Sonia Guerrini. Arkeologoa

«Antzinako Egiptoko sarkofago bat topatzea une hunkigarria izan zen»

Anj ef Jonsu eskribaren momiaren aurkikuntzan parte hartu du arkeologoak, eta aspaldiko amets bat bete du. Idazkera hieroglifikoa ikasten ari da orain Guerrini, eta Egiptora bueltatzeko irrikan dago.
JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS

Juanma Gallego -

2016ko otsailak 21
Txikia zenetik Egipton arkeologo izan nahi zuen Sonia Guerrinik (Bilbo, 1980), eta, iaz, aspaldiko amets hori bete zuen, Amen-Hotep Huy izeneko proiektuan parte hartu baitzuen. Hara heldu eta hamar egunera, XXI. dinastiako sarkofago bat aurkitu zuten, barruan apaiz-eskriba baten momia bat zuena. Urrian izango den hurrengo kanpainan parte hartzeko irrikan dago Guerrini. Esperientzia horren berri eman du Laudioko (Araba) Kultur Etxean izan diren lau hitzaldiren bitartez.

Egiptori buruz hitz egin duzu Laudion. Nolako esperientzia izan da?

Harrera bikaina izan dute hitzaldiok. Laudion izanda, jende gutxi espero genuen, baina aretoa bete egin da, eta jende asko, gainera, hitzaldi guztietara joan da. Mitologiaz, jainkoez eta tenpluez baino gehiago, haien bizitza nolakoa zen kontatu dut. Etxebizitzak, altzairuak edota arropa nolakoak ziren, adibidez. Piramideak ere, noski, jorratu ditugu, baina, batez ere, kulturaz eta eguneroko bizitzaz hitz egin nahi izan dut, hilobiak abiapuntu hartuta.

Euskal Herrian ere indusketa anitzetan parte hartu izan duzu, baina, seguruenera, esperientzia ezberdina izango da...

Bai, guztiz. Urduñako gaztetxean indusketa bat egin nuen, eta Berrizen, Gernikan, Durangon... Uztailean, Laudioko Santa Luzia baselizan lan egingo dut, iaz oso gauza interesgarriak azaldu baitziren han. Baina Egipton induskatzen duzunean, palatxoa lurrean sartu bezain laster, objektu pila bat ateratzen dira. Kakalardoak, kutunak, ushebtiak —hilobietan sartzen zituzten iruditxoak dira—... Hala ere, arkeologia ez da soilik altxorrak topatzea. Apala dirudien edozein objektuk informazio pila bat eman dezake, urrezko kakalardo batek baino askoz ere gehiago.

Nola sortu zen Egiptora joateko aukera?

Aspalditik nenbilen horrelako espedizio batean parte hartu nahian. Gure familiakoek diotenez, 2 urte baino ez nituela Egiptorekiko obsesioa neukan. Iaz, ordenagailu eramangarriaren aurrean jarri, eta Madrilgo Antzineko Egiptoko Ikasketa Institutuarekin kontaktuan jarri nintzen. Amen-Hotep Huy bisirra proiektua izeneko indusketa kanpaina egiten dute urtero Luxorren, eta laguntzaileen bila ari ziren. 2.000 lagun inguru aurkeztu ziren, eta hamabi pertsona aukeratu zituzten espediziorako; bat ni nintzen. Iazko azaroaren 7tik abenduaren 19ra bitartean izan nintzen, hilabete eta erdi.

Eta indusketan sorpresa izan zen...

Bai, erdi txantxetan, sarkofago berri bat topatu behar zela genioen. 2014an, Amon jainkoaren kantaria deritzon sarkofagoa topatu zuten, eta 2015ean beste bat azalduko zelako esperantza genuen. Eta hala izan zen. Lehenik, lurrean zulo bat azaldu zen, eta, gero, harri zabal bat. Gerora, sei lauza agertu ziren, baina ordurako argi genuen hor hilobi bat zegoela. Izugarrizko unea izan zen. Harri guztiak altxatu eta gero, polikromia izugarria zuen sarkofagoa agertu zen, duela 3.000 urte lurperatu zutenetik ukitu gabea. Konturatu nintzenerako negarrez ari nintzen, eta, hain handia izan zen hunkidura, aurpegiko maskara kendu behar izan nuela. Poz konpartitua izan zen lantaldean, besarkadak eta zorionak han-hemenka.

Norena izan zen ba sarkofago hori?

XXI. dinastian Karnakeko tenpluan aritzen zen apaiz-eskriba batena izan zen, Kristo aurreko 900. urte ingurukoa. Hura atera eta gutxira jakin genuen hori, proiektuko zuzendarietako batek berehala irakurri zituelako sarkofagoan bertan idatzitakoak: izena eta kargua. Atera bezain laster, gure lantaldeko zaharberritzaileak lanean hasi ziren; bestela, hezetasun desberdinarekin berehala sortzen baitira arrakalak. Ohikoa denez, Antigoaleko Gauzen ministroaren aurrean ireki zen sarkofagoa, eta barruan eskriba horren momia zegoela ikusi zen.

Tutankamonen hilobian beste areto bat egon daitekeela zabaldu da, eta piramideak ere eskaneatzen ari dira barruan areto gehiago topatzeko asmoz. Noraino dira horiek turismoa berpizteko zurrumurruak, eta noraino egia?

Tutankamonen hilobian beste areto bat dago, hor ez dago zalantzarik. Gu egon ginenean, japoniarrak aritu ziren hori eskaneatzen. Hormaren erliebean, hor zer edo zer dagoela ikusten da, baina ez dut uste Nefertitiren hilobia izango denik. Beste nonbaiten egongo da seguruenera, baina hori ez da berez dagokion tokia. Nire ustez piramideek oraindik sorpresa asko emango dituzte. Gero eta baliabide hobeak daude, eta, pikotxa eta pala baino gehiago, puntako teknologia erabiltzen da orain. Egiptologoen artean, gutxienez, ez dago aurkikuntza izugarri bat egongo dela adierazten duen giro berezirik. Hori ez dago jakiterik, arkeologian inoiz ez dakizulako noiz agertuko den kontu harrigarriren bat, eskaner baten bidez ez bada, bederen. Baina Egipton mende askorako lana dute arkeologoek.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna