Albistea entzun

Nafarroako gobernu akordioa. Hezkuntza

Iribasen eragina moztera

UPNren gobernuaren neurri polemikoenak etetea izango da gobernu berriaren ardatza.

D eredua hedatuko da, eta PAI, ez.

LOMCE izango du oztopo nagusia
Murrizketen kontrako kartel bat, Baztanen (Nafarroa), haur eskolan. Artxiboko irudia.
Murrizketen kontrako kartel bat, Baztanen (Nafarroa), haur eskolan. Artxiboko irudia. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS

Garikoitz Goikoetxea -

2015eko uztailak 17

Gako nagusietako bat hezkuntza izango da Nafarroako gobernu berriaren aldaketa asmoan. Osoko zuzenketa baten traza du lau alderdiek sinatutako itunak: UPNk azken urteetan harturiko neurriei muzin egingo die gobernu berriak, eta bereziki Jose Iribas kontseilariaren itzalpean azken lau urteetan egindako politikari. Erabaki zalapartatsuenak eten egingo dituzte —PAI ez dute hedatuko, eta murrizketa handienetan atzera egingo dute—, eta euskarazko irakaskuntzari bide emango diote. Nolanahi ere, ikusteko dago aldaketa bide horretan zenbaterainoko trabak izango dituen Hezkuntza departamentu berriak. Oztopo nagusia LOMCE legeak jarriko du, agintaldiaren hasieran gutxienez.

Gobernu berrirako itunean atal garrantzitsuenetakoa da hezkuntza: 38 erabaki jaso dituzte, zortzi ardatz nagusirekin batera. Zehaztasunetan ez dira askorik sartu, baina hona hemen atal nagusiak:

LOMCE

Akordioan labur aipatu dute, baina gobernuaren lehen hilabeteetan LOMCE erreformak hartuko du zeresana. Hau diote: «LOMCE baztertzea, eta bertan behera uztearen aldeko apustua. Benetako posizioa LOMCEren garapena geldiarazteko, segurtasun juridikoa bermatuz». Lan hori zailduta joan da Iribas: onartuta utzi ditu DBHko eta Batxilergoko curriculum berriak. Irailean abian izango dira, aldaketarik ezean. Honezkero prestatuta egongo dira irakasleen banaketa eta jarraibideak ere.

Aragoik (Espainia) jarri du pauso bat mahai gainean. Gobernua aldatu da han ere —PPren esku zegoen lehen, eta orain Podemos da buru—, eta bertan behera utzi du DBHko eta Batxilergoko dekretua. «Gutxieneko batzuk» soilik ezarri ditu. Aukera bat da Nafarroak bide hori hartzea, baina ikusteko dago denbora aldetik posible den. Lehen Hezkuntzan martxan dago LOMCE, eta proba orokortuak dituzte ikasturte amaieran hirugarren eta seigarren mailan. Iribasen eginarazi egin zituen. Gobernuak zer jarrera izango duen orain, hor izango du benetako azterketa bat.

Udazkenean egoera aldatzea litekeena da, hala ere. Espainiako Gorteetarako hauteskundeen ostean PPk gehiengoa galtzen badu LOMCE bertan behera uzteko hitza emana du oposizioak. Datozen hilabeteetan Madrilek zer jarrera hartuko duen giltzarri izango da. Aragoiren erabakiaren aurrean ez du neurri zehatzik hartu oraingoz.

HIZKUNTZAK

Euskararen legea aldatu ondorengo lehen ikasturtea izango da hurrengoa. Teorian, beraz, D eredua eskaini beharko lukete eremu ez-euskalduneko ikastetxe publikoetan. Ez da hala gertatuko, ordea, UPNk ez baitzuen pausorik eman legea betetzeko. Gobernu berriak izango du lan hori —ikastolen egoera bideratzea ere agendan izango du; itunean aipatu dute ikastolen egoera eta geroa aintzat hartzea—.

Lehen neurri gisa, irailetik bertatik, gobernuak laguntza emango die euskaraz ikasteko beste herri batera joan behar duten ikasleei, garraioa eta jangela pagatzeko.

Aurreko gobernuak ez du urratsik egin euskarazko irakaskuntza indartzeko —areago, oztopoak jarri ditu zenbait herritan D eredua jartzeko, eskaria egonda ere—. Oraingoak «murgiltzearen alde» egingo du apustu, eta euskarazko hezkuntza hedatzearen alde ere bai. Ereduei buruzko adostasuna ez da erabatekoa, hala ere. Eredu bat baino gehiago duten eskoletan nola jokatu, desadostasuna dago. Parlamentuak mozio bat onartu zuen iaz, eredu bateko eta besteko ikasleen «bizikidetza» bultzatzeko; finean, jarduerak batzuk elkarrekin egitea erdal adarretako ikasleek eta euskarakoek. Geroa Baik eta Ezkerrak alde bozkatu zuten; EH Bilduko taldeek, aurka, euskarari kalte egingo ziolakoan. Ez dute adostasuna egin oraingoz.

Hizkuntzei dagokienez, bereziki ingelesa bultzatzea izan du lehentasun Iribasen sailak. TIL ereduaren partez, PAI ingelesez ikasteko programa ezarri zuen —ingelesez ematen dituzte eskola batzuk—. Ehun ikastetxetan baino gehiagotan izango da abian irailean. Atzeraldi bat egingo du gobernu berriak, «gutxienez urtebetekoa». PAI ez da gehiago hedatuko denbora horretan, ebaluatu egingo dute, eta beste plan bat taxutu.

MURRIZKETAK

Iribasen agintaldiko beltzuneetako bat izan dira murrizketak. Madrilen irizpideei zorrotz lotu zitzaien Iruñeko gobernua: ratioak handitu zituen —Lehen Hezkuntzan eta DBHn, bi ikasle gehiago gela bakoitzeko—, eta eskola orduak gehitu irakasleei —bi ordu astean—, beste lanetatik kenduta.

Irakasle gutxiago kontratatzeko bidea izan zen. Datu ofizialak dira: 2012tik 2014ra, 400 irakasle postu kendu zituzten Nafarroako sare publikoan. Ordezkapenen auzia erantsi behar zaio horri: hamarretik bakarra ordezkatzeko agindu zuen gobernuak 2012an.

Egoera hori bideratzea onartu dute gobernu itunean, «lehengoratzea». Berez, Madrilen dekretu bat dago mozketen funtsean, baina ez luke aparteko arazorik izango gobernuak murrizketa horiek alboratzeko lege aldetik —Jaurlaritza ez da betetzen ari, adibidez—. Beste neurri bat ere jaso dute: lan deialdi publikoa egingo dute datorren ekainean, hutsik dauden lanpostuak betetzeko. Zehazteko dago zenbat lanpostu eskainiko dituzten. Izatekotan, hor izan ditzakete arazo gehiago Madrilekin, lan deialdietan muga jarria baitu.

Hezkuntzako mahai sektoriala hauspotzea da langileei eragingo dien beste erabakia. Hezkuntzako beharginen lan egoera «hobetzea eta defenditzea» aipatu dute akordioan; batez ere behin-behineko lan kontratua daukatenena.

AZPIEGITURAK

Murrizketa giroan, hainbat herritan eraiki beharreko azpiegiturak ezbaian egon dira azken urteetan. Egoeraren diagnostikoa egingo dute, eta azpiegitura plan bat. Lehentasunak zehaztu dituzte jada, hala ere: Biurdana, Buztintxuri, Castejon, Elizondo, Erronkari eta Sarriguren. Sare publikoa indartu nahi dute, «aski gaitasun izan dezan, eta erantzun diezaien auzo, eremu edo eskualde bakoitzeko oinarrizko hezkuntza beharrei».

Alde horretatik, landa guneko eskolei aipamen berezia egin diete. Azken urteetan gorabeherak eduki dituzte: zentro batzuk itxi egin ditu gobernuak, ikasle gutxi zituztela esanez, eta herri handiagoetako ikastetxeetara bidali ditu haurrak. Departamentu berriak «apustu irmoa» egingo du herri txikietako eskolei zabalik eusteko eta haiek indartzeko. Aurreko legealdian onartutako dekalogo bat betetzeko hitza eman dute; sindikatuek eta guraso taldeek taxutu zuten, eta, besteak beste, eskola horien «berezitasuna» kontuan hartzeko eskatu zuten, «ikuspegi ekonomizista hutsa» beharrean.

NUP

Urteetan atzeratu den gai bati heltzeko asmoa du gobernuak NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoari dagokionez: urte baterako baino gehiagoko finantzaketa hitzarmenak egitea. Unibertsitateak berak eta oposizioko alderdiek maiz eskatu dute hori, baina ez du pausoa eman UPNk, eta urtero dirua negoziatzen aritu behar izan du NUPek. Aztertu nahi dute unibertsitatea nola dagoen: ikasketa eskaintza, ikasleen zailtasunak eta tasak. Hizkuntz normalizazioko plan bat egitea ere jaso dute.

Unibertsitate politikaren atalean, graduen eta masterren egitura aldatzearen aurka agertu dira itunean, 3+2 sistemaren kontra. Eta ohar bat egin dute: Opusen unibertsitateari eginiko ekarpenak aztertuko dituzte. Laguntzak jasotzean kontrolatu egingo dute.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Alexandra Ruiz de Azua eta Aitziber Samaniego. ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Orbaindu gabeko zaurien ispilu

Edurne Begiristain

Elikadura portaeraren nahasmenduak dituzte Alexandra Ruiz de Azuak eta Aitziber Samaniegok, eta Osakidetzari unitate berezi bat eskatu diote «arta integralerako». Haien ustez, janaria arazo emozional askoren «izozmendiaren punta» da.

«Gure gizartean dena da kontsumorako gai, baita argaltasuna ere»

 ©Gorka Rubio / Foku

«Gaitasun handikoek askotan irakasleen laguntza behar dute»

Irati Urdalleta Lete

Ikasleen %20 ere izan litezke adimen gaitasun handia dutenak, baina gutxiago atzematen dituzte, Olaskoagaren esanetan. Genero arrakala ere hor dago: identifikatutakoen hamarretik zazpi mutilak dira.

Foruzaingoa istripu bat artatzen ©Nafarroako suhiltzaileak

Gizon bat hil da Baztanen auto batek harrapatuta

Isabel Jaurena

Ibilgailuaren gidariak ihes egin du, eta oraindik ez dute aurkitu

 ©IÑIGO URIZ / FOKU

«Gure gizartean dena da kontsumorako gai, baita argaltasuna ere»

Ion Orzaiz

Elikadura portaeren nahasmendu kasu ugari artatzen dituzte Argibide fundazioan. Ageriko sintomak artatze hutsaz harago, erroko gabeziei eta arazoei erreparatzeko galdegin du Fermin Goñi arduradun zientifikoak.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.