Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Gizartea Besta garaian, erantzunik ez

Publizitatea

Gizartea

ANALISIA

Besta garaian, erantzunik ez

 
Ez da Baionako bestetan eraso sexistak gertatzen diren lehenbiziko aldia. Urterik urte, ia tradizio bilakatu da bortxaketa baten edo bertzeren berri izatea bestak bukatu ondotik. Baionako Herriko Etxeak eta suprefeturak, ordea, ez dute horien berri besten denboran eman nahi izaten. Jaien ondoko baloraziorako uzten dute jakinarazpena, eta, gainera, bertzelako Ā«ezbeharrenĀ» artean sailkatuta. Alta, haiek dira lehen eskuko informazioa daukatenak, eta eguneratua. Goizero biltzen baitira segurtasun postuetako langileekin iragan arratsean gertaturiko kalteak zerrendatzeko.

Suprefeturak ohar bat bidaltzen die bilkuraren ondotik komunikabideei, eta bertan zehazten ditu izandako lapurretak, istiluak eta alkohol probak. Eraso sexisten berririk, ordea, ez. Asteazken gaueko balorazioaren oharra adibidetzat hartzea nahikoa da: bi pertsona Errobira erori zirela jakinarazi zuen suprefetak testuan, baina zehaztu gabe horietako bat eraso sexista izan zitekeenik. Herriko etxea, bere aldetik, ez doa urteroko prebentzio kanpainetatik harago. BERRIAk telefonoz deituta, erasoak gaitzesten dituztela erran du Martine Bisauta axuantak, baina ez dute baloraziorik eginen astelehenera arte. Jerome Agerre hautetsia elkarretaratzean izan zen atzo, behintzat. Herriko etxeak ez du agiri ofizialik atera.

Komunikaziorik ezaren ondorioz, kazetari eta eragileek zailtasunak dituzte informazioa bildu eta erasoen aurkako erantzuna antolatzeko. Bide propioetatik jasotzen dute albistea, eta ondotik baieztatu. Azkenean, besten ondotik egiten dira maiz protestak: berandu. Aurten lortu da lehenago erantzutea: gauzak pixka bat hobetzen ari diren seinale. Baina oraindik badago zer egina.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak