Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Kanpaina

Postuari dagokion euskara gaitasunik ez dute Jaurlaritzako langileen %45ek

EAEko administrazio publiko osoa hartuta, langileen %40 pasa daude dagokien hizkuntz eskakizuna bete gabe. Jaurlaritzako postuen %43k ez dute derrigortasun datarik: 3.300 postuk baino gehiagok
LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS

Garikoitz Goikoetxea -

2016ko irailak 14
Gero eta handiagoa da hizkuntza eskakizunen betetze maila administrazioan, baina bost langiletik bik oraindik ez dute beren lanpostuari dagokien euskara maila frogatu. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erakunde publikoetako egoera hori da, aurtengo bertako datuen arabera. Eusko Jaurlaritzaren kasuan, gainera, handixeagoa da ezarritako gaitasunera iritsi ez direnen kopurua: %45ek ez dute beren lanpostuari dagokion hizkuntza eskakizuna lortu oraindik, nahiz eta gobernuan lanean ari. Euskara maila lortzeko derrigortasun data jarria dute Jaurlaritzako postuen %57k, eta horietan handiagoa da betetze maila: bostetik lauk ziurtatua dute dagokien gaitasuna. Hara emaitza: 37.500 behargin ari dira EAEko administrazioetan, eta ia 17.000k ez dute beren lanpostuari dagokion euskara mailarik lortu.

Hizkuntza eskakizunen auzia hizpidera atera du PSE-EEk hauteskunde kanpainaren harira herenegun plazaratutako bideoak. Diskriminatzailetzat jo du sistema. «Inon ez da gertatzen euskaraz ez jakiteagatik sartzen ez uztea. Inon ez, leku batean izan ezik: administrazioan». Idoia Mendia lehendakarigaiak mezu hori zabaldu du bideoaren bidez. «Egoera injustua» dela ohartarazi du, eta agindu du «ezabatu» egingo dutela gobernura iristen badira. «Aukera berdintasuna» aipatu du, elebakarrena eta elebidunena.

Egoera zein den aztertzeko, dokumentu interesgarria plazaratu du oraintsu Eusko Jaurlaritzak. Administrazioan euskararen erabilera normalizatzeko bosgarren plana indarrean dago (2013-2017 artekoa), eta maiatzean aurkeztu zuten planaren orain arteko ebaluazioa. Hor ageri dira langileen hizkuntza gaitasunari buruzko datuak. Jaurlaritzaren zenbakiak begiratzen badira, nabari dira pausoak: derrigortasun indizea %48,5 zuen planak, eta %54,3 beharginek egiaztatua dute maila.

Langileen erdiek baino gehiagok frogatua dute dagokien gaitasuna. «Langile horiek, neurri batean edo bestean, lana euskaraz egiteko gaituta daude, eta, euskararen erabileraren ikuspegitik, une honetan balio eta indar handiko potentziala dagoela esan daiteke». Hori nabarmendu dute ebaluazioan. Baina ohar bat egin dute: «Neurriak hartzen jarraitu beharra dago langileen gaitasunaren arloan. Eta, horrekin batera, langile berrien hautaketa zaindu beharra dago, datozen urteetan erretiratuko diren langileen ordez sartuko diren langile berriak, ahalik eta kasurik gehienetan, hizkuntza eskakizuna egiaztatuta sar daitezen». Belaunaldi aldaketa handia izango da datozen urteetan administrazioan, erretiro asko izango baitira. Gaitasunean jauzi bat emateko aukera eman dezake horrek, elebidunen portzentajea handiagoa baita belaunaldi berrietan. Egoera horretan heldu da PSE-EEren salaketa.

Hamarretik sei, EGA azpitik

Belaunaldi aldaketa horren atarian, badago zer zuzendua oraindik. Bost langiletik bik ez dute eskakizuna lortu. Horietatik gehienek, ia hiru laurdenek, ez dute batere gaitasunik egiaztatu. Bada multzo bat, langileen %9, dagokion maila baino baxuagoa egiaztatu duena. Gutxiengoa dago salbuetsita, adinagatik eta: %5. Interesgarri da, baita ere, langileei zer euskara maila eskatzen dieten: EGArena baino eskakizun txikiagoa dute hamarretik seik. Zehazki, %15ek lehen hizkuntza eskakizuna dute (B1 maila), eta %44k, bigarrena (B2). EGAren parekoa eskatzen diete %33,7ri (C1), eta %8 daude C2 maila bete beharrean. Hain justu, eskakizun maila apalena duten lanpostuetan daude arazorik handienak: B1 maila behar eta ez dute lortu %53k. 2.700 behargin dira gutxieneko horretara iritsi gabe lanean ari direnak.

Derrigortasun data jarria eduki edo ez, handia da aldea. Epea jarria duten postuetan, %80k jada egiaztatua dute euskara gaitasuna; jarri gabe daukatenetan, %24 eskasek. Giltzarri da, beraz, aztertzea zenbat lanpostutan dagoen derrigortasun data ezarria; finean, praktikan zenbat postutan eskatzen duten euskaraz jakitea. EAEko administrazio osoa hartuta, postuen %62k dute derrigortasuna; %38k, ez. Zehazki Jaurlaritza aztertuta, derrigortasuna %57 postuk dute; %43k, ez. Hots, 3.300 lanpostuk ez dute derrigortasunik.

Antzera besteetan: partzuergoetan, %45ek ez daukate derrigortasunik; udaletan, %42k; EHU Euskal Herriko Unibertsitatean, %33k; eta diputazioetan, %30ek.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna