: bai familian, bai lagun artean, bai lanean... Ikasleekin landu behar zela ikusi genuen, baina ez zegoen horretarako era sistematizaturik. Jose Antonio Gonzalez adituarekin egin genuen lan, eta materialak sortzen hasi ginen: gure ikastetxean sortu ziren Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzarako, eta Laskorain ikastolan, DBHrako; gero, material hura aldundiak doan banatu zuen Gipuzkoako ikastetxe guztietan. Horrekin batera, adimen emozionala lantzen hasi ginen ikasgeletan; hasieran, tutoretza orduetan, baina gero ulertu genuen ezin zela hala egin, zeharkakoa zela. Hortik abiatuta heldu nahi izan genion gatazken kudeaketari.

Nola hasi zineten horretan?

Hemen, Tolosako kultur etxean, adostokien programa ezagutu genuen —Bilboko Zamakola ikastetxean zuten martxan—. Gure helburua inoiz ez da izan gatazkarik ez izatea; hori absurdo bat da. Bi pertsona dauden unetik, gatazkak egongo dira. Helburua da estrategiak eta lanabesak ematea ikasleei, haiek kapazak izan daitezen egoera horiei irtenbide egoki bat emateko, bai emozioen kudeaketaren aldetik, baita gatazkaren kaltea ordainaraztearen aldetik ere. Adostokietan, gatazka izan dutenak txoko horretara joaten dira, eta aho bat eta belarri bat egoten dira: ahoa duenak aurrena hitz egiten du, eta besteak entzun; gero, alderantziz. Oso inportantea izan da tresna hori adimen emozionala erabiltzeko: entzute aktiboa nola egiten den, mezuak nola ematen diren, enpatia, asertibotasuna... Eta, hain justu, ikusi genuen gatazka asko bideratzen zirela adostokietan.

Adostokiez aparte, bitartekarien figura ere badarabilzue. Hautuz sartzen dira ikasleak horretan, eta trebakuntza jasotzen dute arloan taxuz aritzeko...

Bai, izan ere, zenbaitetan adostokietan ikasleek ezin zuten adostasun bat lortu. Horregatik erreparatu genien bitartekaritza programei, eta bigarren hezkuntzarako prestatutako programa bat aurkitu genuen, baina LHko bosgarren eta seigarren mailako ikasleentzat ere moldatu genuen. Hartara, bigarren hezkuntzara heltzerako ibilbide bat eginda iritsiko ziren.

Bitartekarien zereginak handitu egiten dituzue bigarren hezkuntzan. Zein da haien funtzioa?

DBHn, behaketa lana ere badaukate: ikasleren bat jolastokian bakarrik dabilen, heldu berriren batek integratzeko laguntza behar duen... Halaber, ikusten badute ikasleren batek zailtasunak dituela bere burua antolatzeko, laguntzen diote. LHn horrelakorik ez dute egiten; DBHn zabalagoa da. Ez da, gainera, ikasleen artean bakarrik erabiltzeko tresna bat; ikastetxean erabili izan da bitartekaritza, adibidez, tutore baten eta ikasle baten artean... Horiez gain, bizikidetza behatokia daukagu. 11. ikasturtea du aurten; gurasoen, kale hezitzaileen eta irakasleen ordezkariak batzen ditu, eta hilean behin elkartzen dira, eskolako gatazken kudeaketaren inguruan aritzeko.

Ziberkide izeneko egitasmoa ere martxan duzue.

DBHko 4. mailako ikasleak dira: sare sozialez-eta trebakuntza jasotzen dute, eta gero ikasle gazteagoak tutorizatzen dituzte.

Gatazkak lantzen dituzue ikasleak ume direnetik. Baina ez dira guztiz desagertzen, ezta?

Ez dira desagertzen, ezin dira desagertu. LHko seigarren eta DBHko lehen mailan, adina ere kontuan hartu behar da: kuadrillek garrantzi handia hartzen dute...

Sumatzen da zuenean neurri horien guztien onura?

Praktiketara, esaterako, jende dezente etortzen da gurera. Gehienek esaten dute asko igartzen dela, irakasleetatik hasita, inplikazioa, lana, giro ona... Gu konbentzituta gaude adimen emozionalaren ondorioz dela. Aurten, esaterako, bigarren aldiz joan gara Mondragon Unibertsitateko Irakasletza Eskolara: 10-12 urteko ikasleak unibertsitatean azaltzen zer lan egiten duten elkarbizitzaren alorrean!

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Covid-19 daukaten gaixoak zaintzen duten bi erizain besarkatzen 55 egun gaixo zeraman gizon bat sendatzean. ©Andoni Lubaki / Foku

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 31.166 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.150 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Hainbat herritar, Iruñean, maskara jantzita. / ©Iñigo Uriz, Foku

Maskarak erabiltzea derrigorrezkoa izango da Hego Euskal Herrian

Joxerra Senar

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, bihartik aurrera kalean ere jantzi beharko da maskara; Nafarroan, etzitik aurrera. Igerilekuetan eta hondartzan, maskara jantzi beharkoa da, bainua hartzeko izan ezik. Kirola egiteko orduan edo naturguneetan ken daiteke. Jaurlaritzak botila festa debekatu egin du.

Herritarrak PCR proba egiteko zain. ©Jon Urbe / Foku

80 kasu gehiago Hegoaldean, eta lehen hildakoa Nafarroan ekainaren 11tik

Edu Lartzanguren

Gipuzkoan indarrez ari da izurria: 41 kasu baieztatu dituzte. Iruñean beste agerraldi bat atzeman dute, eta gutxienez hiru lagun kutsatu dira.

PCR probak egiten, gaur, Getariako Sahatsaga kiroldegian ©Andoni Canellada

Hasi dira PCR probak egiten Getarian, eta prestatzen ari dira Tolosan

Gurutze Izagirre Intxauspe - Iñigo Terradillos

Uztailaren 9tik 12ra Politena tabernan egon zirenei PCR probak egiteko deia egin du Osakidetzak. Tolosan ere taberna batetik zabaldu da birusa.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna