Albistea entzun

Unibertsoaren seinalearen zain

Kanpo espaziotik etorritako mezu bat antzematea aspaldiko ametsa da zientzialari askorentzat. Orain arte alarma faltsuak baino zabaldu ez badira ere, enbarazu horiek ez dute moteldu unibertsoan bizi adimentsuaren arrastoak bilatzen dituztenen itxaropena.
---- / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Juanma Gallego -

2016ko irailak 18

Azken seinale faltsua 94 argi urtera dagoen HD 164695 izarretik jasotakoa da, eta, horrelakoetan izan ohi den modura, zeresan ugari eragin du. Hercules konstelazioan dago HD 164695 izarra, eta zientzialariek badakite gutxienez planeta bat inguruan duela gure eguzkiarekin antz handia duen astro horrek.

Errusian dagoen RATAN-600 izeneko irrati teleskopioak jaso zuen seinalea, 2015eko maiatzean, baina joan den abuztuaren amaierara arte ez zuten horren berri eman hango arduradunek. Zelenchukskaya hiritik gertu dagoen RATAN-600 munduko irrati-teleskopio handiena da, eta Zientzien Errusiako Akademiaren babespean lan egiten du.

Errusian sortutako albistea jaso bezain laster, AEB Ameriketako Estatu Batuetako SETI erakundeak izar horri begira jarri zuen Allen izeneko bere irrati-teleskopio sarea. SETIko ikertzaileak, abuztuaren 28an eta 29an, seinale horren atzetik ibili ziren, baina ez zuten ezer berezirik jaso.

Seinale indartsua zen errusiarrek jasotakoa. Indartsuegia, SETIko Seth Shostak astronomoak egindako hasierako analisi baten arabera. Izan ere, eta aditu horrek egindako kalkuluei jarraiki, balizko zibilizazio batek HD 164695 izarretik horrelako seinalea eguzki sistemara bideratzeko energia kopuru itzela erabili behar izango luke: bilioi bat watt baino gehiago, «gizateriak kontsumitutako energia osoaren parekoa», haren esanetan.

Korapiloa, neurri batean bederen, abuztuaren 30ean askatu zen. Hedabide askotan zabaldutako bertsioaren arabera, irrati-teleskopioan jasotakoa Sobietar Batasunaren garaiko satelite militar batek igorritako seinalea izan zen. Uste horren atzean Zientzien Errusiako Akademiako astronomo Alexander Ipatovek Tass albiste agentziari egindako adierazpenak daude. Ipatovek, aitzitik, bere gaztaroko adibide bat ekarri zuen gogora adierazpenotan: sobietar garaian berak eta beste hainbat astronomo gaztek antzeko seinale bat jaso zutela, baina ondoren mezu horren jatorria katalogatu gabeko satelite sekretu batean zegoela konturatu zirela, alegia. Hala ere, iaz jasotako seinalearen jatorria zein den argitzear dago, bere izaera estralurtarra guztiz alboratu bada ere. «Egindako azken analisien arabera, litekeena da seinalearen jatorria Lurrean izatea», adierazi zuen Yulia Sotnikova astronomoak irrati-teleskopioaren webgunean.

Protokoloak indartu

Irudimenari hauspoa ematen dioten horrelako albisteen aurrean burua eta bihotza bakoitza bere lekuan mantentzen ikasita dauka Andrew Siemion astronomoak. SETI Estralurtar Adimenaren Bilaketa helburu duen erakundea zuzentzen du Siemionek. Haren aburuz, HD 164595 izarretik jasotako seinaleak «zirrara handia sorrarazi du, baina kontuan hartu behar da horrelako interferentzia asko egon daitezkeela esperimentuetan». Horregatik, mezua urruneko teknologia batetik ote datorren jakiteko, interferentzia horiek alboratzearen beharra azpimarratu du astronomoak.

«SETIren moduko esperimentuen kopurua handitu egin da, eta, horregatik, interesgarriak izan daitezkeen seinaleei jarraitzeko protokoloak argitu eta zabaldu beharko genituzke», ohartarazi du Siemionek.

1960ko hamarkadaz geroztik lehen ahalegin eta esperimentuak egiten hasi baziren ere, SETI 1992an sortu zen, NASAren barruan. Sortu eta gutxira, baina, egitasmoaren bideragarritasuna kinka larrian egon zen, arazo ekonomikoak zirela eta. Izan ere, AEBetako Senatuak finantzaketa kendu zion. Gauzak horrela, bide pribatuari ekin zioten sustatzaileek. Besteak beste, Paul Allen enpresariarengana jo zuten —Microsoft enpresaren sortzaileetako bat da—. Haren babesari esker, Allen teleskopio multzoa eraiki zuten Kalifornian. Guztira, 42 irrati-teleskopio daude han, eta helburua 350 teleskopioko sarea osatzea da.

Siemionek espero du SETI ekonomikoki bideragarria izango dela aurrerantzean ere: «Unibertsoan bizi adimentsua ote dagoen argitzea zientziak duen erronkarik zirraragarriena da, eta bete-betean gizakion existentziaren muinean dagoen oinarrizko galdera erantzuten saiatzen da».

Unibertsoari adi

«Kanpo espaziotik jasotzen dugun informazioa argia baino ez dela eman lezake, baina ez da horrela», azaldu du Nafarroako Unibertsitate Publikoko fisikari Joaquin Sevillak. «Azken finean, argia uhin elektromagnetiko baten kasu partikularra baino ez da. Infragorria eta ultramorea, besteak beste, kontuan hartu behar dira».

Sevillak argitu duenez, «arazoa da atmosferak uhin elektromagnetiko gehienak oztopatzen dituela, eta gure atmosferan espektro elektromagnetikoaren bi leiho baino ez direla irekitzen: argi ikusgaia eta irrati-uhinak. Galaxiaren erdigunean sortzen den argia, gainera, ez zaigu ondo ailegatzen, tartean izar hauts ugari dagoelako. Irrati-uhinek, aitzitik, hautsa askoz hobeto zeharkatzen dute, eta, horregatik, irrati astronomiaren bitartez informazio asko eskura daiteke».

Informazio hori hamar zentimetro eta hamar metro arteko luzeretan jaso ohi da, eta, horregatik, irrati-uhinak elkartzeko antena paraboliko handiak beharrezkoak dira. «Gero eta handiago izanda, hobe, eta, horretarako, hainbat teleskopio sarean jarrita, sentsibilitatea asko hobetzen da», argitu du adituak.

Bide horretan martxan den azken egitasmo nabarmena Breakthrough Listen (aurrerapausoa entzumenean) izenekoa da. Yuri Milner enpresari eta filantropo errusiarrak ehun miloi dolar agindu ditu egitasmo horren garapena ahalbidetzeko. Mendebaldeko Virginiako (AEB) Green Bank eta Australiako Parkes irrati-teleskopioak erabiliko dituzte seinale berriak arakatzeko, baina argi ikusgai bidezko behaketa astronomiko arruntak egiteko asmoa ere agertu dute sustatzaileek.

Eragile horien artean dago sir Martin Rees astronomo britaniarra. Haren arabera, irrati-uhinez gain argi arrunta arakatzea aurrerapausoa da, baina aitortu du egokiena uhin banda guztietan bilatzea izango litzatekeela. «X izpien bandan, esaterako». Era berean, Reesen ustez, astronomoek adi egon beharko lukete «artefaktuak edo bestelako fenomeno ez-naturalak antzeman ahal izateko».

«Askotan, estralurtar zibilizazioaz hitz egin ohi da, baina jarrera hori arras murriztailea izan daiteke», ohartarazi du. «Zibilizazioaren kontzeptuak norbanakoen gizartea esan nahi du, baina baliteke zibilizazioa bainoago bateratutako adimen bakar bat izatea. Edo, esaterako, planeta baten ozeanoaren sakontasunaren barrenean egon litezke estralurtarrak, haien presentzia iragartzeko ezer berezirik egin gabe».

Bestalde, eta norbaitek seinaleak igorri baditu ere, «agian ez dakigu seinale horiek artifizialak direnik, horiek deskodetzen ez dakigulako». Desfasatutako teknikari baten adibidea ekarri du: «Anplitude modulazioa baino ezagutzen ez duen irrati ingeniari batek arazoak izan litzake gaur egun erabiltzen den haririk gabeko komunikazioak deskodetzeko». Adimena unibertsoan zehar barreiatuta balego ere, «adimen horren zati txiki bat antzemateko baino ez ginateke gai izango», ziurtatu du.

SETIko kide Andrew Siemionen arabera, unibertsoan «bilioika eta bilioika aukera daude bizia sortzeko. Galaxia gehientsuenak bezala, gure galaxia bera planeta epelez, urez eta molekula organiko konplexuz betea dago. Ez dakigu bizitza nola sortzen den, ezta bizi adimentsua nola garatzen den ere, baina gutxienez badakigu, nolabait esateko, ezohikoa dela». «Dakigula, eguzki sisteman behin baino ez da agertu, eta Lurrean gizakiok baino ez dugu garatu gaitasun teknologikoa. Hori aitortuta ere, arraro samarra izango litzateke bizia planeta batean soilik garatu izana. Azken finean, beste bizi forma batzuk ote diren jakiteko bide bakarra hori bilatzea da».

Joaquin Sevillak ere aitortu du SETIren balioa: «Giza kezkei estuki lotuta dauden proiektu erromantiko horiek beti merezi dute, arrazoizko kostua duten heinean, bederen». Sevillak gogora ekarri duenez, zientzialariek badakite izar askok planetak dituztela. «Litekeena da bizia leku askotan egotea, eta bizi adimentsua izan daiteke, gainera. Hala ere, distantziak hain dira handiak, ezen zaila izango da noizbait komunikazio bat eratzea».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Ikasleak Gasteizko Angel Ganivet eskolan, artxiboko irudian. ©JUANAN RUIZ / FOKU

Zortzi urtez zuzendari izanda, urtebetez ez dute eskolarik eman beharko

Irati Urdalleta Lete

Eusko Jaurlaritza ontzen ari den dekretuak eskola publikoetan izango du eragina. Bi agintaldiren ostean kargua utzitakoek lehentasuna izango dute beste ikastetxe bat aukeratzeko
Euskaraldiaren hirugarren aldiaren aurkezpena, iazko azaroan, Iruñean. ©IDOIA ZABALETA / FOKU

Gaur zabalduko dute Euskaraldirako izen ematea, begia lorpenetan jarrita

Julen Aperribai

Erronka zehatzetan eta praktika linguistikoetan indar berezia egingo du aurten ariketa sozialak. Sozializaziorako gogoa egitasmoaren alde baliatu nahi dute
Elkarretaratzea egin zuten atzo Elgoibarren. ©JON URBE / FOKU

Irmo gaitzetsi dute kalean azken hilketa matxista

Julen Otaegi Leonet

Soraluzeko Udalak (Gipuzkoa) kontzentraziora deitu du gaur 19:00etarako. Udalak herritar guztiei eskatu die elkarretaratzera bertaratzeko

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...