Jose Veiga. Ecopaja-ko arkitektoa

«Egiaztagiriak balioko du jendeak lastoari dion beldurra uxatzeko »

Gasteizko Ecopaja enpresaren eraikuntzarako moduloak, egur eta lastozkoak.
Gasteizko Ecopaja enpresaren eraikuntzarako moduloak, egur eta lastozkoak. BERRIA

G.Berasategi Otamendi -

2017ko otsailak 3
Gasteizko Ecopaja enpresak egiaztagiria lortu du eraikuntzarako lastozko moduluentzako. Europan, beste bi enpresa dira antzeko produktuak egiaztatuak dituztenak. Asteburuan, Durangoko (Bizkaia) Landako Gunean izango da Jose Veiga arkitektoa, eta Berdeago azokan aurkeztuko du enpresaren eskaintza.

Zer garrantzi du lastozko moduluen egiaztagiria lortu izanak?

Etxeak eraikitzeko bete beharreko baldintzak CTE erakundeak —Eraikuntzarako Kode Teknikoa, gazteleraz— ezartzen ditu. Guk egiten ditugun etxeak lastozkoak izanagatik ere, CTEk egurrezko etxeen baldintzak ezartzen zizkien. Egiaztagiriarekin, hori aldatu egingo da, eta erantzukizuna guk hartzen dugu gure gain.

Nolakoak dira zuen moduluak?

Egurrezko estrukturak dira, eta prozesatutako lastoarekin betetzen dugu. Lasto fardelen dentsitatea bikoizten dugu.

Nola lortu duzue moduluak egiaztatzea?

Alde batetik, pisu probak egiten dira, horizontalak eta bertikalak. Uste baino emaitza hobeak lortu ditugu. Makina pneumatiko batek gero eta indar handiagoa egiten dio proban moduluari ,eta zenbateko pisua eutsi dezakeen neurtzen du. Gure kasuan, modulu estandarrak 45 tona eusten ditu horizontalean, eta 33 tona bertikalean.

Nola da hori posible?

Batez ere egurrezko estrukturarengatik eta ainguralekuengatik da hori. Torloju bereziak erabiltzen ditugu ainguralekuetan. Eta, probetan, ez pentsa egurra edo lastoa apurtzen denik, torlojuak apurtzen dira.

Zein proba gehiago egin dituzue?

Proba akustikoak ere egin ditugu. Izan ere, egingo dugun hurrengo eraikina, etxebizitza eta soinu grabazio estudioa izango da. Proba akustikoaren emaitza ere oso ona izan da. Horrez gain, orain proba termikoekin gabiltza, isolamendu ahalmena neurtzen. Hori da guztietan interesgarriena.

Lastoa suarekin lotzen du jende askok. Elementu segurua al da?

Moduluek suari zenbateko erresistentzia dioten ere probatu dugu Tecnalian, han daukaten labe handi batean. Gure moduluekin egindako horma eraman dugu, kanpotik karez eta barrutik buztinez estalita. Emaitzek frogatu dute gure moduluekin egindako etxe batek su hartuko balu kargako hormek bi ordu eta erdi iraun dezaketela zutik, eta CTEren baldintza ordu erdiz irautea da.

Berme asko ematen saiatzen ari zarete. Jendea ez al da fio?

Azoketara joaten garenean, jendeak asko galdetzen du bermeen inguruan. Egiaztagiriak ere beldur horiek uxatzeko balioko du. Bestalde, administrazioarekin lan egiteko ere horrelako ziurtagiriak behar izaten dira. Gure asmoa da kalera ateratzea beste edozein produktuen moduan. Etxe asko kartoi eta igeltsuarekin eraikitzen dira, eta horrek ez du atentzioa ematen, baina lastoak bai.

Lastoak badu etorkizuna?

Lanez gainezka gabiltza. Jendea oso pozik dago. Orain etxe bat muntatu berri dugu Araban, aste honetan. Aurten beste hiru etxe egingo ditugu, Bizkaian. Gernika inguruan egingo dugu etxebizitza eta grabazio estudio bat, beste etxe bat Diman, eta beste bat Zeanurin. Horrez gain, hainbat proiektu ditugu martxan.

Zerk erakartzen du jendea?

Azkenean, isolamendu maila oso handia eskaintzen dugu, eta jendeak energia gastuan aurrezten du. Etxe ekologikoak direlako ere nahi izaten du askok. Gure etxeak termoak bezalakoak dira. Eraikin hermetikoak egiten ditugu, eta isolamendu handia lortzen dugu.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna