Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Gizartea Gipuzkoako «puntu beltza»

Publizitatea

Gizartea

Gipuzkoako «puntu beltza»

Hogei urte dira Bidasoaldeko Emakumeak koordinakundeak Irungo alardean emakumeek gizonen pare desfila zezatela eskatu zuela. Hogei urte geroago, bi alarde egiten dituzte: publikoa eta parekidea da bat; pribatua da bestea, emakumerik onartzen ez duena.
Alarde parekidearen aldekoakAma Xantalen ermitan,1996ko ekainaren 30ean.
Alarde parekidearen aldekoakAma Xantalen ermitan,1996ko ekainaren 30ean. BERRIA

2016-06-29 / Maialen Unanue

Berdintasuna bizitzaren alor guztietara zabaltzen ari den honetan, puntu beltz bat geldituko da mapan Irun eta Hondarribiaren gainean: hori eragozpena izango da haientzat, baita lotsagarria ere». Txaro Arribasek (Irun, Gipuzkoa, 1955) gazi-gozo hitz egiten du Irungo alardeen etorkizunaz. Izan ere, hogei urte barru, oraindik ere, bi alarde egingo direla uste du. Baina sinetsita dago indartu egingo dela alarde parekidea, hazi: «Bikoitza izango da». Eta, kontrara, gero eta pisu handiagoa hartuko du, alarde pribatuaren kasuan, emakumeak diskriminatzeak. Bihar egingo dute alardea Irunen.

Ez zen osoko bilkura hartan izan, baina Elixabete Rekartek (Irun, Gipuzkoa, 1974) gogoan du nola parte hartu zuen bilera haietan. 1997an atera zen lehenengoz; alarde parekidea babesteko osatu zuten giza hesian egon zen. «Oso gogorra» zen giroa orduan; «denetarik» botatzen zieten alarde parekidean desfilatzen ari zirenei. Gerora, postu desberdinetan atera izan da, eta badira urte batzuk aizkolari gisa atera dena: «Ohituta gaude postu guztiak berdinak izatera emakume eta gizonentzat; beste alardean ez genuke aukera hori izango».

Zorrotz hitz egiten du Arribasek. Hezur-haragitan bizi du alardearen auzia, hasieratik. Duela hogei urte, 1996ko maiatzean, udal arautegia aldatzeko eskatu zuen Bidasoaldeko Emakumeak koordinakundeak osoko bilkuran, emakumeek gizonen pare alardean parte hartzea ahalbidetzeko. Eskutitz bat irakurri zuten egun hartan: parte hartzea ahalbidetzeko eskatzeaz gain, andreek «kezka» adierazi zuten, ez baitzekiten eskaera horrek zer nolako erreakzioak eragingo zituen. Inork ez zuen espero, hogei urte geroago bi alarde egingo zirenik.

Erantzukizunak, garbi

Gatazkaren erantzuleak zein diren garbi dute: udala eta herriko alderdi politikoak. «Erreakzio oso fuertea egon zen hasieran: udala, batez ere PSE-EE eta EAJ, beldurtu egin ziren», azaldu du Arribasek. Emakunderen, Arartekoaren eta Eusko Ikaskuntzaren txostenak zituzten ordurako, guztiak andreek alardean gizonen pare parte hartzearen aldekoak. Baina ez ziren nahikoa izan. «Alderdikeriaz erabili zuten, botoak lortzeko: EAJ hasi zen, eta PSE ez zen atzean gelditu», gogoratu du Rekartek. «Hein handi batean, horrek pozoitu du dena», ebatzi du Arribasek.

Biak bat datoz: Irundik kanpo, auzia ez da ulertzen. «Azken urteetan, beste leku batzuetan, ez da arazorik izan, eta hemen, aldiz, ez gara gai izan honi aurre egiteko». Francisco Buen (PSE-EE) orduko alkatearekin egindako bileretan, sexuagatik diskriminaziorik ez jasateko eskubidea nazioartean aitortua dela gogoratu zioten andreek, Arribasen esanetan: «Hori epaitegiek ebatzi beharko zutela erantzun zigun».

Hala, EAEko Auzitegi Nagusira jo zuten andreek 1997ko urtarrilean. Alardea baino bost egun lehenago, kautelazko neurria kaleratu zuen, andreen aldekoa. Alkateak, ebazpena betetzeko, leku «umiliagarri samarrean» joateko proposatu zien: artilleriaren atzean. «Horrekin amaitzen da desfilea». Baina andreek, eztabaida luze baten ostean, onartu egin zuten: «Bagenekien aldaketak denbora eskatuko zuela egun hori normaltasunez bizi ahal izateko: beraz, onartu egin genuen, lehenengo urratsa izan zitekeelakoan». Alardeko agintariek bilera egin zuten, ebazpen hura bete edo ez bozkatzeko: onartu egin zuten —aldeko hamabost boto, aurkako hamabi—.

Baina erabakia errespetatu beharrean, aurka zeudenak elkartu egin ziren alardearen bezperan, eta ibilbidea aldatzea erabaki. Hurrengo egunean, alarde parekidearen aldekoak, San Juan plazara iristean, bakarrik zeudela konturatu ziren. «Une hori erabakigarria izan zen: udalak momentu horretan esan izan balu hori ez zela posible, emakumeek parte hartu behar zutela nahitaez, ziurrenik gaur ez ginateke ariko honi buruz hitz egiten», azpimarratu du Arribasek.

Legea betearazteko ardura

1998ko urtarrilean iritsi zen auzitegiaren epai irmoa; hori ere, andreek gizonen pare desfilatzearen aldekoa. Udalak onartu egin behar izan zuen, baina ordura arte alardean emakumerik onartzen ez zutenek, udaletik bereizi, eta beste alarde bat egin zuten. «Sektore gogorrenaren aurrean, euren autoritatea baliatu beharrean —horretarako baitira instituzio, halako krisietan legea betearazteko eta oinarrizko eskubideak eta berdintasuna balioan jartzeko—, beldurtu egin ziren».

Jarrera guztiak ez ziren aurkakoak. Alarde parekidean dauden zenbaitek parte hartu zuten bere garaian gizonezkoen alardean. «1997an, haiekin desfilatzen ari zen gizon batek, ibilbidea aldatu zutela jabetu zenean, mantala kendu eta guregana etorri zen. Ileak laztu zizkidan horrek, eta pentsatu nuen: zeinek debekatuko dit niri horrela hunkitzea?», gogoratu du Rekartek.

2001. urtera arte, istiluak istilu, bi alardeak egin ziren. Urte hartan, alarde parekideak proposamen bat egin zion udalari, alarde bakarra egiteko: eurek eurena egiteari utziko zioten, konpainia mistoak onartuko lituzkeen alarde berri bat osatzeko. Beste behin, ez zuten erantzunik jaso. Are, besteek alardea pribatizatu zuten, «andreen debekua blindatzeko».

Bi urtez erantzunik izan gabe, berriz ateratzea erabaki zuten 2003an, eta Jose Antonio Santano alkatearekin (PSE-EE) bildu ziren —karguan da egun ere—: «Amore emateko, horiexek izan ziren haren hitzak». Ordutik ez dira harekin gehiago bildu. «Kargudun publikoek euren erantzukizunak ez betetzea oso larria da», ebatzi du Arribasek. «Alardeen kasua unibertsitatean aztertzen dute; besteak beste, zer gertatzen den halako bidegurutze batean, kargudun publikoek, legea betearazi ordez, beste aldera begiratu, eta mahai azpian gordetzen direnean».

Eskaera lehenengoz egin zutenetik hogei urtera, bere hartan da arazoa. Aldundian, Berdintasun Zuzendaritzatik Bizikidetza eta Giza Eskubideetara pasatu dute auzia. «Bizikidetza arazoak duela hogei urte genituen: diskriminazio arazo oso larria da oraindik ere irauten duena», dio, irmo, Arribasek. Festa ulertzeko bi modu daudela esateak ez ditu asetzen: «Eufemismo bat da». Ez dute gustuko bi alarde egotea, baina hori da andreen parte hartzea ahalbidetzeko modu bakarra. «Aldundiarekin hitz egin nahi dugu; eskatua dugu bilera. Sentsazioa daukat historia berridatzi nahi dutela, eta ez nuke nahi hamar urtera ez gogoratzea bi alarde egitearen arrazoia zein den».

Publizitatea

Sortu kontua
Maialen Unanue Maialen Unanue

Informazio osagarria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak