Noiz sortua: 2017-02-03 00:30:00

Diktaduraren aurka, tenoreko

Frankismoaren azken urteetan bertso kantuan eduki politikoak sartzeagatik nabarmendu zen Jon Azpillaga. Atzo hil zen, 81 urte zituela. Plazagizona eta bertsolagun aparta zela nabarmendu dute kideek
GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS Tamaina handiagoan ikusi

Gorka Erostarbe -

2017ko otsailak 3
Puntualtasuna aitortzen zioten bertsolagunek. Beti iristen omen zen garaiz bertsotarako plazara; beti ordurako, beti tenoreko. Garai zailean egokitu zitzaion bertsotan hastea, artean Francoren diktadura indarrean zenean, baina ez zion muzin egin erronkari; frankismoaren aurkako borrokan ere beti tenoreko. Gai politikoak ahoan hartzeko beldurrik ez zuen izaten. «Poliziei ihesik ibiltzen ginen ia beti eta isunak ere pagatu behar izaten genituen», esan ohi zuen sarri, elkarrizketak egiten zizkiotenean. Eta bere-berea zuen ahots sendo eta irmoz kantatzen zuen, ez baitzuen alferrik tenor ahotsa, gaztetxotan Ondarroako (Bizkaia) orfeoian zaildutakoa.

Atzo hil zen Jon Azpillaga bertsolaria, 81 urte zituela. Azkenaldian gutxiago jarduten zuen bertso kantari, baina ahal zuenetan egiten zuen oraindik ere. «Berak ez zuen plaza utzi, plazak utzi zuen bera», adierazi zuen Iñaki Murua Bertsozale Elkarteko lehendakariak, heriotzaren berri jakin bezain pronto.

Pasai San Pedron (Gipuzkoa) jaio zen Jon Azpillaga Urrutia, 1935eko azaroaren 26an. 16 hilabete besterik ez zituela hil zitzaion aita gerran. Orduan, amarekin —sei hilabeteko haurdun— Berriatuara (Bizkaia) abiatu zen, bertako baserri batean bizi baitzen osaba bat. Hura aitatzat hartu eta beste hamabost lagunekin batera bizi izan ziren etxe hartan.

14 urterekin hasi zen etxetik kanpo lanean, itsasontziak konpontzen, eta adin bertsuan bota zituen lehen koplak plaza publikoan ere. Bertsotan lehen aldiz Amoroton (Bizkaia) egin zuen, 1950ean. Mugartegirekin batera kantatu zuen; hura bi urte zaharragoa zen. 2000. urtean mende erdi bete zuen kantuan, eta Amoroton egin zuen bertsotan, lehen saio hartan bezala, Mugartegirekin, udaletxeko balkoitik.

Hastapenetatik arreta deitu zuen Azpillagaren kantatzeko moldeak eta oholtzaren gaineko jarrerak. Xabier Amuriza sarri izan zuen bertsokide; horrela gogoratzen du: «Ezagutu dudan bertsolari plazagizonena izan da. Batetik zuen ahots eta presentziagatik, luzea eta lerdena baitzen; baina, bestetik, azaltzen zuen jarreragatik. Bertsotan hasi aurretik guk beti izaten genuen kezkarik edo beldurrik. Berak ez. Konfiantza zuen bere buruan, eta konfiantza ematen zion bertsolagunari ere». Horregatik, gehienetan, Azpillaga izaten zen bertso kantuan gidari, bide zabaltzaile; eta horregatik hautatu zuen Mikel Aizpuruak Hasi Azpillaga izenburua 2001an Sendoa bildumarako idatzitako liburuarentzat. Gai-jartzaileen ohiko esaldia izaten baitzen hori. Liburu horretan bilduta dator Azpillagaren bizia eta obra. Azpillaga bertsolaria, jende eta familiazalea, euskaltzalea eta kristau fededuna ere bai.

«Asko errazten zuen bidea, aukerak zabaltzen zituen», oroitzen du Amurizak. Haren esanetan, «konplikaziorik gabeko» bertsolaria izan zen Azpillaga: «Teknika modu naturalean baliatzen zuen. Gai librean nabarmentzen zen batez ere, eta gainerakoei lasaitasuna eta konfiantza eskainiz egiten zuen bidea».

Bertsokide asko izan zituen bere ibili luzean. Basarri eta Uztapiderekin aritu zen oso gazte zela; baita Lazkao Txiki, Imanol Lazkano, Xalbador, Manuel Lasarte edo Amuriza berarekin ere, baina batez ere Jon Lopategirekin osatutako bikoa egin zen ezagun 1960 eta 1970eko hamarraldietan. Frankismo garaiko azken urteetan indartu zen bertsogintza politiko-sozialaren ikurretako bat bihurtu zen Azpillaga, Lopategirekin batera. 1962ko Euskal Herriko Txapelketaz geroztik Ataunen eta Mutrikun (Gipuzkoan) —han bizi zen ordurako, Maria Arrizabalagarekin ezkonduta— egindako bertso saioetan politika eta Frankismoak gustuko ez zituztenak aipatuta nabarmendu ziren bikote modura. Ordutik aurrera hasi zitzaizkien biei elkarrekin joateko deika. Kontrakorik ere izaten zuten: gobernadorearen debekuak, frankisten salaketak, baita kuartelera ezinbestean egindako bisitak. 1970eko hamarkadan bikote banaezina izan zen.

Txapelketetan ere bai

Librean aritzea zuen gustuko, baina horrek ez zion trabarik egin txapelketetan ere aritu eta nabarmentzeko. 1959an parte hartu zuen, lehenengoz, Bizkaiko txapelketan. 23 urte zituen, eta bigarren amaitu zuen, baita 1960koan eta 1962koan ere. 1961ean txapeldun izan zen, eta hirugarren izan zen 1964an eta 1965ean. Euskal Herriko txapelketan finalera iritsi zen 1960an, eta hirugarren egin zuen Basarri eta Uztapideren ondotik. Azpillaga izan zen ezustekoa, eta txapelketa haren ondotik deiak trumilka etorri zitzaizkion. 1961ean 65 saio egin zituen, 63 Uztapiderekin berarekin. 1962ko txapelketa nagusian zortzigarren amaitu zuen. Txapelketek eten bat izan zuten, baina aro berriko lehenengoetan ere parte hartu zuen. Finalista izan zen 1980ko eta 1982ko Euskal Herriko txapelketetan, baita 1987ko Araba-Bizkaikoan ere. 2008an berak jarri zion txapela Igor Elortzari, Bizkaiko txapeldun modura.

Euskaltzalea izan zen beti Azpillaga. Mutrikuko Ikastolaren sorreran parte hartu zuen, bai eta herriko bertso eskolaren sorreran ere, eta huraxe bultzatu izan du beti. Sarri joan ohi zen hango gazteekin bertsotan egitera.

Albiste gehiago

Apirilaren 2an eguneratua, 13:00etan. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 10.022 gaixok eman dute positibo koronabirusaren proba eginda. 555 hil dira. COVID-19 gaitza izandako 2.459 pertsonari eman diete alta. Grafikoak, albiste barruan.

Urkullu lehendakaria. ©Irekia

Lehen kasutik «ahalegin handia» egin zutela esan du Urkulluk

Berria

Urtarrilaren 22tik otsailaren 28ra –lehen kasua agertu zen eguna– «ahalegin handia» egin zutela esan du Urkulluk, «prestatzeko eta koordinatzeko». Batez beste %9tik gora handitu da langabezia Hego Euskal Herrian. Nafarroako datua nabarmentzeka da: %9,96 handitu da herrialdean, eta, ondorioz, 3.600 langabe gehiago daude.

Langilerik gabeko obra bat, asteartean, Elgoibarren. ©Jagoba Manterola / Foku

Martxoan, 14.364 langabe gehiago Hegoaldean

Iker Aranburu

Aldi baterako kontratua zutenak izan dira krisiaren lehen kaltetuak.

Markel Olano, ere gobernukide batzuekin batzuekin, alkateekin izandako bilra telematikoan ©GFA

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna