Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Ekonomia Emakumeak zuzendaritza postuen %35 dira EBn, eta %23 gutxiago jasotzen dute

Publizitatea

Ekonomia

Emakumeak zuzendaritza postuen %35 dira EBn, eta %23 gutxiago jasotzen dute

Azken hamarkadan oso gutxi aldatu da gizon eta andreen proportzioa. CCOOk esan du lanaldi partzialen %78 emakumeek betetzen dituztela
Argazkia: JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS

2017-03-07 / Ivan Santamaria

Ardura postuetan presentzia gutxiago eta ordain txikiagoa dute emakumeek. Enpresen zuzendaritza karguetako gizon eta emakumeen proportzioari erreparatu dio Eurostat estatistika erakundeak, Emakumeen Nazioarteko Egunaren atarian. Azken hamarkadan nahiko egonkor eta ia aldaketarik izan ez duen egoera da, herrialdez herrialde ezberdintasun handiak dauden arren.

Eurostatek lau urtean behin eguneratzen du ordainen egitura aztertzen duen inkesta. Azken emaitzak 2014. urtekoak dira, eta hor islatzen da sexuen arteko aldea. Orotara, zazpi milioi langile daude zuzendaritza karguetan hamar behargin edo gehiago dituzten enpresetan. Horietatik 2,6 milioi dira emakumeak, hirutik bat baino pixka bat gehiago. Zehazki, ardura postuen %35 betetzen dituzte emakumeek. Zortzi urte lehenago, 2006an, emakumeak %33,3 ziren.

Letonia da salbuespena. Zuzendaritza karguen %53 dituzte emakumeek. Egia da proportzioan emakume gehien duen EBko herrialdea dela, baina horrek ez du irudi guztia eskaintzen. Antzeko proportzioa du Lituaniak, esaterako, baina herrialde horretan emakumeen presentzia ardura postuetan hamabi puntu txikiagoa da. Edonola ere, zerrendako seigarrena da Lituania, eta bosgarrena Baltikoko hirugarren errepublika: Estonia. Letoniaren ondoren datoz Bulgaria, Polonia eta Irlanda.

Ardura lan horretan ari diren emakumeek ordain txikiagoa poltsikoratzen dute, halaber. Batez beste, orduko soldata gordina %23,4 txikiagoa da. Beste era batera esanda, gizonezko batek orduko euro bat irabazten duen aldiro emakume batek 77 zentimo eramaten ditu.

Eurostatek azaldu du tarte horrek ez duela esan nahi lanpostu bererako alde hori dagoela, baizik eta faktore sozial eta ekonomikoak egon daitezkeela horren atzean. Ordain txikiagoak dituzten sektore edo lanbide batzuetan emakumeek presentzia handiagoa dute. Haatik, ordainen zuloa orokorragoa baino handiagoa da zuzendarien artean.

Herrialdeka ezberdintasun handiak daude. Ordain tarte txikiagoa dago Errumanian (%5), Eslovenian (%12,4) eta Belgikan (%13,6). Hungarian edo Italian, aldiz, ordainak %33 eskasagoak dira, batez beste. Laurden batetik gorako aldea dago, era berean, Txekiar Errepublikan, Eslovakian, Polonian, Austrian, Alemanian, Portugalen, Estonian eta Erresuma Batuan.

2010. urtean Europako Batzordeak estrategia bat hasi zuen enpresetako administrazio kontseiluetan emakumeen presentzia handitzeko, baina ez du antzeko ekintzarik abiatu zuzendaritza postuekin. Azken datuen arabera, gaur egun kontseiluetako kideen %23 dira emakumeak. Sei urtean bikoiztu da kopuru hori. Hala ere, zuzendari nagusien artean %5 baino ez dira.

Kontratu partzialen %78

Bestalde, EAEko CCOOk emakume langileen egoerari buruzko zenbait datu eskaini ditu. Bereziki adierazgarria da enplegu partzialaren egoera. Lanaldi osorik ez duten langileen %78 emakumeak dira. Horrek soldata eskasagoak, eta, ondorioz, erretirorako kotizazio txikiagoak eragiten ditu. Halaber, aldi baterako tasa %26 da emakumeen artean. Lanpostuen «segregazioa» gertatzen ari dela ohartarazi du sindikatuak. Izan ere, zerbitzuetan langileen %89 emakumeak dira.

Publizitatea

Sortu kontua
Ivan Santamaria Ivan Santamaria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak